Estali ezin denaz

Bihar urtebete Zaldibarko zabortegiaren ezbeharretik. 2020ko otsailaren 6an hasi zen mendiz mozorrotutako zabortegia goitik behera erortzen, eta, ordutik, ez dio jausteari utzi. Erori dira lanean hildakoak, gezurrak, errua ezkutatzeko estrategiarik makurrenak, diskurtso hutsak, trajedunen argazkiak, etxekoen mina, ingurukoen amorrua, elkartasun uholdea… Oraindik ere gertatutakoa argitzeke dago, gorpuetako bat aurkitzeke, ardurak eta erantzukizunak banatzeke, berriz halakorik gerta ez dadin egin behar ez zuketenaz hitz egin behar luketen horien damua entzuteke…

Urtebetean gauza asko pasatu da harrezkero, eta komunikabideek zer esango pasatu dugu nahi baino denbora gehiago. Dena delako gertakariak eragindako krisi politikoa edonon gertatuta ere, komunikabideen aurrean antzezten da beti. Bakoitza berearen defentsan hasten da, eta, defendatu beharraren defendatu beharraz, eztabaidaren helburua lausotu egiten da. Berdin da zer, norbera eta norbereak salbatzea bihurtzen da lehentasun. Eta eztabaidaren gaia ertzen batean gelditzen da, itsaso zakarrak alderik alde darabiltzan zuhaitz adar eta kortxo zati kolpatuen antzera; harik eta, hurrengo oldarraldi batek berriz astintzen dituen arte. Eta joan-etorrian dabilen auzia desegiten den bitartean, ozen entzuten da bataren eta bestearen iritzien orroa.

Inauteriak garai aproposa izan ohi dira beti salaketa sozialerako, lotsatzen gaituena azaleratzeko edota pil-pilean dauden gaiei umorez heltzeko. Aurten, baina, ez ditugu ikusiko gure herrietako kaleak kolorez eta jendez beteta. Beharbada, izango da launaka mozorrotzeko aukerari helduko dionik edota balkoiak dekoratzeko erabakia hartuko duenik. Aurtengoak ohiko inauteriak balira, izango litzateke zer jantzi eta zer kontatu. Karroza bat pasatuko litzateke Wuhango azoka balitz legez dekoratua, hamar begidun eta aurpegi maltzurdun zomorro bat erreginatzat lukeena. Haren ondotik, ospitale baten itxura duen karroza handi bat imajinatzen dut desfilean, batzuk txertoa hartzeko ilara egiten, eta beste batzuk txertoa hartu eta lagunak txerto erronda batera gonbidatzen.

Inauterietan beti izaten da norberari sekula otuko ez litzaiokeen mozorro hori edo ideia hori ikusteko aukera. Kalean nekez ikusten diren emakumez mozorrotzen diren gizonak ere ez lirateke faltako, beraien titietako globo eta ileorde luzeekin. Ustez emakumeei barrez, ustez beraien buruez harro; eta benetan zeinen nabarmen, zeinen gartsu, zeinen gogoz beraien buruei onartzen ez dieten ukapen horri bide emateko… Kale berdintsuetan elkartuko ginateke beste kulturez ezer jakin ez eta gutaz horrela inor mozorrotzerik nahiko ez genukeenok: indioak, mexikarrak, ijitoak…

Garai ederrak dira inauteriak mozorroez hitz egiteko; zer garen eta zer dirudigun. Mozorrotzea estaltzea da, baina baita nabarmentzea ere. Estali daiteke gertatutakoa oihal beltzez, suminduraz, besteei errua botaz, norbere burua zurituz, atentzioa beste ertz batean jarriz… Baina ez dezagun ahatz estaltzeko egindako eginahalek azpian zer ezkutatzen den ikusteko gogo handiagoa pizten digutela.