“Sistemaren barruan, berak baino hobeto jokatu behar duzu”

“Sistemaren barruan, berak baino hobeto jokatu behar duzu”

Peru Azpillaga Diez

Bilboko tokiko txanpona izatetik, ordaintzeko sistema izatera igaro da Ekhilur irabazi asmorik gabeko kooperatiba. Goienerrekin elkarlanean, irauli egin dute proiektua: diruaren gaineko kontrola berreskuratzeko, tokiko ekonomia sustatzeko eta komunitatea sortzeko tresna gisa birsortu dute. Alex Lopez (Zarautz, Gipuzkoa, 1973) kooperatibako kideak azaldu du pare bat proiektu pilotu martxan jarriko dituztela otsailean, zenbait udalekin elkarlanean, eta, etorkizunean, Hego Euskal Herri osora zabaltzea espero dute, elikadura eta energia burujabetza eta tokiko ekonomia bultzatzeko asmoz.

Zer da, zehazki, Ekhilur?

Ekonomia sozialaren barruan dagoen irabazi asmorik gabeko kooperatiba bat gara, Goienerren antzera. Alde horretatik, bi helburu nagusi ditu kooperatibak: tokiko ekonomia sustatzea eta gure diruaren gaineko kontrola berreskuratzea. Horretarako, tokiko txanpona izatetik ordainketa sistema digital bat garatzera igaro gara.

Diozunaren arabera, badirudi egun ez dagoela norbere diruaren gaineko kontrolik.

Diruaren digitalizazioarekin, gure diruaren gaineko kontrola eta informazioa banketxeen eta kreditu txartel enpresen esku dago. Guk nahi duguna da gure kontsumo datuen kontrola berreskuratzea eta kooperatibaren esku uztea, horren bidez gertuko ekonomia sustatu, ekonomia birkokatu eta komunitatea sortzeko.

Hori lortzeko, Ipar Euskal Herriko euskoa duzue erreferentziatzat, ezta?

Halaxe da, bai. Haiek oso aurreratuta dabiltza, baina helburua antzeko proiektu bat garatzea da, kontuan izanik legedia desberdinak ditugula han eta hemen. Ekhilur sarearen asmoa da diruaren trukeari gaur egungo kulturan eta ekonomian kontuan hartzen ez diren bestelako balore eta ezaugarriak txertatzea: pertenentzia sentimendua, kooperazioa… Hori lortzera bidean, euskoa adibide garbia dugu.

Nola sortu da Ekhilur?

Bilbon 2014an martxan jarri zen ekhi izeneko tokiko txanponetik eratorritako proiektua da. Goiener kooperatibaren barruan, tokiko txanponen inguruko lantalde bat dago, eta, elkarlanean, tokiko txanponen eredua nola indartu eta bultzatu aztertzen hasi ginen. Ekhi-k paperean funtzionatzen zuen, baina, benetan eraginkorra izateko eta balio eraldatzaile hori lortzeko, zerbait berria behar genuela ondorioztatu genuen; orduan, digitalizazioaren bidera jotzea erabaki genuen.

Zer ekarpen egiten dio digitalizazioak tokiko txanponari?

Uste dugu, eredu alternatibo bat eraginkortasunez garatzeko, eredu horrek egun martxan dagoena gainditu beharra duela. Jendeak ez dezala erabili alternatiboa delako, baizik eta egun dagoena baino hobea delako, orduan lortzen baita eraldaketa. Zeure izaera mantenduz, sistemaren barruan berak baino hobeto jokatu beharra duzu, eta uste dugu proiektu honek aukera hori ematen digula. Orain oso txikiak gara, baina, sarea zabaltzea lortzen badugu, diruarekin beste modu batera jarduteko dinamikak gara daitezke aurrera begira.

Duela hiru urte hartu zenuten txanpona digitalizatzeko erabakia. Prozesu luzea izan da.

Bai, orain dela hiru urte jarri genuen proiektua martxan, eta legearekin egin genuen topo. Dirua digitalizatzeko baimen berezi bat behar da, eta soilik Espainiako Bankuak eman dezake. Hiru urte eman ditugu lizentzia hori eskuratzeko.

Nola funtzionatzen du Ekhilur ordainketa sistemak?

Sareak osatzea da ideia. Orduan, ordainketa sistema bat izateko baimena dugunez, egiten duguna da kooperatibaren bidez arau jakin batzuk ezarri, ohiko diru sistemaren barruan kontuan hartzen ez diren alorrei garrantzia emanez, beste era bateko funtzionamendua bultzatuz. Adibidez, fideltasunaren alorrean, komertzio baten ordainketa bat egiten duzunean deskontu automatiko bat jasotzen duzu. Baina deskontu hori soilik sareko beste komertzio batean erabil dezakezu.

Zer lortu nahi duzue horrekin?

Egungo ekonomia sisteman dauden dinamikak aldatzea, lehiatik kooperaziora eginez. Gaur egun, kontrakoa sinetsarazi nahi badigute ere, komertzio txiki batek ezin du enpresa handi edo azpiegitura handi batekin lehiatu. Ezinezkoa da. Sistema honen bidez, komertzio txikiek kooperazio mekanismoak gara ditzakete haien artean, elkar lagundu eta indartu, merkataritza gune bat izango balira bezala: arrandegian lortutako deskontua okindegian gasta dezakezu, eta okindegikoa, harategian, baina betiere sarearen barruan geratzen da dirua. Orduan, sareko kideek egiten duten ahalegina beti itzuliko da eta bezero gehiago erakarriko dira. Horrek jendearen erosketa ohiturak aldatzen ere lagun dezake.

Zer beste aukera eskaintzen ditu?

Sarearen barruan multzoak edo taldeak ere ezar daitezke, eta horrek hainbat aukera ematen ditu: esaterako, udalei. Adibidez, orain proiektu pilotu batzuk jarriko dira martxan udal batzuetan. Ideietako bat da gizarte zerbitzuekin lan egitea. Sarearen bidez, oinarrizko erosketak egiteko laguntzak ekhi-etan eman ditzakete, eta, sarearen barruan, zer komertziotan gasta ditzaketen ezarri, azpitalde bat bailitzan, laguntza horien irizpideen arabera. Hartara, sare orokorraren barruan, sare txikiago bat egon daiteke, diru laguntza horiek dituzten pertsonek gastatzeko.

Zer lortuko litzateke horrekin?

Bi gauza. Batetik, desestigmatizazio bat, laguntzak jasotzen dituzten pertsonek gainontzekoek erosten duten leku beretan erosiko dutelako, eta dendariak ezin du jakin diru hori berak jarritakoa den edo diru laguntza batetik datorren. Bestetik, diru berbera gauza desberdinetara bideratzeko aukera ematen du, zaurgarritasun egoeran dauden pertsonei laguntzeaz gain, tokiko komertzioa ere indartzera bideratzen delako. Eta gauza bera egin daiteke beste mota bateko diru laguntzekin edo komertzioak bultzatzeko erosketa bonuekin ere; norbanakoei ematen zaizkien diru laguntzak herriko dendetara bidera daitezke. Komunitatea bultzatzeko era bat da.

Nola erabiltzen da sarea?

Bazkide baldin bazara, txanpona erabil dezakezu, eta, gainera, bazkide bakoitzak abala eman ahal die beste bi pertsonari, haiek ere erabil dezaten. Bazkide izateko, 50 euroko ekarpena egin beharra dago; diru sistematik ateratzerakoan, bueltatu egiten da. Kontu bat irekitzeak hamabost euroko kostua du urtean.

Udaletan bakarrik ezarriko da?

Ez. Udalen bidez bultzatu nahi dugu sarearen hedapena, baina, erabiltzaileak sartuz doazen heinean, udalekiko dependentzia gainditzea da asmoa, sare autonomo bihurtuz. Era berean, herriko dimentsioa ere gainditu nahi dugu, Hego Euskal Herriko sare bat osatzeko.