Peru Azpillaga Diez
Zer arnasten du pertsonak? Nolakoa da herritarren biriketara heltzen den airearen kalitatea? Kutsatua egon liteke? Galdera eta kezka horiek herritar askoren haserrea piztu dute aurten Bizkaian, kutsadura berriek astinduta. Enpresa batzuen isurien kontrako salaketak egin dituzte plataforma batzuek, eta beti susmo bera agertu dute: legea urratu dutela. Muskizko Petronorren koke planta, Gueñes eta Zalla artean biomasa erretzen ari den Glefaran enpresaren jarduna, Erandion Befesa enpresak egindako isurketak eta Durangaldean Tecnaliaren ikerketak atzemandako bentzeno kantitate altuak izan dira 2020an zeresan gehien eman duten kutsadura kasuak.
Meatzaldea Bizirik elkarteak hamar urte baino gehiago daramatza Petronorrek 2013an Muskizko findegian eraiki zuen oke plantaren eraikuntza legez kanpokoa dela ohartarazten. Mugimenduak nabarmendu du 2009tik ari direla salatzen plantaren baimen falta —2013an ireki zuten—. “Eusko Jaurlaritzak ez du gaia aintzat hartu —planta eraikitzea baimendu zuen ezinbesteko baldintza hori bete gabe—, ezta Espainiako Trantsizio Ekologikorako Ministerioak berak ere, hamabi urtean ez baititu aintzat hartu gure informazio eskaerak, salaketak eta bilera eskaerak”, esan dute elkarteko kideek. Gogoarazi dute Espainiako Kosta Agintaritzak ez zuela koke planta eraikitzeko baimenik eman, eta hori ezinbestekoa dela kostaldeko lur eremu publiko batean eraiki behar denean. “Baimen hori gabe, eta dagokion zigor espedientearekin, eraitsi egin behar da, edo jarduera bertan behera utzi”.
Espainiako Auzitegi Nazionalak, azaroan, laugarren aldiz eskatu dio Espainiako Trantsizio Ekologikorako Ministerioari erabakitzeko Petronorri zigor espedientea ireki edo ez, eta datozen egunetan jakingo da azken horren erabakia zein den. Herritarrek orain arte bizi behar izan duten egoera gaitzetsi du taldeak. Haien hitzetan, “justifikatu ezina” da kostaldeko lur eremu publikoa babestu behar luketenek bizilagunak “behartzea” hamabi urteko auziak jasatera. “Eta horiek igaro eta gero ere, ez dituzte epaileen aginduak betetzen”.
Erandioko Auzotarrok elkarteak EAEko Arartekora eta Ingurumen Fiskaltzara jo zuen urrian, Asua auzoko Befesa Aluminio eta Sangroniz auzoko Befesa Oxido Zinc enpresek egiten dituzten isurketak salatzeko. Industria hondakinak birziklatzen dituzte bi planta horietan. Bereziki, Erandiogoikoko bizilagunek eta, oro har, udalerri osokoek eta inguruetako herrietakoek dagoeneko sei urte daramatzate egoera erakunde publikoen aurrean salatzen.
“Erantzun eta konponbide faltak nazkatuta”, elkarteak aireko partikulak neurtzeko gailu bat eskatu, eta neurketak egin zituen. Asuako merkataritza gune bateko aparkalekuan zeudela, elkarteko kide bi zorabiatu egin ziren. Azalpena neurgailuak eman ziela kontatu zuten: PM 2,5 partikulen kopurua metro kuboko 600etik gorakoa zen, eta PM 10 partikulena, metro kuboko 800etik gorakoa. Alegia, baimendutakoa baino hamabost edo hogei aldiz handiagoak diren kopuruak.
Horretaz gain, Erandio inguruko fabrikek erreketara isurketak egiten dituztela ere aipatu zuten. Ondorioz, inguruetako bizilagunek eztarriko lakarra, buruko minak eta usain txarrak pairatzen dituztela nabarmendu zuten.
Gueñes Bizia plataforman bildutako herritarrek Gueñes eta Zalla artean biomasa erretzen ari den Glefaran enpresaren jardunari buruzko “eztabaida publikoaren” beharra jarri dute mahaiaren gainean. Hori lortzeko, Gorka Llantadak Gueñesko kultur etxeko gela bat okupatu zuen otsailean, eta astebeteko gose greba egin: “Zallako eta Gueñesko alkate eta zinegotziekin izan ditugun bileretan ez digute argudiorik eman; beraz, nahi dugu jendaurrean azaltzea zer dagoen haien titularren atzean. Guk konfiantza dugu gure argudioetan”, adierazi zuen.
Biomasa plantak isurtzen duen kutsaduraren inguruan kezka handia dago bi herri horietan. Glefaran enpresak 2016ko urtarrilean jarri zuen martxan, Pastguren paper fabrikak erabiltzen zituen instalazio berberetan. Izatez, Pastgurenen ingurumen baimen bateratua berritu zion Eusko Jaurlaritzak Glefarani, bi plantek antzeko jarduera izango zutelakoan. Baina, Glefaranek, pelletak eta paper pasta egingo zuela zabaldu bazen ere, jarduera bakarra du egun: basoko biomasa erretzen du, energia sortzeko. Plataformak salatutakoaren arabera, egurra erraustean isurtzen diren gaiak oso toxikoak dira. Enkarterrin bisitan egondako zientzialari batzuek ere hala uste dute, plantak eragindako kutsadurak hainbat gaitz sor ditzakeela azaldu baitzuten. Urtarrilaren 25ean, Zallatik plantara egindako manifestazioan 3.500 lagun elkartu ziren, Gure osasunaren alde lelopean.
Arnasten zuten airearen kalitateak kezkatuta, Durangairea plataforma sortu zuten hainbat herritarrek 2017an. Durangaldeko zenbait udalerritan aireak “usain txarrak” eta “intoxikazio zantzuak” zekartzala salatu, eta ikertu beharreko fenomeno bat zela aldarrikatzen zuten. Durangoko Udalak airearen kalitateari buruzko txosten bat eskatu zion Tecnaliari, eta aurten argitaratu da, joan den urrian, airean bentzeno partikula arriskutsuak zeudela ondorioztatuz.
Durangairea plataformak azaldu duenez, azterketak “argi eta garbi” frogatu du ezarritako arauen mugak gainditzen dituzten elementu minbizi-eragileak isuri direla zenbaitetan. Isuri horiek, gainera, Iurreta inguruan sortzen direla dio txostenak, eta plataformak ikerketa bat egiteko eskatu dio Jaurlaritzari, baita “beharrezko neurriak” hartzeko ere: “Arduradun politikoek neurriak hartu behar dituzte; guztion osasuna dago jokoan. Benetan zer gertatzen ari den ikertu eta horri aterabide bat emateko garaia da”.