Eskaintzen den arreta auzitan ipini du birusak

Eskaintzen den arreta auzitan ipini du birusak

Zaurgarrienak are zaurgarriago bilakatu ditu pandemiak. Hori horrela, joan den martxoan, neurri zorrotzagoak hartu behar zituztela pentsatu zuten Gernika-Lumoko Kaltzada adinekoen egoitzako langileek: hamabost egunez konfinatu ziren, egoiliarrekin batera. Martxoaren 31tik apirilaren 14ra, 47 langile adinekoekin batera bizi ziren. Bizkaiko Hitza-k horietako batzuekin hitz egin zuen. Erabakiaren arrazoiak azaldu zituzten: “Birusa egoitzan sartzea eragotzi nahi genuen. Egunero sartu eta irtenda, birusa barrura sartzeko arrisku handiagoa zegoela pentsatu genuen”. Izan ere, adinekoen egoitzak gogor kolpatu ditu SARS-CoV-2 koronabirusak. Lehen olatu deitutakoan, martxotik ekainaren 30era, 352 egoiliar hil ziren. Ordutik aste honen hasierara, beste 111. Bizkaian ofizialki hil direnen herena inguru izan dira egoitzetako egoiliarrak. Izan ere, gaitzak jotako egoiliarren %31 inguru hil dira. Martxotik hona ia 2.500 egoiliarrek pasatu dute gaixotasuna.

Martxoaren 5ean osatu zuen Bizkaiko Foru Aldundiak COVID-19ari aurre egiteko egoitzetan ezarri beharreko protokoloa. Martxoaren 13an eman zuten PCR proban positibo egoitzetako lehen bi beharginek. Martxoaren 14an, egoitzetara bisitak egiteko debekua ezarri zen. Eta orduan iritsi zen egoiliarrentzako bigarren gaitza: isolamenduak eragindako bakardadea eta tristura. Senideen borroka nagusia bilakatu zen bisita egiteko eskubidea.

Beharginek, berriz, lanerako baliabide falta salatu dute etengabe pandemia hasi zenetik. Batez ere, Birjinetxe zentroan dabiltzan beharginen babes faltaz ohartarazi zuten sindikatuek. Diputazioak egoitza hartako egoiliarrak beste batzuetara eroan zituen, eta hura positibo ematen zuten adinekoak isolatzeko egokitu zuen. Bertan zegoen birusa.

Ekainetik uztailera hainbat astez kutsaturik gabe egon ziren arren, uztail bukaeran berriro itzuli zen birusa egoitzetara. Eta harrezkero, hainbat agerraldi izan dira. Osasun larrialdiak berriro ere mahai gainean ipini du adinekoei eskaintzen zaien arreta; eztabaida pil-pilean dago. Diputazioak eredua aldatzeko konpromisoa hartu du: zentro txikiagoetan oinarritu gura du. Pentsiodunak eta sindikatuak mobilizazioetan dabiltza.