Aldaketa sustatuko dutenak

Aldaketa sustatuko dutenak

I. Maruri Bilbao

Bizkaiko mugikortasuna eraldatu nahi du foru aldundiak, eta bere jardunaren lau ardatz nagusietako bat bihurtu du. Eraldaketa horretan, bizikleta izango da tresna nagusia. Lantalde bat sortu du haren erabilera sustatzen laguntzeko: diputazioarekin batera, Deustuko eta Bredako (Herbehereak) unibertsitateak, Bizkaiko Garraio Partzuergoa eta Orbea bizikleta enpresa izango dira partaideak. “Bizkaitarren mugitzeko modua aldatu nahi dugu, eta horretarako bizikleta erabiliko dugu, aukerarik osasuntsuena, jasangarriena eta erosoena delako”, ohartarazi du Unai Rementeria ahaldun nagusiak. Esan du ez dutela bizikleta autoen kontra ipini gura. “Distantzia ertain-luzeko mugimenduetarako hor egongo da autoa, garraio publikoarekin batera. Distantzia laburreko joan-etorriak bizikletaz egitea da lortu nahi duguna”. Aitortu du badakitela horrelako aldaketa bat ez dutela azkar lortuko.

Joan den martitzenean egin zuten lan taldearen aurkezpena, Bilbon: Unai Rementeria ahaldun nagusia, Orbeako zuzendari nagusi Jon Fernandez, Bizkaiko Garraio Partzuergoko zuzendari Gorka Ugalde eta Deustuko Unibertsitateko Nazioarteko Harremanetarako errektoreorde Mikel Larreina egon ziren Foru Liburutegiko prentsa aretoan. Bideodei bidez, Bredako Unibertsitateko Hiri Inteligentzia irakasle Paul von der Coeveringek parte hartu zuen. Durango Merinaldeko Mankomunitateko presidente Mireia Elkoroiribe ere aretoan zen, Durangaldean egiten dabiltzanaren berri emateko.

2021a proba urtea izango dela esan du Rementeriak. Besteak beste, udalerriei prozesu honetan aholkularitza eskainiko dien bulegoak sortuko dira, oraingoz, Getxon, Leioan, Zornotzan eta Portugaleten. Eskoletan eta lantokietan ere kontzientziazio programak egingo dituzte. Dagoeneko, horretan ari dira Durangaldean. “Momentuz, 22 zentro ari dira parte hartzen. Euren langileak lanera bizikletaz joatea lortu nahi dugu. Azken helburua eskualdeak Eurpean Cyclist’ Federationek ematen duen Cycle Friendly Employer ziurtagiria lortzea da”.

Aukera berriak

Bizikletak indarra hartzean, teknologia berriak beharko dira, ikerketa eta garapena. Horretan parte hartuko du Orbeak. Ekintzaileentzat aukera ona izan daitekeela uste du Rementeriak. Deustuko eta Bredako unibertsitateek udako ikastaroak egingo dituzte aurten elkarlanean. Van de Coeveringek esan duenez, Bredako Unibertsitateak ikasleekin eta Dutch Cycling Embassyko adituekin egingo du lan, ezagutzak loru eta aldundiari eta udalei erabakiak hartzen laguntzeko. Uste du lidergo sendo batekin lor daitekeela gizarteak luze gabe halako aldaketa bat egitea.