Peru Azpillaga Diez
Egutegian gorriz markatutako hitzordua izaten da Sare plataformaren eta Bakegileen urtarrileko nazio manifestazioena Euskal Herriko milaka lagunentzat: Bilbon eta Baionan, jendetza batzen da euskal presoen eskubideen alde agertzeko. Aurten, ordea, bi martxa nazionalak ez dituzte egingo. Izan ere, osasun neurriek galarazi egiten dute halako jende pilaketak izatea. Elkartasunak, baina, ez du etenik izango, eta Sarek eta Bakegileek tokian tokiko mobilizazioak deitu dituzte —216 izango dira, guztira—, Bidea gara lelopean, nazio martxen ordez.
Sarek adierazi duenez, bi aldarri nagusi gailenduko dira aurtengo ekinbideetan: batetik, Espainiako Estatuaren urruntze politika behingoz amaitzea, eta, bestetik, “euskal presoei sistematikoki ukatu izan zaien eta etxerako bidea ahalbidetzeko behar beharrezkoa den” gradu progresioa ezartzea estatuan 107 preso daude egun lehen graduan.
Aitzitik, urruntze politikari lotuta, Espainiako Gobernuak zenbait urrats egin ditu 2020an. Euskal preso gehienak oraindik Euskal Herritik kanpoko kartzeletan dauden arren, horietako batzuk sorterritik gertuago dauden espetxeetara lekualdatu dituzte. Hori da, hain zuzen ere, Liher Aretxabaleta bilbotarraren kasua: hiru urtez Ocañako (Gaztela-Mantxa, Espainia) espetxean egon ostean, Burgosera (Gaztela eta Leon, Espainia) eraman dute. “Gure bizitza aldatu egin da”, esan du Rebeca Larak, Aretxabaletaren bikoteak. “Egunean bertan egin dezakegu joan-etorria; goizean etxetik atera eta bueltatu, prestaketa lanik egin gabe. Izugarrizko lasaitasuna ematen dizu horrek; lehen, aste osoa ematen genuen horretan pentsatzen”
Bost urteko alaba bat du bikoteak, eta egoera are gehiago aldatzen dela gogorarazi du Larak. “Beste era bateko bidaia bat da orain; umea ere konturatzen da. Galdetzen diozu ea zelan joan den bidaia, eta dio lehen luzea izaten zela; bidean geratzen ginela, pelikula bat, beste bat, beste bat… Orain, Burgosera heldu, eta lehenengo filma ez da amaitu. Badakite zer den urrun eta gertu, eta eragina du haiengan, noski”.
Aldaketak poztu arren, Larak gogorarazi du urruntze politika indarrean dagoela oraindik ere. “Liherrek Euskal Herritik kanpo segitzen du preso, eta guk errepidean 400 kilometroko joan-etorria egiten dugu oraindik. Hor dugu Basauriko espetxea, eta ez dago inongo arrazoirik Liher hor ez egoteko; badakigu nondik gatozen, eta aldaketa pozgarria da, baina egoerak bidegabea izaten jarraitzen du”.
Urruntze politika familiarentzako zigor bat dela deritzo: “Zigortuak izan gara epaiketarik izan gabe, ezer egin gabe; sufrimendu hori pairatu behar dugu, eta horrek dakarren arriskua eta gastu ekonomikoa”. Urruntze hori adineko senideentzat eta umeentzat are latzagoa dela azpimarratu du Larak, eta presoarentzat beste sufrimendu bat gehiago. “Senide eta lagunen bizitza arriskuan dago astebururo”.
Maialen Zuazok ere ondo ezagutzen du urruntze politikak sortzen duen ezinegona. Urrunketaren bi aldeak bizi izan ditu: espetxe barrutik eta kanpotik. Kartzelan zazpi urte eman ostean, 2016an atera zen, eta, geroztik, Alacantera (Herrialde Katalanak) joaten da bere bikote Arkaitz Goikoetxea barakaldarrari bisitan. Larak bezala, hiru urteko umearekin egiten du bidaia, eta Zuazo, gainera, bigarren ume baten esperoan da. Madrilek egindako mugimenduak “positibotzat” jo ditu, bere egoera oraindik aldatu ez bada ere. Aitzitik, argi du aurrerapausoak egin arren ezinbestekoa dela urruntze politika “behingoz” amaitzea: “Azkenean, berri ona da, eta gauzak baloratzen jakin behar da, baina etxetik urrun daude oraindik; zentzugabea izaten jarraitzen du”.
Horrekin batera, beste salbuespen lege batzuk ere “desaktibatu” behar direla dio: “Arkaitz bezala, oraindik badira 40 urte arteko kondenak dituzten hainbat preso, eta hori ezin da onartu”.
Mobilizatzen jarraitu
“Urruntzeak senideak zigortzen ditu beste ezer baino gehiago. Presoa berdin-berdin egongo da kartzelan, nahiz eta Euskal Herrian egon. Argi dago mendeku politika bat dela”, ohartarazi du Zuazok. “Guk hilean behin edo birritan 750 kilometro egin behar ditugu Alacantera joateko, eta beste hainbeste bueltatzeko. Inoiz ez du zentzurik izan, eta, orain, are gutxiago”.
Egoera aldatzeko bidean, biek aipatu dute mobilizatzea zer garrantzitsua den. “Ezin dugu pentsatu ezer oparituko digutenik, ezta orain mugimendu batzuk egiteagatik Espainiako Gobernuak borondatea duenik ere; hemen presio bat egon behar da, gizarte mailako etengabeko salaketa lana”, esan du Zuazok.
“Beste garai batzuetan bizi gara: lehen, gatazka gordin bat genuen erdigunean; orain, giroa oso bestelakoa da. Baina horrek ez du kentzen era guztietako salaketak egiten jarraitu beharra”, dio Zuazok. Uste du euskal presoen aferak “ikusgarritasuna” galdu duela: “Gai hau ezin da soilik senideen gain gelditu; ez da erraza, baina asmatu behar da gizartearengan tentsio eta erantzun hori bilatzen”, adierazi du. “Azkena atera arte jarraituko dugu lanean”, erantsi du Larak. “Pozten gara mugimenduak egon direlako, baina oraindik ez dago borondate politikorik egoerari konponbide bat emateko”.
Birusak, oztopo gehiago
Koronabirusak espetxeetan “oso egoera zaila” eragin duela nabarmendu nahi izan dute biek. Ohartarazi dute gizarte osoa astindu duen birusak presoak are baldintza “zaurgarriagoetan” utzi dituela. “Agonia handiarekin bizi duzu egoera, ez dakizulako noiz joan ahalko zaren berriz bisitan”, azaldu du Zuazok. Leku askotan bisak kendu dituztela kontatu dute; Larak, adibidez, bakarra izan du iazko martxotik. “Guretzat zaila da, baina alabarentzat are zailagoa; laster urtebete egingo du aita kristal baten atzetik ikusi gabe”, salatu du. “Barruan dagoenaren oinarrizko sostengua gara; lehen miseria bat bazen, pentsa hori ere kenduta”, gehitu du Zuazok. “Gainera, barruan denak jarraitzen du berdin; ez dute apenas neurririk hartu”, deitoratu du. “Egin duten gauza bakarra zera izan da, ateak itxi eta kanpokoekin muga gehiago ezartzea”.