Hiriaren oinarri berriak

Hiriaren oinarri berriak

Ibai Maruri Bilbao

Gaurkoa egun historikoa da, XXI. mendeko osoko bilkurarik garrantzitsuenetako bat”, esan zuen Juan Mari Aburto Bilboko alkateak joan den abenduaren 18an. Udal gobernuko kide EAJren eta PSE-EEren aldeko botoekin, EH Bilduko eta PPko zinegotzien abstentzioarekin eta Elkarrekin Podemosekoen ezezkoarekin, Bilboko HAPO Hiri Antolamendurako Plan Orokor berria onartu du udalak. EH Bilduk eta PPk egindako zuzenketetako batzuk jaso ditu planak. Orain, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko ingurumen-estrategia aitortza jaso beharko du, eta baita EAEko Lurralde Antolaketarako Batzordearen aldeko txostena ere. Ez da espero ezustekorik. Beraz, datorren ekainean behin betiko onartuko da datozen hogei urteetan Bilbo zelakoa izango den zehaztuko duen araudia.

Aburto alkatearen esanetan, halakoa izango da planak bultzatuko duen Bilbo: “Berdea, iraunkorra, lagunkoia, kohesionatua eta jarduera ekonomikoarentzat erakargarria”; baita “auzoekiko konpromisoa duena” ere. Asier Abaunza Hirigintza zinegotziaren esanetan, hirigintza arloko helburuak iraunkortasunarekin, klima aldaketaren aurkako borrokarekin eta genero indarkeriaren aurkakoarekin uztartu ditu planak.

Bilbo herritarrak galtzen ari da azken urteetan, eta, udalak berak egindako kalkuluen arabera, joera horri eutsiz gero 2030erako 320.000 biztanle izango ditu; hau da, 20.000 herritar galduko ditu. Planaren helburuetako bat populazioari eustea da; sekula ez handitzea. Hala, plan berri honekin Bilbon erroldatuta daudenak 345.000 eta 350.000 artean izatea lortu gura da. Horretarako, gazteak erakarri nahi direla esan du Abaunzak. Horregatik bihurtu gura dute Bilbo unibertsitateen hiri, eta hiri erakargarria inbertsiogileentzat, “soilik ekonomia suspertuta lortuko delako enplegua sortzea, Bilbo bizitzeko eta lan egiteko hiria izateko”. Hauek dira HAPO berriaren zutabe nagusiak.

LURZORU NATURALA

Planaren helburuetako bat zera da, lurzoru naturala “mantentzea eta zaintzea”, “saiatuz ahalik eta gutxien zabal daitezela inguru haietara hura urbanizatzea edo artifizial bihurtzea eragin dezaketen hirigintzako proposamenak”. Abaunza zinegotziaren esanetan, “Bilbok ez du zabalgune berririk izango”. Urbanizaezin izendatu dira 2.375 hektarea inguru; hau da, udalerriaren %58,5. Horri gehitu behar zaio Artxandako eremuan eta inguruan sustatzekoa den Sondikako eta Bilboko Plan Orokorren Bateratze Planean urbanizaezin gisa sailkatuko den eremua.

Artxandako hegaleko eta Arangoiti ertzeko dentsitate txikiko lurzoru urbanizagarriei sailkapen hori kendu zaie. Inguru horretan bi jarduera baino ez dira mantenduko: alde batetik, Kastrexanako gaina deritzon eremua berrurbanizatzea; inguru hori industria arloko jardueretarako gordeko da, Zorroza Muturrarekin batera. Beste alde batetik, Deustuko Unibertsitate campusa bost hektarea handitzea baimenduko da; hasieran aurreikusitakoaren erdia izango da. Beste erdia Pikotamendiko parkea handitzeko erabiliko da.

Pagasarri mendia eta ingurua mantentzea eta zaintzea ere jaso du planak, udalerriko natur balio bereziko eremu moduan; 2008an eremu horretarako onetsitako Plan Berezia finkatuko da. Gainera, aurreikusita dago Arraizen hegalaren aldera hedatzea Pagasarriko Plan Berezi hori; 92 hektarea inguru gehituko zaizkio, guztira 780 hektareako naturgune babestu bat osatuz.

Udalerriko landagune bakanetan —Buia, Seberetxe, San Justo eta Azkarai—, ez da iritsiko Foru Aldundiak Bizkaiko landaguneen inbentarioan baimentzen duen gehienezko hazkundera: zortzi etxebizitza eraikin berri onartzea aurreikusten du planak.

Hiriaren2

ETXEBIZITZA

Hiriak duen etxebizitza premiari aurre egiteko, 15.314 etxebizitza eraiki nahi dituzte; batez ere, Zorrotza Muturrean, Zorrotzauren eta Boluetan, Elorrietan, Olabeagan, Ametzola-Errekalde-Iralan eta Abandoko trenbideak lurperatutakoan hutsik geratuko den eremuan. Ez da agortuko EAEko Lurraldea Antolatzeko Jarraibidean aitortzen den gehienezko hazkunde ahalmena. %45,6 babestutakoak izango dira.

Hiri ingurunea bere onera ekartzeko eta berritzeko prozesuek aurrera jarraituko dute, 1995eko HAPOan aurreikusitakoaren ildotik. Dagoeneko Zorrotzaurren, Boluetan edo Iturrigorri-Gardeazabalen hasita dauden prozesuak beste eremu batzuetara hedatuko dira: Elorrietara, Olabeagara, Abandoko trenbideen ingurura, Zorrotzako muturrera eta Zorrozgoitira, eta Peñascalera. Zorrotzako muturrean eta Abandon bulegoak eta hirugarren sektoreko jarduerak sustatuko dira.

HIRIKO BERDEGUNEAK

Berdeguneetarako eta eraiki gabeko gune libreetarako 318,75 hektareako eremua gorde du planak. Horietatik 157,7 hektarea hiri lurzoruan daude, eta gainerako 161 hektareak, lurzoru urbanizagarrian. Etxebizitzak eraikita dauden eremuetan gutxienez lurzoruaren %25 gune librea edo berdegunea izan beharko da. Eraztun berdea hiriko “ekosistema berde” moduan antolatu da: guztira 1.163 hektarea izango ditu lurzoru urbanizaezinean. Hiriguneko berdeguneak batuz gero, bilbotar bakoitzak 40 metro koadroko berdegunea izango luke.

Itsasadarra hiriaren bizkarrezurra da, eta legez duen izaera integratzailea sendotu nahi du planak. Horretarako, itsasadarraren ertz bietan gune libreak egotea ziurtatuko du, ibilbide osoan, udalerriaren barruko zatian.

hiri3

AUZOAK

Erdigunean lurzoruaren erabilera nahastea proposatzen du plan berriak. Auzo bihotzak direlakoak indartu nahi ditu, gertuko zerbitzuak ezartzea lagunduz —ekipamenduak, merkataritza…—. Horretarako, mugatu egingo da beheko solairuetan lehia eragin dezaketen beste erabilera batzuk jartzeko aukera; hau da, trastelekuak, garajeak edo etxebizitzak jartzea, zerbitzuak edo negozioak lehenetsiz. Inguru inklusiboak eta seguruak antolatuko dira, besteak beste, denboraren kudeaketa errazteko eta espazio publikoan segurtasuna bermatzeko.

MUGIKORTASUNA

HAPOak zehazten du zeintzuk diren mugikortasunerako gorde behar diren lurzoruak. Abiadura Handiko Trena Abandora iritsiko da, eta intermodalitate gune garrantzitsua bat sortuko da. Hegoaldeko trenbide saihesbidearen proiektua ere jaso du planak. Errepideei dagokienez, hegoaldeko saihesbidea amaitzea, ekialdeko saihesbidea bukatzea Ibarsusi eta Miraflores artean, eta Santo Domingoko tunela jasotzen ditu.

Hiria zatitzen duten azpiegiturak kentzea ere aurreikusi da. Errekaldeko egungo saihesbidea kentzea da proiektu nagusietako bat; haren ordez, lurpetik joango den hegoaldeko alternatiba eraikitzea jasotzen du; trenari dagokionez, FEVEren antzinako trenbidea lurperatzea Zorrotzan, Renferen trenbideak lurperatzea Olabeagatik, eta Zorrotzako Muturreko hesia kentzea. Tranbia, berriz, Etxebarrirantz eta Barakaldorantz hedatuko da. Zubi bat eraikiko da Cadagua ibaian; beste bat Zorrotzaurretik Zorrotza Muturrera igarotzeko, eta oinezkoentzako hiru pasabide.