Paleolitoko ehiztarien azalean

Paleolitoko ehiztarien azalean

Natalia Salazar Orbe

Urteei eta garaiei erreparatuta urruti samar sumatu arren, Paleolitoko Madeleine aroan Santimamiñeko koba babes gisa hartu zuten gizakiak gaur egungoengandik gertu daude: horixe erakutsi eta iradoki nahi dute Lantzak eta Arpoiak izeneko tailer didaktikoek. Etzi eta hilaren 31n egingo dituzte, Kortezubin, Santimamiñen. Haitzuloan aurkitutako aztarnak eredu hartuta, arpoiak egingo dituzte parte hartzen duten umeek eta gazteek, duela 14.000 urteko gizakien antzera. “Asmoa da haiek jakin dezatela lan egiteko tresna bat zela, elikagaiak lortzekoa, baina alde artistikoa ere bazuela; artea lantzen zuten gure arbasoak gizaki gisa ikus ditzatela nahi dugu. Erakutsi nahi diegu ez daudela gugandik hain urrun”: hala azaldu du Judith Ortuzarrek; Santimamiñeko gidaria da hura. “Taldearen ideia ere nabarmenduko dugu. Oso garrantzitsua zen talde lana, denen artean mantendu behar baitzuten bizitza”.

Benetako klan gisa jarduteko aukera ematen die tailerrak zazpi eta 12 urte arteko umeei eta gazteei. Gidariek erronkak eta galderak planteatzen dizkiete, eta taldean aurkitu behar dituzte irtenbideak. Haiek bihurtzen dira jardueraren protagonista, hau ez baita familientzako tailerra. “Haien artean aritzen dira lanean. Adin desberdinetakoak elkartzen dira, eta polita da, benetako klan bat bezala jarduten baitute. Izaera desberdinak elkartzen dira, eta ideia eta prozedura desberdinak planteatzen dituzte”.

Helburua ez da eskulan huts bat egitea: “Eginez ikasten da. Umeak Santimamiñeko gizakien munduan kokatzen ditugu, eta jabetzen dira eurelakoak garela; gure burmuinak berdinak direla. Ikusten dute arazo beraren aurrean guk geuk ere irtenbide bera hartuko genukeela. Garrantzitsua da horretaz konturatzea, sarri nahaste handia izaten baitute teoriarekin: ‘Gu gara Sapiens Sapiensak; hauek tximinoak dira’. Joera hori moztu behar dugu; ez dago hain tarte handia batzuen eta besteen artean”.

Salmonidoen bila

Garai hartako Santimamiñeko gizakiek ibaietan egiten zuten arrantza. Glaziazio garaia zen, eta kobazuloa babes moduan erabiltzen zuten. Itsasoaren maila gaur egungoa baino atzerago zegoen. Aurkitutako aztarnek ez dute adierazten kobazulora itsasoko arrainik eramaten zutenik. “Salmonidoak hartzen zituzten. Gero bai, hartzen zituzten itsaskiak, baina hori Glaziazioaren ostean zen. Gai hori ere lantzen dugu beste tailer batean, ez honetan, gazteek garaiak nahas ez ditzaten. Garaiak ez dira nahastu behar; kokatu egin behar dira: kasu honetan, gizaki honekin gaude, medio honetan, baldintza eta arazo hauekin eta baliabide hauekin. Geroago, beste garai bategaz lotuko dugu, zeren erraza da nahastea”.

Arrantzarekin egiten dutenaren antzera jardungo dira ehizarekin ere. Lantzak eskuan, inguruko eta haraneko animalien bila aterako dira. “Ehiza teknika zer garaitan dagoen ulertzea nahi dugu; alegia, Santimamiñeko lehen gizakiaren tresna zer garaitakoa den, eta gero zer etorriko den. Arkua eta gezia geroago etorriko dira”.

Oreinen atzetik

Santimamiñe inguruetan, oreinak eta ahuntzak ehizatzen zituzten. “Gurean ez, baina Pirinio aldean eta Gipuzkoan elur-oreinak ere hartzen zituzten”. Animalien irudiak ezkutatzen dituzte, eta gazteek aurkitu eta harrapatu egin beharko dituzte. “Punteria jolas bat ere egingo dugu”.

Animaliok garaiko logikaren arabera kokatuta aurkituko dituzte jokalariek: “Batzuk haranean egongo dira, eremu lau batean. Kobazulorantz pixka bat igo, eta ahuntzak aurkituko dituzte, eta gorago, elur-oreinak. Helburua da uler dezaten animalia guztiak ez daudela batera”.

Oreinaren harrapaketan trebeak ziren Santimamiñen. “Hori kontuan izanik, orein gehiago jartzen ditugu. Nahi dugu beraiek jakitea Santimamiñeko lehen gizakiak oreinaren harrapaketan adituak izan zirela, eta hori zutela helburu. Gero, inguruko haitzetan ahuntzak zeudela konturatuta, hurrengo belaunaldiek — duela 12.000 urtekoek — ahuntza ere ehizatzen zuten”.

Ortuzarrek uste du oso inportantea dela umeak garaian kokatzea: “Oso garrantzitsua da jakitea ingurunea aldatuta dagoela; Glaziazio garaia zela; orain ikusten dituzten arbolak orduan ez zeudela; ikusten duten itsasoaren maila ere desberdina zela. Azaldu behar diegu garai hartan zeuden animaliak hor zeudela egoera eta baldintza jakin batzuk ematen zirelako”.

Parte hartzeko, 94-465 16 57 zenbakira deitu edo santimamine@bizkaia.eus helbidera idatzi behar da. “Helburua ez da datu mordoa ematea, baizik eta esperientziak sortzea. Garrantzitsuena da gazteak sentsazio onarekin joatea. Santimamiñe gertu ikustea nahi dugu, ondare modura”.