Musika, eraldaketarako bide

Musika, eraldaketarako bide

Peru Azpillaga Diez

Venezuelako umeen koru eta orkestra sisteman sustraituta dago Etorkizuna Musikatan proiektua. 70 herrialdetan baino gehiagotan ernaldu den egitasmo arrakastatsua da, eta, orain dela bi urte, Bilbon loratu zen, Norai elkarteari esker. “Duela 40 urte Jose Antonio Abreuk Venezuelan sortutako ereduari jarraituz sortutako proiektu bat da”, esan du Maria Molinuevo Etorkizuna Musikatan proiektuaren sortzaileetako batek. “Proiektu hau desberdin egiten duena musikaren praktika orkestral eta kolektiboa da”, erantsi du.

Molinuevok jakinarazi duenez, egitasmoa Bilbon bizi ziren venezuelar batzuen bidez jaio zen. “Norai elkartearekin jarri ziren harremanetan, eta gustatu egin zitzaien ideia. Proiektua bere egin, elikatu eta sustatu egin dute geroztik, bi urteko ibilbide oparo bati hasiera emanez”. Bilboko San Frantzisko, Zabala eta Bilbo Zaharra auzoetan lanean dabilen elkarte bat da Norai, eta, horregatik, Etorkizuna Musikatan proiektua ere bertatik abiatu da.

“2019ko lehendabiziko hilabeteetan jarri zen martxan, auzoko gazteekin kontaktua eginez, eta elkartearen lokaletan ekintza batzuk antolatuz. Gero, irailean, Mugika eta Miribillako ikastetxeekin elkarlanean hasi ginen”, kontatu du Molinuevok. Nabarmendu duenez, helburua ez da umeen artean hautaketa bat egitea edo “talentu berriak” bilatzea: “Eremu zaurgarrietan musika klasikoa ezagutzeko eta harekin gozatzeko aukera eskaintzea da gure asmoa”. Hortaz, esan duenez, ez da betekizunik proiektuaren parte izateko. “Erabat irekia da: ez dago sarbide probarik, ezta antzeko ezer ere. Tokia dagoen bitartean, mundu guztiarentzat ditugu ateak irekita”.

Martxan hasi eta berehala arrakasta handia izan zutela adierazi du: “Primeran zihoan dena, kontzertu eta ekintza asko geneuzkan lotuta, baina pandemiagatik bertan behera geratu zitzaigun dena”. Hala ere, proiektuari eustea eta baldintzei ahal zuten moduan egokituz aurrera egitea erabaki zuten: “Umeek behar zutela sentitzen genuen, azkenean denek ez dute-eta berrogeialdia modu berean bizi izan”.

Molinuevok ohartarazi du egoera prekario eta zaurgarrian bizi diren familia asko daudela Bilbon, eta horientzat konfinatua egotea “are gogorragoa” izan dela: “Badira gela bakarrean bizi diren unitate familiarrak; pentsa nolakoak izan diren hilabete horiek ere ume horientzat…”. Hala, Internet bidezko klaseak egiten hasi ziren. “Astero bideo deiak egiten genituen koruko umeen artean, eta klaseak ematen jarraitu genuen. Musika tresnak etxera eramateko baimena ere eman genien, eta, beharrezko kasuetan, Interneterako sarbidea izateko baliabideak eskaintzen saiatu ginen. Helburua ez zen soilik ume horiek musika praktikatzen jarraitzea, baizik eta musikak berekin dakartzan onura guztiez ere gozatzen jarraitzea”.

Musika tresnen bankua

Hainbat dira Etorkizuna Musikan bezalako proiektuei esker musikaren munduan ibilbidea egitea lortu duten lagunak. “Baina ez gara jaio musikariak sortzeko asmoarekin. Azkenean beti ateratzen da baten bat, eta gu beti egongo gara hor haien ibilbidean zehar laguntzeko eta musikaren munduan bultzatzeko; baina helburua ez da hori. Musikak balio eta emozio asko sorrarazten ditu, eta, horrez gain, orkestrak kolektibotasuna bultzatzen du”.

Beraz, musikaren bidez “gizartea eraldatu” nahi dute proiektuan. Batik bat egoera zaurgarrian dauden umeekin lan egiten dutenez, Etorkizuna Musikan egitasmokoek ez diete ezer exijitzen umeei, ezta haien familiei ere. “Irakasle askok musutruk egiten dute lan, elkarteko beste boluntario askok bezala. Musika tresnak ere guk jartzen ditugu, sortu dugun banku baten bidez”. Hain zuzen ere, Getxoko Andres Isasi musika eskolak Etorkizuna Musikan egitasmoari laguntzeko bilketa kanpaina bat jarri berri du martxan, eta hilaren 29ra arteko epea dago tresnak emateko.

Izan ere, pandemiari egokituz aurrera egitea lortu du proiektuak. “Egokitu behar izan dugu, eta hainbat aukera galdu ditugu; adibidez, eskoletan ematen genituen klaseak, baina martxan jarraitzen dugu”. Alde horretatik, musikatik harago, orkestra izateak ematen duen garrantziaz aritu da Molinuevo: “Harmonia sortzeko gai izan behar duzu, bai zeure buruarekin bai elkarlanean. Bakoitzak bere musika tresna du, baina denen artean melodia bakarra osatu beharra dute. Horren atzean dauden balioak oso garrantzitsuak direla uste dugu, bai umeentzat, baita auzoko familientzat ere, eta, zergatik ez, baita Bilborentzat ere”.

Egun 40 ume eta neraberekin egiten dute lan. Molinuevok aitortu du seiko taldeetan ibili behar izateak asko baldintzatzen duela orkestraren izaera. Hala ere, osasun larrialdia hasi zenetik, zuzeneko emanaldi bat baino gehiago ematea lortu dute. “Guretzat funtsezkoa da halako emanaldiei eustea eta gure jarduna publikoa izatea; esate baterako, ahal dugun guztietan musika auzora eramaten saiatzen gara, eta urte amaierako entsegua kalean egin genuen”. Azken kontzertua urtarrilaren 4an egin zuten, Bilborocken. “Pozgarria izan zen”.

Horregatik, eta testuingurua korapilatsua izan arren, proiektuak hazten jarraituko duela deritzo. Etorkizunean beste auzo eta herri batzuetara hedatzea espero du. Gizarte eraldaketa sustatzeaz gain, musika klasikoaren “elitizazioarekin” apurtu eta migranteei buruzko estigmak gainditu nahi dituzte.