‘Coach’

Psikiatrikoan lan egiten duen funtzionario batek mesede bat zor zidan. Gaixo xelebre bat heldu berri da, eta moldatuko zela ni harekin biltzeko. Joan naiz, ba, beste hoberik ez eta.

Kontrol mordoa gainditu behar izan dut. Serieko hiltzailea zelakoan, segurtasun handiko kartzeletan penatu du hainbat urtez, peritu psikiatrikoek buruko gaitza diagnostikatu arte.

Bere gelan bildu gara. Zigarro bat bestearen atzetik erretzen egon da, kabroia. Duela hiru hilabete utzi nion nik, medikuak tabakoa ala bizitzaren artean erabakitzeko mehatxua egin zidanetik. Damu dut bizitza aukeratu izana. Badira zigarro bat baino gutxiago balio duten bizitzak. Nirea, urrutira jo gabe. Tipoa neure eskuekin akabatu eta bere paketearen jabe egiteko gogoa izan dut, baina tira, bera da hiltzailea, errespeta ditzagun rolak.

Gizon prestua omen zen lehen, langilea, saiatua, zintzoa… Hamaika lanetan ibilitakoa, beti porrot batetik bestera, burua putzutik atera ezinik. Zorte txarreko bat. Gizajo bat.

Bere bizitza grisari astindu bat ematekotan, coach baten eskutan jarri zen. Honek ideia gidari bat iltzatu zion: benetan saiatzen dena, lehenago ala beranduago, bere jomugara iristen dela. Hamaika eredu erakutsi zizkion: pintore izatea lortu zuen itsuarena, opera kantari gor-mutuarena, New Yorkeko maratoia bukatu zuen elbarriarena, edo hanketako behatzekin pianoa jotzen zuenarena. Ezagutza honek esperantza piztu zuen gure gizonarengan, berak zerbait baldin bazuen, borondatea zelako.

Gogotik saiatu arren, ordea, lehengo lepotik burua. Amore emateko asmorik ez, eta coach bat bestearen ondotik bisitatu zituen, burua putzutik ateratzeko gogo itsuaz. Hitz desberdinez, denek zuten funtsean mantra berbera: norberaren barruan dago aurrera ateratzeko indarra, nor bere zorte onaren edo txarraren erantzule dela, bla, bla, bla.

Bere bizitza gris eta bere pobrezia sistematikoaren errua berea zela jakiteak depresio latz eta iraunkorrean abaildu zuen gizona. Besoak jaitsi zituen. Konturatu orduko, erromesa zen kale gorrian. Eskaleak eta mozkorrak zituen orain bidelagun. Mespretxuz begiratzen zien, bere buruari bezalaxe. Behar bezala ez saiatzeagatik, ondo merezia zuten bazterketaren zigorra.

Denborarekin, ordea, gauzak beste modu batera begiratzen hasi zen. Coach horien mezua, hain cool itxuraz, hain emergentea, proaktiboa eta erresilientea, haien terminologia tranpati bera erabiliz, galtzaileak bere zorte ilunarekin konformatzeko asmatua zen. Mezu atzerakoia eta suntsitzailea, sistemaren iraunkortasuna bermatzeko. Pobreak haien pobreziaren sortzaileak? Tristeak haien tristuraren errudunak? Ezjakinak haien ezjakintasunaren erantzuleak? Madarikatua, erlijio berria. Zitala. Krudela.

Mendeku grinak itsuturik, gau batean zazpi coach akabatu omen zituen labana batez. Gero bere burua errendatu zuen polizia etxean. Hamar urte pasatu dira ordutik.

Joateko ordua da. Ez da funtzionarioak agindutako itzelezko pertsonaia, baina zutabe baterako balioko dit. Idazle banintz, istorioa loratuko nuke pixka bat, baina ez daukat irudimenik, ez gogorik.

Azken galdera luzatu diot, joan baino lehen, ea nola daraman atxilotzea. Oso ondo, berak. Hilketa horiek famatu ninduten. Errespetuz tratatu ninduten kartzelan, eta hemen ere itzal handia daukat. Suerteko zaude, nik. Ez da suerte kontua, gizona, erantzun dit. Saiatzea da. Bizitza honetan, saiatzen dena putzutik ateratzen da lehenago edo beranduago.