Peru Azpillaga Diez
Ibaizabal ibaiari itsatsita, sigi-saga, mendialderantz egiten du Abusuk, Bilbon. Hiritik atera, eta beste herri batera heldu zarela pentsarazten duten auzo horietakoa da, periferiako beste toki batzuetan gertatzen den bezala. Kasu honetan, ordea, horixe da errealitatea; izan ere, Bilboren eta Arrigorriagaren arteko muga ere zehazten du. Zehazki, Abusurekin elkarbizitza egiten duten Ollargan, Santa Isabel eta Olatzu auzoak, Arrigorriaga dira. Hortaz, Abusu kaletik zuzen jarraitu, eta La Peñako tren geltokia eta Abusuko eskola atzean utzita ageri den biribilguneak bi udalerrien arteko muga ezartzen du.
Hesirik gabeko muga da, baina azken asteetan auzoa erdibitu duena. Izan ere, urtarrilaren 22an udalerrien arteko joan-etorria murrizten duen Eusko Jaurlaritzaren dekretua ezarri zenetik, auzokideek orain arte existitu ez den harresi batekin egin dute topo. Dekretua betetzeko intentzioz, Bilboko Udaltzaingoak eta Ertzaintzak hiriaren mugetan ezarritako kontrolak Abusun ere egiten ditu. “Oso arrotza izan zen, ez genuen ulertzen. Batez ere, Arrigorriagako aldean bizi direnei egin die kalte; bat-batean, legez kanpoko bilakatu dira euren auzoan bertan”, salatu du Raquel Revueltak, Bilboko aldean bizi baita. “Orain, gauza lasaitu da pixka bat, eta, noski, legearekin batera, legea hausteko trikimailuak ere sortzen dira, baina oso egoera deserosoa da”, erantsi du. “Beharrizanean oinarritutako trikimailuak dira, ordea”, zehaztu du harekin batera dagoenak: Rosana Rodriguezek.
“Eguneroko erosketak egiteko, harategian edo fruta dendan, Arrigorriagako erdigunera joateko esan diete beste aldekoei. Ez dago nondik hartu. Trenez joan behar dute, eta, hemen, kale bat gurutzatuta Bilboko aldean denetarik dute”, dio Rodriguezek. “Argi dago legeak helburu bat duela, eta badakigu zaila dela toki guztietako berezitasunak kontuan hartzea, baina gutxienez entzun egin beharko gintuzkete”.
Bat etorri da mugaren Arrigorriagako aldean bizi den bat: Oiakue Azpiri. “Ez dugu alternatibarik egunerokoan. Arrigorriagako aldean bizi garen Abusuko bizilagunok muga halabeharrez igaro behar dugu: bestaldean daude komertzioak, medikua, eskola…”, kexatu da. “Horren ordez, Arrigorriagara joateko esaten digute… Arrigorriagaren parte izan arren, ez gara inoiz hara joaten, hemen egiten dugu guk bizitza. Ez dauka zentzurik: gure errealitatea kontuan izan gabe ezarri dute dekretua”.
Bidaia
Auzokideek ez dute ulertzen zergatik ezarri dituzten kontrolak muga horretan. Arrigorriaga “oso urrun” geratzen zaiela esan du Azpirik. “Trena da bertara joateko dugun garraio publiko bakarra; autoz joatekotan, gainera, halabeharrez zeharkatu behar dugu Bilbo. Osasun irizpideei lotuz ere, arriskutsuagoa da: egin behar dugun bidaiagatik, baina baita normalean egoten ez garen toki batera bidaltzen gaituztelako ere”. Hala uste du Revueltak ere: “Kontraesana da: legea birusa ez hedatzeko egin dute, baina hemen kontrako efektua du. Deusturaino joan ahal gara, baina ezin dugu kalea gurutzatu? Zer zentzu du horrek?”.
Lehen egunetako egoera baretu egin dela dirudi, eta, orain, kontrolak, batez ere, autoei egiten dizkiete, ez oinezkoei. Martitzen goizean, esaterako, Bilboko Udaltzaingoaren hiru patruila zeuden biribilgunea pasatuta, ibai albotik Bilborantz doan errepidean; autoak ausaz geratzen zituzten. Badirudi Poliziaren jardunak ez duela auzoan dabiltzan bizilagunen bizitza oztopatzen. Hala ere, oraindik herritar asko gelditu egiten dira polizia kontrolari begira eta eguneroko elkarrizketetan ere gaia pil-pilean dagoela sumatu daiteke: “Daukagun hizpide bakarra da”, esan du Revueltak.
Rodriguezek martitzen goizeko gertaera bat salatu du: “Ikastola alboan Ertzaintza egon da, armekin, auzokideak gelditzen; erabat lekuz kanpo zegoen”. Hirurek esan dute auzoan “beldurra” hedatu dela, eta asko ez direla muga gurutzatzera arriskatzen. “Erosketa xume bat egiteko arriskatu behar zara, eta jende asko ez dago horretarako prest”, azaldu du Rodriguezek.
Konponbidea, urrun
Idoia Molina Arrigorriagako zinegotzia da, eta Abusun bizi da. “Urtarrilaren 22an kontrolak jartzen hasi ziren, eta geroztik kexa andana heldu zaizkigu”, dio. “Hemen bizitza egiten duten auzokideak ez dira inoiz Arrigorriaga joaten, Bilboko aldean dagoen komertzioetan kontsumitzen dute. Praktikan inoiz ez dira bi alde egon, hau auzo bakarra da”.
“Jendea harrituta zegoen, eta ez zuten ulertzen nolatan ezin duten auzoaren eguneroko bizitzarekin jarraitu; are gutxiago, zergatik bidaltzen dituzten edozein erosketa egiteko bere etxetik zazpi kilometrora dagoen toki batera”. Horregatik, Molina Bilboko Udalarekin harremanetan jarri zen. “Azaldu ziguten oinarrizko gauzetarako bagenuela gurutzatzeko baimena, baina erosketak egiteko Arrigorriagara joan beharra genuela, dekretuan hala agintzen delako”. Arrigorriagako Udaltzaingoa ere Bilbokoarekin jarri zen harremanetan, eta egoera ulertzen zutela azaldu arren, aginduak betetzen zituztela argudiatu zuten Bilbokoek.
Arrigorriagako Udaleko osoko bilkurak mozio bat onartu du aho batez. “Jaurlaritzari eskatu diogu hurrengo dekretuetan kontuan hartzeko ezaugarri bereziak dituzten eremu mugakideen errealitatea, horrelakorik berriro gerta ez dadin”, esan du Molinak.