Euskaraz ikasi nahi dute

Euskaraz ikasi nahi dute

N. S. O.

Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak asteon esan du D eredua oso emaitza onak ematen ari dela, eta ez lukeela ukituko. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hamar ikasletik zortzik eredu horretan ikasten dute, sailburuak emandako datuen arabera. Aukera hori nahi dute Bilboko Otxarkoaga auzoko familiek ere. Auzo horretako umeek ezin dute ikasi B edo D ereduetan. Amuge EAEko emakume ijitoen elkarteak kezka agertu du, eta auzoko familiei dei egin die seme-alabak D ereduan matrikulatzeko. Gogora ekarri dute eurena dela A eredua besterik eskaintzen ez duen Bilboko auzo bakarra.

Guztira 344 ikastetxe daude Bizkaian. Ia 290etan eskaintzen dute D eredua, baina, horietako batzuetan, ikasturte jakin batzuetan besterik ez. Esaterako, batzuetan, 5 urtera arte bakarrik ikas dezakete eredu horretan; edo LH 1, 3, 4 edo 5era arte; edo DBH 1era arte. Kasu horietan, euskaraz ikasten dituzte irakasgai guztiak, gaztelaniazko —eta ingelesezko— eskolak izan ezik.

Ia 350 ikastetxetatik zazpitan A eredua besterik ez dago. Horietan, gazteleraz egiten dute irakaskuntza prozesu osoa, euskarazko irakasgaian izan ezik. Zazpi horietatik Lehen Hezkuntzako bi Otxarkoagan kokatuta daudela salatu du Amuge elkarteko lehendakariorde Tamara Claveriak —gainerakoak Ermuan eta Getxon daude; eta DBHko bat, Bilbon, Txurdinagan—. Claveriaren ustez, Lehen Hezkuntzan A eredua duen Bilboko auzo bakarra Otxarkoaga izateko hiru arrazoi egon daitezke: “Baliteke bertako irakasleek ez izatea beharrezko profil linguistikoa. Beste arrazoi bat izan daiteke familien eskaririk egon ez izana. Eta beste bat, interes falta”.

Bilboko Udalaren azken inkesta soziolinguistikoari aipamen eginez, Claveriak dio Otxarkoagan familia ijito kopuru handia dagoela, eta etxeetako %1,23tan soilik egiten dutela euskaraz. Egoera hori irauli beharraz konturatu dira auzokideak. “Amuge elkartearekin lanean ari diren emakume eta gizonen aldetik jaio da eskaera. Haiek ere euskara ikasi nahi dute. Familiek eskatu dute”.

Otxarkoagan eskola elebiduna —B eredua— gutxienez bermatzeko eskatu arren, D ereduan matrikulatzeko deia egin dute. Claveriak uste du euren eskubidea dela. “Denok daukagu bizi garen lekuko hizkuntza ezagutzeko eskubidea. Euskaraz pentsatzeari oso garrantzitsu deritzot. Lanbidea aurkitzeko ere aukera asko zabaltzen ditu. Administrazioetako eskaintzetarako euskara maila jakin bat eskatzen dute”.

Hala ere, ezeren gainetik, “euskal herritar gisa” horretarako eskubidea dutela iritzi dio. “Gure hizkuntza, erromania, izateko eskubidea lapurtu digute. Duela ia 600 urte izan ziren ijitoen aurkako politikekin kendu ziguten. Hainbat urteko zapalkuntza izan da. Hau beste zapalkuntza mota bat da”. Haientzat garrantzitsua da euskaraz ikastea: “Hizkuntza jakiteak euskal gizartearen parte sentiarazten zaitu”.

Aukera berak

Claveriak azaldu du A ereduan matrikulatzeko aukera duten ikastetxeek ezaugarri jakin batzuk dituztela: “Soilik segregatutako ikastetxeetan gertatzen da; ikasle ijito eta migrante gehien batzen diren lekuetan. Otxarkoagako ikastetxeetako ikasleen %97 ijitoak dira”. Auzoko umeentzat besteek dituzten aukera berberak nahi dituzte. “Ez dugu nahi auzo pobre eta marjinalizatu batekoa izatea oztopo izatea gure umeak Bilbo erdiguneko ume bat bezala hezi eta treba daitezen”.

Amugek aukera duen foro guztietara eramaten du eskaera. Astelehenean Bilboko Udaleko ordezkariekin batzartuko dira. Udalak Eusko Jaurlaritzari eskari formala egin diezaion nahi dute. Oraingoz, uste dute irtenbide bakarra dela familiei umeak D ereduan matrikulatzeko eskatzea.