Landareak, porlanari eusteko

Landareak, porlanari eusteko

Natalia Salazar Orbe

Txarrota urtegia 1960ko hamarkadaren hasieran eraiki zuten, Zaratamoko Arkotxa auzoko bizilagunak eta eremua urez hornitzeko. Bi hamarkada geroago, Bilboko Ur Partzuergoaren hoditeriak eraman zuen ura auzora. Urtegiaren funtzio nagusia desagertu zen orduan, eta aisialdira bideratutako eremu bezala erabili zuten zenbait urtez, arrantza eskola eta guzti. Handik gutxira, Espainiako Ingurumen Ministerioak urtegiek bete beharreko segurtasun neurriak zorroztu zituen, eta Zaratamoko Udalak Txarrotakoarekin zer egin erabaki behar izan zuen. Urtegiari ura pilatzeko gaitasuna kentzea, presa mantentzea eta ingurua lehengoratzea proposatzen zuen proiektuak irabazi zuen udalak deitu zuen lehiaketa publikoa. 2016an abiatu zuten proiektua loratu da orain. Leku batzuetan, landareak erabili dituzte lurrari eta porlanari eusteko, bioingeniaritza teknikaren bitartez.

Sangalli Coronel Asociados ingeniaritza eta paisaia estudioko Paola Sangalli biologoa kide duen taldea aritu da lan horretan. Sangallik eremuan egindako aldaketak kontatu ditu. Horretarako, historian atzera egin du, eta azaldu du zergatik zen hain garrantzitsua eremua egokitzea. “1990eko hamarkadan, presak sailkatzen hasi ziren”, esan du. “Txarrotakoak bezala A kategoria zuten presek segurtasun protokoloak bete behar zituztela ebatzi zuten. Kategoria horretako segurtasun protokoloak betetzeko mantenu lanak egin behar dira urte osoan, eta instalazio batzuk behar dira”. Esako urtegiaren (Nafarroa) kategoria bera zuen Zaratamokoak. Urtegiek izan dezaketen arriskuaren arabera dute izendapen bat edo beste: “Presa hautsiko balitz, ingurumenean eta gizakiei sor liezazkien kalteak eta kalte materialak neurtzen dira”.

Arkotxa auzoan egin zuten urtegiak bi ubidetatik jasotzen zuen auzoa hornitzeko ura. 72 metroko luzera eta 15 metroko altuera ditu presak. 0,1 hektometro kubikoko edukiera zuen, eta 2.000 metro koadroko azalera. “Ez zuen ur kopuru handia metatzen, baina, presa apurtuko balitz, urak auzoa beteko zukeen, eta trenbideraino iritsiko zen. Kalteak handiak izango ziren. Kontuan hartu behar da auzoa presa honen arroan sartuta dagoela”.

Zaratamoko Udalak urtegia eta haren egitura aztertu, eta hainbat aukera jasotzen dituen txosten bat eskatu zuen. Aukeretako bat zen A kategoriadun presa gisa uztea, eta beharrezko mantenu lan guztiak egitea, nahiz eta zerbitzurik ez eman. Bigarrena, A kategoriatik C kategoriara igarotzea zen. Horrek ere bete beharreko zenbait neurri eskatzen zituen; gutxiago, baina behar zituen. “Arrisku maila jaitsiko zukeen”. Azkenik, presa botatzeko aukera zegoen.

Sangalliren taldea lehian sartu zen. “Lekua aztertuta, ikusi genuen presa apurtu egin zela eta ura galtzen ari zela”. Argi ikusi zuten zer proposamen egin behar zuten: “Presak berak inguruko lurrei eusten laguntzen du. Magalak ez dira oso egonkorrak. Erabaki genuen urtegiaren arazoa bertan meta zitekeen ura bazen, presa zerbitzutik kanpo jarriko zuen aukera bat gauzatu behar genuela”. Ura metatzeko aukerarik izango ez duen presaren proiektuarekin irabazi zuten lehiaketa.

TXARROTA URTEGIA

Teknikak

Egituraz gain, eremuko landareak eta fauna berreskuratzeko proiektu bat gauzatu dute. Bioingeniaritza teknikak ere erabili zituzten, besteak beste, urtegira arteko bidea egiteko makina handiak sartu behar izan zituzten eremuetako lurrei eusteko. “Bioingeniaritzak landareek lurra egonkortzeko duten gaitasuna erabiltzen du. Eraikuntza elementu gisa erabiltzen dugu. Batzuetan, landareak bakarrik erabiltzen dira. Beste batzuetan, berriz, beharrezkoa izaten da beste elementu batzuen laguntza ere. Esaterako, oso malda handiak daudenean edo ibaiak oso abiadura azkarra dakarrenean, zura erabiltzen dugu, landareen sustraiak egonkortu daitezen eta euren lana bete dezaten. Batzuetan baita burdina edo harriak ere, beste teknika batzuekin. Hala ere, batik bat, zura erabiltzen dugu. Material horrekin osatutako egiturak landareak ondo sustraitzea ahalbidetzen du. Gero zura usteldu egiten da, eta landareari transmititzen dio lurrari eusteko funtzio hori”.

Hori bakarrik ez. Hainbat espezie berreskuratu dituzte: besteak beste, hurritzak, zuhandorrak, haltzak, sahatsak, urkiak eta elorri zuriak landatu dituzte. Bestalde, apo arruntak, txantxikuak eta igel berde eta gorrixkak ere daude bertan. “Animalien ongizatera begira hainbat neurri hartu ditugu. Alde hidraulikoa eta ingeniaritza arlokoa aseko zituen proiektua izateaz gain, eremua berreskuratzeko har genitzakeen neurri guztiak gauzatzen saiatu gara”.

Orain, arroa berreskuratzea jarri dute helburutzat. “Oso garrantzitsua iruditzen zaigu arro hori floraren aldetik egonkorra izatea”. Gogoratu du baso ustiapenetan ohikoa izaten dela matarrasa egitea. “Orubea babesgabe geratzen da. Egoera horretan euriak arrastaka eraman dezake lurra. Ezin dugu utzi sedimentu asko heltzerik presara. Garrantzitsua da”. Hori dela eta, goialdean dauden lursailak erosteko negoziazioetan ari dira. “Etorkizunean arazoak egotea ekidin nahi dugu. Bertako flora egonkorra landatu gura dugu”.

TXARROTA URTEGIA

Basoen kudeaketa

Zaratamoko eredu horretatik abiatuta, basoen kudeaketa orokorrari buruzko irakurketa egin du Sangallik: “Pinudien izurritea zorigaitza izan da, baina haren kudeaketa are zorigaitza handiagoa izan da. Ezin da horrela jarraitu”. Azaldu du kontuan izan behar dela landareek eta horien sustraiek heltzen diotela lurrari. “Xingola marroiarekin hondamena izan da. Landaredi asko kendu da, eta euri jasak daudenean luizi asko gertatzen dira”.

Pinuen ordez eukaliptoak jartzeko joera kritikatu du. “Kudeaketak ezin du horrelakoa izan. Oso gutxi irabazten da, eta gehiegi galdu. Jabeei kudeaketa mota hori aldatzeagatik ordainduko nieke. Laguntza gehiago emango nioke bertako basoak landatzearen aldeko hautua egiten duenari. Kalteak izugarriak dira”. Gogora ekarri du Galizian duela 35 urte inguru hasi zirela eukaliptoak landatzen, eta, ondorioz, azken urteetan suteak izan direla. “Eukaliptoak ur asko xurgatzen du, eta lurra lehortu. Ez du uzten azpian espezie askorik hazten. Jakina da lurra agortzen duela”.