Peru Azpillaga Diez
Plentziako hondartzaren parean dago Arpillao eraikina. 1990eko hamarkadan altxatutako azpiegitura bat da, aparkaleku bat eta bost elkarte batzen dituena. Segurtasun arrazoiak argudiatuta, Plentziako Udalak berriki jakinarazi du eraikin hori behin betiko itxi egingo duela, eta, beraz, hango jarduerak bertan behera geratu beharko direla.
Erabakiak ezustean harrapatu ditu Arpillaoko erabiltzaileak. Izan ere, jakin bazekiten eraikina ez dagoela “ondo”, baina ez zuten espero halako bat-bateko erabakirik. Lokal horren erabiltzaileak dira Arkote Arraun taldea, Ambar Elkartea, Plentziako Piraguismo Taldea, Danontzat gaztetxea eta Plentzia Traineru Beltza Elkartea, eta, salatu dutenez, den-denek atean jarritako kartel baten bitartez izan zuten kaleratzea ekarriko duen erabakiaren berri. Horrekin batera, lokaletara berriz ere sartzeko debekua ezartzeaz gain, udalak gaur arteko epea eman die euren ondasunak batzeko.
Plentziako Udalaren jokabidea ikusirik, elkarteek haserrea azaldu dute. Batetik, ez dutelako aurretik inolako jakinarazpenik izan, eta, bestetik, jarduerak eten beharko dituztelako alternatiba bat topatu arte. Hori dela eta, bost elkarteak batzea erabaki dute. Hala, Arpillao Bizirik plataforma jaio da, erabiltzaileen egoera salatzeko eta udalari konponbide bat exijitzeko.
“Eraikinaren egoera kaskarrari buruzko zurrumurruak aspalditik datoz”, hasi da azaltzen Jorge Madariaga Plentzia Traineru Baltza Elkarteko kidea. “Baina ez genuen espero, inondik inora, halako erabaki bat”, erantsi du. Adierazi duenez, urte osoa eman dute udalarekin harremanetan, elkarteari aurten amaitzen zitzaiolako lokala erabiltzeko lagapena. Hortaz, hori luzatzeko negoziazioetan ibili dira. “Akordioa atzeratzen joan dira, baina, betiere, ulertzera emanez bertan jarraituko genuela eta eraikinaren egoeraren inguruan inolako berririk eman gabe. Zer zentzu dauka lagapen horren inguruan hitz egitea, lokala ixteko asmoa baldin baduzu?”, galdetu du Madariagak.
Kudeaketa, ezbaian
Erabakia bera baino gehiago, kudeaketa jarri du ezbaian. “Berez, irailetik zekiten eraikina egoera txarrean dagoela, baina abendura arte ez digute ezer esan”. Horren ostean, abenduaren 22an, lokaletan sartzea debekatuta zegoela adierazten zuten kartel batzuk topatu zituzten itsatsita. “Badakigu eraikina txarto egotearen errua ez dela udalarena, baina denbora izan dute gurekin hitz egin eta irtenbideak bilatzeko. Orain, gauzak atera behar ditugula suposatzen da. Baina nora eramateko?”.
“Gaztetxeko kideak haserre gaude, eta engainatuak sentitzen gara”, nabarmendu du Andrea Egozkua Danontzat gaztetxeko kideak. “Lagapenaren gaiarekin gora eta behera ibili gara, eskatzen ziguten guztia betez, eta, orain, bat-batean, kalera kondenatzen gaituzte”. Zortzi urte bete ditu gaztetxeak, eta, okupatu zutenetik, udalarekin akordio bat lortu dute, eta lagapen baimen baten bidez arautu beren jarduna. “Hasieratik nahiko harreman konstantea izan dugu udalarekin, eta ez dugu arazo handirik izan. Urtebete darama EAJk alkatetzan. COVID-19a dela eta, eskatu diguten guztia egin dugu, lagapena luzatzeko biltzen egon gara, baina ez digute inoiz ezer aipatu eraikina husteko asmoaren inguruan”, kexatu da Egozkua.
Jakinarazi duenez, bost elkarteak “harrituta” geratu ziren, kalean geratzeaz gain, oraingoz alternatibarik ez dagoela ikusi baitzuten, eta batzea erabaki dute irtenbide bat lortu ahal izateko. Arpillao Bizirik lelopean, protestak egiten hasi dira herrian. Udalari hiru eskakizun helarazi dizkiote: komunikazio mahai bat sortzea; behin betiko konponbide moduan, udalak barrakoi batzuk jar diezazkiela beren jarduerekin jarraitu ahal izateko; eta, epe laburrera begira, lokal publikoetan edo frontoian birkolokatzeko aukera izatea, Arpillaon gordetzen duten guztia nonbait sartu ahal izateko. “Bilerak egiten gabiltza; momentuz, komunikazio mahaia da adostu dugun bakarra, eta ikusi beharko da zer bilakaera duen egoerak. Borondatea dutela diote, baina, oraingoz, hitzak baino ez dira. Ekintzak ikusi arte, presio egiten jarraituko dugu”, azpimarratu du Egozkuak.
Madariagak dioenez, informazio falta handia egon da. “Udalak ez omen du eraikina konpontzeko dirurik, ezta alternatibak eraikitzeko ere. Ikusiko da zer gertatzen den”, esan du. “Urte gogorra izan da guztiontzat, eta orain berriz ere martxan jartzen ari ginenean, kolpe hau jaso dugu… Hau asko luzatzen bada, nahiko ilun ikusten dugu irtenbidea”. Jakinagatik ere eraikina ez dagoela ondo, haserre azaldu da Madariaga: “Ez dut ulertzen nola 30 urteko eraikin bat halako arazo larriekin egon daitekeen hain denbora gutxian. Goiko parteak kolapsatu egin duela esaten da, ez dagoela egurats zabalean egoteko prestatuta eta ura oinarrietaraino filtratu dela. Edonola ere, ulergaitza da”.
Udalak ez du arazoaren inguruan hitz egin nahi izan Bizkaiko Hitza-rekin. Abenduaren 28an udalaren webgunean kaleratutako albistera mugatu ditu azalpen ofizialak. Testuan, Team ingeniaritzaren aholkuei jarraituz, eraikina itxiko dutela jakinarazteaz gain, gobernu taldeak “irtenbide bateratuak bilatzeko lanean eta elkarlanean jarraitzeko konpromisoa” duela aipatzen da. “Dagoeneko hainbat aukera lantzen eta aztertzen ari dira eremua berroneratzeko. Une honetan udal gobernuaren lehentasuna elkarte eta entitateak beste toki batean kokatzeko alternatibak bilatzea da, haien eguneroko funtzionamenduak ahalik eta eraginik txikiena izan dezan”, adierazi zuen udalak, oharrean.
Egozkua, ordea, minduta azaldu da haren hitzekin. “Gure ustez, manipulatutako ohar bat da; gezurretan ari dela iruditzen zaigu, eta herriak horren berri izan behar du”, salatu du. “Bileran ikusiko da zer gertatzen den. Guk eskatzen dieguna da barrakoien proiektua kontuan hartzea, arkitektoak dena dohainik egin duelako, eta, gutxienez, dagokion balioa onartu eta erantzun bat eman behar digutela uste dugulako. Bestalde, birkolokatu behar bagaituzte, bakoitza nora joango den argi esatea nahi dugu”. Alde horretatik, beldur direla aitortu du Egozkuak. “Azkenean, udalaren partetik, irtenbideak bilatzeko orduan, argi geratu zaigu orain arte egindako bileretan gu garela gutxien interesatzen zaion elkartea”. Horregatik, gaztetxeko bizitza lehengoratu eta agenda propioa osatzeko asmoa azaldu du. “Espazio bat eskaini arte ez gara mugituko. Berez, gaur hustu beharko genuke eraikina, baina, alternatiba bat izan ezean, elkarteoi ezinezkoa zaigu hori egitea.