Natalia Salazar Orbe
Osakidetzak murriztu egin du Trapagarango goiko auzoetan jada urria zen pediatraren zerbitzua, pandemiaren astinaldiaz geroztik. COVID-19ak Bizkaia astindu arte, astean birritan izaten zuten pediatra auzootan. Koronabirusak gogorren astindu zuen sasoian, kendu egin zieten zerbitzu hori. Geroago berrezarri zieten, baina astean behin soilik dute orain pediatra. Gainerako egunetan, Trapagarango anbulatoriora joan behar dute umea gaixorik duten familiek. Hamar kilometroko ibilbidea dutela salatu dute. “Bigarren mailako biztanle sentitzen gara. Baina ez gara: besteek bezala ordaintzen ditugu zergak”. Soiartze Avila Gonzalezen berbak dira. Trapagarango goiko auzoetan astean bi egunetan zegoen pediatra zerbitzua berrezartzeko eskatzen duten familien izenean egin du berba.
Hark kontatu du ez dela erosoa umea medikuarenera eramateko egin beharreko ibilbidea: “Ume gaixoa hartu, eta autobusa eta funikularra hartu behar ditugu. Horrez gain, kilometro bat oinez egin behar dugu osasun zentroraino”. Neguan bide hori zailagoa dela deitoratu du, eta gaixorik dagoen umearentzat, gogorragoa. “Elurteak izan ditugu aste honetan [joan den asteari aipamen eginez]. Halakoetan, funikularra turistaz beteta egoten da. Ordu erdian behin ateratzen da, eta ordubetez edo bi orduz zain egon behar izaten dugu hartzeko”. Argi utzi du pediatrarenerako joan-etorriak luze jotzen duela: “Umeak eskolatik atera behar ditugu. Egun osoa galtzen dute. Umeak dira. Oso gogorra da”.
Larreineta, Barrionuevo eta Zugaztieta auzoetako bizilagunak daude egoera horretan. “1.000 biztanle inguru bizi gara goiko auzootan; 56 dira umeak”. Aurretik astean birritan zuten pediatra zerbitzuari ere asko ez iritzi arren, martitzen eta eguenetan zerbitzua bermatua zutela bazekiten. Eta ezaguna zuten. “Pediatra bera zen, eta gure haurrak ezagutzen zituen. Orain ez dakigu. Etortzen denean, ez dakigu nor datorren. Ez du ezagutzen gure haurren historia; ez gaitu ezagutzen. Guretzat kaotikoa da”. Egoera horrek etxeko antolaketa ere zaildu egiten diela aitortu du: “Haurra gaixotuz gero, zer egin behar dut, astebete itxaron? Ez dauka zentzurik”.
Urrian itzuli zen
Pandemiaren garairik gogorrenetan zerbitzua kendu ondoren, urrian itzuli zen pediatra Trapagarango auzootara, baina zerbitzua erdira murriztuta. Informazio falta salatu dute erabiltzaileek. “Pediatra berrezarri ostean ere, hilabetez egon ginen zerbitzurik gabe. Gero jakin genuen eguaztenetan hasi zela igotzen. Ez martitzen ez eguenetan; eguaztenetan. Hori guztiori jakin genuen guk geuk deitu genuelako galdetzeko. Ez zuten inolako bandorik jarri”.
Urtarrilaren 7an pediatrarekin zuzenean hitz egin zuen familia baten bidez jakin dute aurrerantzean eguenetan izango dutela zerbitzua auzoetan. “Toki guztietara jo dugu azalpen eta informazio eske: udalera, anbulatoriora, Osakidetzara… Informazio gutxi jaso dugu. Ez digute jakinarazi zer izango den. Uste dut haiek ere ez dutela izan oso argi. Inertziagatik mugitzen dira: gaur hau libre dagoela? Doala, bada, hura gora”.
Auzokideek kexa gutunak idazteari ekin zioten hasieran. Gaspar Lantaron Ezkerraldea-Enkarterri-Gurutzetako Erakunde Sanitario Integratuko Integrazio Asistentzialeko zuzendariordeordeak erantzun zien. Harekin zuzenean harremanetan jartzen saiatu ziren, baina ez zuten lortu; idazkariarekin hitz egin zuten. “Beti bitartekariekin. Azaldu zigun pediatrarik ez zegoela, eta zegoenean konponduko zutela arazoa. Hala ere, ikusi dugu ez dutela pausorik ematen. Badirudi pediatrak noiz agertuko daudela, baina ez dutela pausorik ematen horiek lortzeko. Berez etorriko balira bezala…”.
Osakidetza eta udala, isilik
Udalarekin ere hitz egin zuten. Trapagarango Udalak zerbitzua berrezartzeko eskatu zion Osakidetzari joan den ekainean. “Baina zazpi hilabete joan dira ordutik”, esan du Avilak. EH Bilduk mozio bat aurkeztu du, Osakidetza udalarekin eta auzoko eragileekin batzartzeko eskatzeko. “EAJk eta PSE-EEk ezezkoa eman diote, eskaera ekainean egin zutela argudiatuta. Ekainean egin zuten eskaera horrek ez du izan erantzunik, ordea. Ez du balio izan ezertarako. Eskaera egin zuten, baina zerbitzua ez dute berrezarri”.
Auzoetako bizilagunek, egoera zein zen ikusita, elkarretaratzeak eta manifestazioak egiteari ekin zioten. Joan den abenduaren 13an eta 27an elkarretaratzeak egin zituzten, eta manifestazio bat ere bai herrian. “Pediatra zerbitzua lehen geneukan bezala ezarri arte, kontzentrazioak egiten jarraituko dugu. Umeak dira, eta ez dute merezi tratu hau”.
Avilak adierazi du Osakidetzak ez duela aurpegia ematen. “Ezkutatzen ari dira. Ez dute ematen informaziorik. Hori da Osakidetzaren orain arteko jarrera”. Bizkaiko Hitza saiatu da Osakidetzako arduradunekin harremanetan jartzen, baina ez du lortu. Gauza bera gertatu da udalarekin ere. Alkateak udaleko langile baten bidez adierazi du datorren astean bilera egitekoak direla gaiari buruz. Oraingoz, ez du besterik esan.