Oposizioko taldeak ez datoz bat planaren hiri ereduarekin

I. Maruri Bilbao

“Pertsonak ipini ditugu udal politikaren erdigunean”, ohartarazi du Bilboko bigarren alkateorde eta PSE-EEren bozeramaile Alfonso Gilek. Hiri Antolamendurako Plan Orokor berriak gutxi gorabehera datozen lau udal gobernuen jarduna zuzenduko du. Dena den, Gilek esan du unean uneko beharrizan eta egoera berrietara egokitu ahal izango dela. Hori da, hain zuzen ere, oposizioak egindako kritiketako bat: plana zahar jaio dela. Izan ere, uste dute COVID-19aren pandemiak argi utzi duela hiri eredu berri baten premia. EH Bilduk eta PPk egindako ekarpenak jaso ditu hirigintza plan berriak, baina, hala ere, bi talde horiek kritiko agertu dira testuarekin. Elkarrekin Podemosek salatu du ez dela Bilbok behar duen HAPOa.

“Ez da gure gustukoa, partekatzen ez dugun hiri eredu bati erantzuten diolako, iraungita jaiotzen delako eta ez dielako erantzuten auzoekin ditugun zor historikoei”, kexatu da EH Bilduko bozeramaile Jone Goirizelaia. Horregatik jo dute abstentziora. Besteak beste, San Frantzisko auzoan Telefonicarena izandako egoitzan Emakumeen Etxea jartzea adostu du udal gobernuarekin; baita neurri hauek ere: Otxarkoagan aire libreko kirol ekipamenduak eraikitzea, Deustuko suhiltzaileen parkea itsasadarraren ondoan hobeto kokatzea, eta Ugaskon eta Ibarrekoan lurzorua gordetzea Deustuko gehiegizko trafikoa etorkizunean tunel bidez konpondu ahal izateko. Bilbon etxebizitza eskuratzeko arazoa arintzeko, gazteentzako eta adinekoentzako etxebizitza komunitario gehiago egitea jasotzen du akordioak, “etxebizitza aukera publiko bat, biztanleak zahartutakoan dituzten arazoei eta emantzipatzeko zailtasunei aurre egiteko”. Hala ere, EH Bilduk dio HAPOak “eraikuntza enpresa handiei bidea libre” utziko diela, etxebizitza asko hedatzeari bide ematen diolako.

Elkarrekin Podemoseko bozeramaile Ana Viñalesek ere kontrako bidean ikusi du HAPOa. “Hirigintza eredu jasangarri baten alde gaude, Bilbok dituen eta pandemia honek agerian utzi dituen ingurumen eta gizarte erronkak aintzat hartuko dituen eredu baten alde. Baina planak ez du hori ordezkatzen”. Esan du ezezkoa bozkatu dutela “lan metodologiagatik, hiri ereduagatik eta planaren aurrerapenean jasotakoaren zati handi bat kendu diotelako”. Besteak beste, azpimarratu du lurzoruen erabilera ez dela zurrun zehaztu; herritarrentzako ekipamenduak non egongo diren zehazteko eskatu du.

PPko bozeramaile Raquel Martinezek gaitzetsi du planak ez dituela hiri birgaitzea eta eremu berdeen babesa eurek nahi beste sustatzen; kexu da adinekoak ez direlako kontuan hartu. Gogoratu du biztanleria gero eta zaharragoa izango dela, eta haien etxebizitzak ere zaharkituta daudela. “Arazo horri aurre egiteko, birgaitze plan anbiziotsu baten premia dugu, eta plan hau ez da horrelakoa”. Hiriak berdegune premia duela ere esan du, baina ez zaio gustatu planak horri erantzuteko hartu dituen erabakiak; besteak beste, Deustuko Unibertsitatearen gaineko parkea handitzea gaitzetsi du.