Gaur hasiko da Bizkaiko esku pilotako hirugarren txapelketa

Emakumezkoen sei bikote lehiatuko dira urtarrilean, Bizkaia frontoiko partidetan, ateak itxita. Hilaren 31n izango da finala. Kirolariek duten maila nabarmendu du diputazioak.

Peru Azpillaga Diez

Emakume pilotarien Bizkaiko III. Txapelketa izango da aurtengoa. Joandako edizioen arrakastaren ikusita, ekitaldi berria antolatu du diputazioak, eta, pandemiagatik bertan behera utzi ordez, beharrezko osasun neurriak ezarri eta aurten ere torneoa jokatuko dute. Gaur, hilaren 15ean eta 22an izango dira partidak, 19:00etan, Bilboko Bizkaia pilotalekuan. Finala, berriz, hilaren 31n jokatuko da, 12:00etan. Pandemiari aurre egiteko ezarri diren neurrien eraginez, partida guztiak ateak itxita jokatuko dituzte. Hala ere, partida guztiak zuzenean ikusteko aukera egongo da Bizkaia frontoiaren Facebook orrialdearen bidez. Finala, gainera, telebistaz ikusi ahal izango da, ETB1en.

Orotara, hamabi kirolarik hartuko dute parte txapelketan. Bikoteka eta bi multzotan lehiatuko dira. A taldeko bikoteak honako hauek izango dira: Amaia Aldai eta Oihana Orbegozo, Miren Larrarte eta Gentzane Alday, eta Leire Garai eta Maite Ruiz de Larramendi. Beste aldetik, B taldea osatzen duten bikoteak honako hauek izango dira: Iera Agirre eta Arrate Bergara, Olatz Arrizabalaga eta Naroa Agirre, eta Ainhoa Ruiz de Infante eta Olatz Ruiz de Larramendi.

Pilota mistoarekin

Hiruna bikoteko bi talde izango dira, beraz, eta itzuli bakarreko liga sistemaren bidez jokatuko dute txapelketa. 22 tantora izango dira partidak, eta aste bakoitzean bi jokatuko dira. Irabazleak bi puntu lortuko ditu, eta galtzaileak, berriz, bakarra. Talde bakoitzeko lehenengo bikoteak finala jokatzeko sailkatuko dira. Bigarren postuan geldituko diren bikoteen artean hirugarren eta laugarren postua lehiatuko dute, finala izango den egun berean. Bikoteen artean berdinketa izanez gero, horien arteko partidetan tanto gehien lortu dituena sailkatuko da, eta, horrela ere berdinketak jarraitzen badu, bikoterik gazteenak egingo du aurrera. Aurtengo txapelketak berrikuntza bat izango du: pilotariek pilota mistoarekin jokatuko dute lehenengo aldiz.

Lorea Bilbao Euskara, Kultura eta Kirol saileko foru diputatuak aurkezpenean adierazi duenez, “Bizkaia torneoa emakume pilotariei partidak lehiatzeko, jokatzeko eta haien joko kalitatea eta profesionaltasuna kantxan erakusteko aukera emateko sortu da”. Helburu horri jarraituz antolatuko dute aurten, hirugarrenez. Bilbaoren esanetan, emakume pilotari “oso onak” daude Bizkaian; “oso kirolari onak”. “Ea ahalik lasterren heltzen garen kirolari bezala duten balioa aitortzera, eta ez emakume kirolari bezala. Bestela, gizonezko kirolari eta emakume kirolari esaten hasi beharko gara”, adierazi du. “Biak ala biak dira kirolariak, biak ala biak behar ditugu sendo eta lehiakor, biak ala biak behar ditu gure kirolak, gure herriak aurrera egin dezan, biak ala biak behar ditu pilotak”, nabarmendu du diputatuak.

Bilbaok gaineratu duenez, Bizkaian pilotarekiko dagoen zaletasuna, emakumeek ere jokatzen dutenean “frontoiak betetzera” iritsi behar da. “Ezinbestekoa da erreferenteak sortzea, gero eta emakume gehiagok pilotan jokatu dezaten”.

EGITARAUA

Gaur

19:00. Bi partida jokatuko dituzte: Amaia Aldai eta Oihana Orbegozo, Leire Garai eta Maire Ruiz de Larramendiren aurka ariko dira, batetik. Ainhoa Ruiz de Infante eta Olatz Ruiz de Larramendi, Olatz Arrizabalaga eta Naroa Agirreren kontra, bestetik.

Urtarrilaren 15ean

19:00. Bi partida, orduan ere. Miren Larrarte eta Gentzane Aldai, Leire Garai eta Maite Ruiz de Larramendiren aurka. Iera Agirre eta Arrate Bergara, Ainhoa Ruiz de Infante eta Olatz Ruiz de Larramen- diren kontra.

Urtarrilaren 22an

19:00. Bi partida. Olatz Arrizabalaga eta Naroa Agirre, Iera Agirre eta Arrate Bergararen kontra. Amaia Aldai eta Oihana Orbegozo, Miren Larrarte eta Gentzane Aldayren aurka.

Urtarrilaren 31n

12:00. Hirugarren eta laugarren postua erabakitzeko norgehiagoka; eta, ondoren, finala.