Ibai Maruri Bilbao
Bilbao Ria 2000 sozietateak jakinarazi du zein proiektu hautatu duten Barakaldon Bilboko itsasadarraren Galindo ekialdeko ertza birgaitzeko: lehiaketa egin dute, eta Burgos&Garrido Arquitectos bulegoak eta SLP/Typsa Tecnica y Proyectos enpresak osatutako aldi baterako enpresa taldeak aurkeztutako egitasmoak irabazi du. Bilbok bezala, Barakaldok ere bere ibai parkea izango du aurki, eta Bilbok baino handiagoa: 9,1 hektarea izango ditu parke berriak, Abandoibarrekoak baino 2,1 gehiago. Besteak beste, belarrezko hondartza bat egingo dute. Mugitzen den lorategia ipini diote izena proiektuari.
“Bilbao Ria 2000 pauso sendoak ematen ari da Barakaldoko inguru hau goitik behera aldatzeko”, esan du Juan Mari Aburto sozietateko buru eta Bilboko alkateak. “Barakaldorentzat proiektu garrantzitsua da, hiria berriro itsasadarrera gerturatuko duelako”, esan du Amaia del Campo Barakaldoko alkateak. Bilbao Ria 2000 sozietateko kontseiluko kide ere bada Del Campo, eta lehiaketa publikoko epaimahaiaren presidente lanak egin ditu.
Birgaitze honen helburua bikoitza da. Batetik, Barakaldoko erdigunea itsasadarrarekin lotu nahi da, Bilbon egin den bezala, bien arteko harremana berreskuratzeko. “Itsasadarrera arte luzatuko dugu hiria”, nabarmendu du Del Campok. Asmo horrekin, besteak beste, Somorrostroko Meategietako Konpainia frantziar-belgikarraren mineralen kargategi zaharra eta Labe Garaien Etorbidea lotuko dituen oinezkoentzako pasabide bat eraikiko dute, herrigunetik itsasadarren ertzera joatea errazteko.
Era berean, barakaldarrentzat aisialdirako gune natural handi bat sortu nahi dute, hirian bertan, etxetik urrun joan beharrik gabe. Horregatik, esan bezala, ibai parke berriak belarrezko hondartza bat izango du: portuko ditxoaren inguruan egongo da. Baina ez da parkean sortuko den aisialdirako elementu bakarra: belarrezko harmaila batzuk sortuko dira zelaigune baten alboan. Helburua da leku hori kontzertuak, jaiak eta bestelako ekitaldiak egiteko erabili ahal izatea; nolabaiteko anfiteatro bat izango litzateke.
Aisialdiari lotutako negozioek ere lekua izango dute ibai parke berrian. Proiektuaren arabera, pabiloi lineal eta garden bat eraikiko da dartsenaren hegoaldeko ertzarekiko paraleloan. Eraikin horrek taberna txiki bat, jatetxe bat edo beste erabilera alternatibo batzuk izango ditu, baita zurezko egitura bat ere, dartsenaren iparraldeko ertzean, han dagoen arrapalari lotuta; besteak beste, toki horretan piraguak, kanoak eta uretako kiroletan ibili ahal izateko bestelako tresnak gordetzea da sortzaileen proposamena.
Proiektu “malgua”
Bilbao Ria 2000 sozietateak nabarmendu duenez, era horretako beste hainbat proiektu egin dituzte lehiaketa irabazi dutenek. Esaterako, Madrilen, Manzanares ibaiaren ertzean 120 hektareako ingurua birgaitzeko Madrid Rio eremua sortu zuen enpresa talde bera da. Epaimahaiaren arabera, hautatu dutena “proposamen aldakorra da, inspirazio naturala eta freskoa duena”. Nabarmendu dute aurkeztu diren proposamenen artean hark lortu duela “hobekien epe ertain eta luzerako erabilerak ezartzeko ingurune natural malgua sortzea”.
Era berean, gustatu zaie inguruan dauden garaieren arteko aldea orekatzeko hautatu duten “modu leuna”, baita bukatutakoan parkean sortuko den “argitasuna, jarraitutasuna eta erabilgarritasuna” ere. Epaimahaiak uste du diseinatzaileek lortu dutela tokiak duen iragan industriala errespetatzea. Azkenik, parke berriak itsasadarren bideari jarraitzeko duen “naturaltasuna” ere azpimarratu dute.
Lizitazioa, urtebete barru
“Proiektua egin ahal izateko aurretik egin beharreko kudeaketa lanak egiteko baino ia denbora gutxiago beharko da parke berria atontzeko”, iragarri du Bilbao Ria 2000 sozietateko zuzendari kudeatzaile Angel Nievak. Izan ere, orain lehiaketa irabazi duen aldi baterako enpresa taldeak hamar hilabeteko epea dauka behin betiko proiektua idazteko. Hala, Nievak esan du obra bera urtebete barru lizitatu ahal izango dutela, eta 2022ko udan hasiko lirateke tokian bertan beharrean. Ondo bidean, uste dute 2023rako ingurua prest egongo dela barakaldarrek erabiltzeko.