Natalia Salazar Orbe
Hala erabakita ama bakarrak direnen eta haien umeen errealitatea ezagutarazi eta ulertarazteko Rihnaren taupada ipuina idatzi du Bea Ibañez Olabarriak (Orozko, 1979). Lana ekoizteko finantzaketa kanpaina abiatu zuen, eta aurreikusitakoa baino arrakasta handiagoa izan du. Verkami plataforman eskura daiteke, hilaren 16ra arte. Laster Urduñako Mahor liburu dendan erosi ahalko da. Arabako batzuetan ere izango da.
Erditu zinenetik argi izan zenuen alabari azaldu behar zeniola zer-nola sortu zen. Zergatik sentitu zenuen behar hori?
Haurdun geratzeko prozesua abiatzea erabaki eta berehala hasi nintzen pentsatzen zer-nola azalduko nion. Nire amak ere galdetzen zidan: “Eta zer-nola azalduko diozu umeari? Zer-nola hartuko du?”. Bestalde, gure elkarteko [ama bakarrak izatea erabaki dutenen Madres Solteras por Eleccion elkartea] amen seme-alabaren baten kasuaren berri izan nuen. Eskolara joan eta ikaskideek esaten zioten ez zela posible aitarik ez izatea. Azkenean, asmatu zuen bere aita hil egin zela, bakean utz zezaten. Nik ez nuen nahi nire alabari horrelakorik gertatzerik. Erremintak eman nahi dizkiot, eta hasieratik oso ondo azaldu, egiten dizkioten galderentzako erantzunak izan ditzan.
Ama bakarren familietako umeak oraindik deseroso senti daitezke aitarik ez dutela azaldu behar dutenean?
Haurdun geratu nintzenean, lehengusinari kontatu nion, eta esan zidan: “Ez nekien mutil-laguna zenuenik”. “Ez daukat”, erantzun nion. Egoera pixka bat arraroa bazela esan nion neure buruari. Norberak ere landu behar du bere buruari zer-nola azaldu. Berria zen niretzat. Nahiko nuke nobedadea ez izatea, ez dadin egon errealitate hau azaltzeko beharrik. Beste edozein aukera bezalakoa izan dadila.
Gizartean zer lan dago oraindik egiteko? Eta nori dagokio familia ereduen aniztasuna modu naturalean gizarteratzea?
Hezkuntza arloan ari naiz lanean. Etxera bidali beharreko informazioa jasotzen dugu, eta sarri aita eta amei idazten zaizkie oharrak. Familia erabili beharko litzateke aita eta ama berben ordez. Gainera, gure ikastetxean baditugu adingabeentzako zentro batean bizi diren umeak. Era horretako kontuek baztertuta sentiaraz ditzakete. Edo tratu txarrak ematen dizkion aita bat duen baten gelan aita marraztea proposatzea. Ume horrek, agian, ez du gogorik izango aita marrazteko. Ez dut uste nahita egiten den zerbait denik; ez dut uste hori egiten dutenak konturatzen direnik zer kalte egin dezaketen. Baina adin horietan umeak oso zaurgarriak dira. Eta beharrezkoa da familia eredu guztiak kontuan hartzea. Denak parte sentitzeko, familia berba erabili beharko litzateke.
Besteak beste, ama bakarreko familia ereduari begirada sistemikoa eskaintzea du helburu zure lanak. Zer esan nahi du horrek, zehazki?
Begirada sistemikoa da osotasunean begiratzea denari. Esaterako, eskolan umea baino ez dugu ikusten. Begiratu beharko genioke osotasunean: nondik datorren, familia, ingurua… Dena kontuan hartu beharko genuke. Ume bat ikusten duzunean, haren atzean dagoen guztiari begiratzea da. Informazio hori oso garrantzitsua da harekin konfiantzazko harremana izateko. Hori hezkuntzaren arloari dagokionez, baina orokorrean aplika daiteke. Askotan ez dugu kontuan izaten zerbaiten inguruan dagoen guztia. Eta ahalik eta argiena hitz egiteko ere aipatzen nuen ikuspegi sistemikoa. Ez dadin egon sekreturik. Ipuinean gauza bakoitzak badu bere sinbologia, eta, esaterako, enbrioiak agertzen dira poto batean, irudietako batean. Horrekin, alabari kontatu nahi nion gogorra izan zela prozesua, eta saiakera asko egon zirela bera etorri aurretik. Ez nion ezer ezkutatu nahi izan.
Arlo honetan ba al dago lan askorik eta umeek ulertzeko moduan idatzitakorik?
Materiala egon badago. Batez ere, erdaraz. Cloe quiere ser mamá ezagutzen dut nik. Ideia antzekoa da. Baina horretan, haziak modu magikoan ateratzen dira. Izar bat ikusten du protagonistak, eta ama izateko desioa eskatzen dio. Hurrengo goizean poto batean agertzen dira haziak. Eta horrekin emakumea medikuarengana joaten da, eta hark haurdun geratzen laguntzen dio. Niretzat, oso garrantzitsua zen esperma emailearen figura presente egotea. Nire ipuinean, orka aita moduan ageri da. Aita ere ez da, horretan eztabaida handia dago, zeren aita egunero hor dagoen pertsona da.
Zuk zergatik eman nahi izan diozu garrantzia hazia eman duen gizonari?
Nire alabari begiratu, eta zoragarria dela pentsatzen dut. Erdia nirea da, baina beste erdia nik ezagutzen ez dudan pertsona batena da. Oso eskertuta nago. Emaileari eskertzeko nahia dago atzean. Emaileari buruz gutxi hitz egin da, sarri deserosoa da, gainera. Alabak oraindik ez dit galdetu, baina iritsiko da eguna zer-nolakoa zen galdetuko didana. Nik ez dut ezagutzen, baina alabari esango diot, bera ikusita, zoragarria izan behar duela esango nukeela. Hala ere, ez dakigu.
Figura horrek garrantzia du, baina beste pertsonaia guztiak ere ez daude edonola aukeratuta. Zer lan dute horiek prozesuan?
Sinbolismo handia dago pertsonaien atzean. Amandre olagarroa zientzia moduan aurkeztu dut. Zientzia da aukera ematen diguna ama beste era batera izateko. Jakintsua da, zaharra… Izurde txikiak ilusioa irudikatzen du: hasieran duzun ilusioa ama izango zarelako. Ama bakarra izateko erabakia hartu eta intseminazioaren lehen saiakera egitera joan nintzenean, ez nuen uste hain zaila izango zenik. Ia urtebete behar izan nuen. Esfortzu ekonomiko handia izan zen, eta psikologikoki, oso gogorra: ondo ateratzen ez zen saiakera bakoitzarekin dolua pasatu behar nuen. Izurdeak ilusio hori irudikatzen du. Lehen binetetan bakarrik agertzen da, zeren prozesu mingarria ere badago haurdun geratu aurreko denboraldian. Bestalde, Rihna orkak hiru kolore dauzka buztanean, eta orka aitak, lau. Ez da ikusten, baina orka txikia jaiotzean, ostadarra du, bien artean ostadarra sortzen dutelako. Horren bidez azaldu nahi nion alabari nire erdia duela, baina ezagutzen ez dugun beste zati bat ere badagoela.
Proiektua finantzatzeko kanpaina jarri zenuen abian. Lortu duzu behar zenuen diru guztia?
Nire helburua zen 5.000 eurora heltzea, eta 6.000ko langa pasatu dugu. 200 ale saldu dira jada.
Espero zenuen?
Ez. Aterako ez zen beldur nintzen. Energia eta diru pila inbertitu dut proiektuan. Ezagunek izan ezik, beste inork ez zidala erosiko pentsatu nuen. Verkami webgunearen bidez egin dut mikrofinantzaketa kanpaina, eta jendea sarri ez da halakoez fidatzen.
Norentzat idatzita dago liburua?
Familientzat eta umeentzat.