Naturaz gozatzeko ate berriak

Naturaz gozatzeko ate berriak

Maialen Arteaga

Naturako paisaiez baliatuz, emozioak landu. Horixe egiten du Zintzilik Emozioen Laborategiak. Aurreko urtean hasi zen proiektua gorpuzten, Xabier Amorrortu elorriarraren eskutik. Gerora, beste hainbat kide, mendizale eta kirolzale bildu dira: “Naturarekin lanean urte pila bat daraman komunitate txiki bat gara, eta, proiektuak egiteko orduan, inguruko mendi gidari askorekin elkartzen gara”, azaldu du Amorrortuk.

Txangoak antolatzeaz harago, bizi ulerkera oso bat aldatzeko asmoa dute: “Bizi filosofia oso bat zabaltzeko helburuarekin sortu da proiektu hau, etengabe hazten ahalegintzeko asmoz. Naturak oparitzen dizkigun egoera eta paisaiekin konektatzeko eta orduan sortzen diren emozioei lekua emateko esparrua da”, argitu du Amorrortuk. Izan ere, naturaz inguratuta egoteko “zortea” izan du, bai lagunarteagatik, bai Durangaldeko inguru fisikoagatik. Arroiletan, mendietan, haitzuloetan eta beste hainbat lekutan eskalatu eta zintzilikatzeko aukera izan du: “Laborategiak edonon munta daitezke”, esan du, baikor. Horrela, naturarekin harremantzeko aukera eskaini nahi diete herritarrei: “Mendiarekin harremana daukan norbait ezagutzen ez baduzu, ate hauek zabaltzea ez da erraza izaten. Praktikatzen ditugun ekintza berezi hauek elkarbanatu nahi dugu, eta jendeari ate eder hau zabaldu”.

Antolatzen dituzten irteeretan hainbat harreman eta sentimendu azaleratzen direla esan du: “Zintzilikatzeko momentuaren kontzientzia landu, eta bakoitzak bere buruarekin duen harremanari garrantzi osoa ematen diogu. Norbere buruarekiko harreman horretan, beldurrak, konfiantza, ahalduntzea, nahiak, pasaiarekin enpatizatzea, taldearekiko harremana…; gauza asko lantzen dira”. Baina zergatik horren guztiaren laborategia? “Emozio eta harreman horiek lantzeko dauden leku aproposenetako bat delako deitu diogu horrela”, erantzun du proiektuaren sortzaileak. “Beti sentitu izan dugu horrela, baina orain bitartekoak eskaini nahi izan ditugu”.

Osasuna, gozamenerako

Helburua gauzatu eta irteerak egin ahal izateko, mugitzea behar dute, ordea. Itxialdiak eta haren osteko mugikortasun mugak proiektuaren jarduna guztiz baldintzatu dutela esan du Amorrortuk: “Pandemiak gure eginkizunaren jarduna guztiz oztopatu du, lehen normaltzat jotzen genituen udaleku, ekitaldi eta irteerak bertan behera gelditu direlako”. Paradoxikoa dirudien arren, bertan behera gelditu diren ekintza horiek premiazkoak direla ikusi dela iruditzen zaio: “Orain gizarteko beharrizan garbi bat gara”. Beharrizan fisiko eta psikologikoa: “Egoera honek lan karga handia eman dio psikologo pila bati. Natura estres eta gaixotasun asko lantzeko aukera ederra dela ikusi da, eta orain beste betaurreko batzuekin ikusten dituzte gurea bezalako proiektuak”.

Gozamena eta osasuna. Bi balio horiek dira proiektuaren zutabe; biak nola lotzen diren eta elkar nola elikatzen duten ikusi nahi dute Zintzilik Emozioen Laborategian: “Natura, bizitza eta norbera. Oreka horretan bidelagun izango gara”, dio Amorrortuk.

Abenturak

Maila askotako abenturak antolatzen dituzte, eskaintza hartzailearengana egokituz: “Edonorentzako proiektua da: naturarekin eta gorputzarekin konektatu nahi duen norbanakoarentzat, edota talde gisa egonkortu nahi duten familientzat. Maila guztietako aukerak daudenez, edonork egin dezake terapia apur bat, eta apur horrek bizitzaren inguruko perspektiba aldatzeko balio dezake”.

Etorkizuna ez du argi ikusten Amorrortuk. Ziur dakien bakarra da gozamena aldarrikatzen jarraituko dutela: “Bizipoza bilatu, eta bizitzeko grinarekin biziko gara”.