“Ondo pasatzea ere politika da”

“Ondo pasatzea ere politika da”

Peru Azpillaga Diez

“Punk kulturari lekua egin zion gune bat, non itxurakeria zentzurik gabeko difamazio baldar bat baino ez den. Era berean, funtsezko bilakatu zen kontzientziak astindu eta kultura modu erabat subertsiboan garatu zuen punk-hardcore mugimenduaren barruan”. Halaxe deskribatu du Andoni Fernandezek (Bilbo, 1983) Bilboko Irala auzoan zegoen Izar Beltz ateneo anarkista. Orain dela hiru urte hutsarazi zuten eraikin okupatua, eta, haren memoria galdu ez dadin, han bizitakoak liburu batean bildu ditu Fernandezek: Izar Beltz Ateneoa. La historia del ateneo contada desde los locales de ensayo. 2006/2017 (Dot Liburuak, 2020).

Nola bururatu zitzaizun ateneo anarkista baten inguruko liburu bat idaztea?

Kaleratzea baino lehen izan nuen ideia da. Gunea arriskuan zegoela, pentsatu nuen ondo legokeela nonbait islatzea Izar Beltzen 11 urtez bizitako guztia. Garai hartan, animoak ez ziren onenak, eta hango kideek ez zuten proiektua begi onez ikusi. Hala ere, argi nuen egin beharreko lan bat zela, eta, beraz, informazioa biltzen eta jendearekin hitz egiten hasi nintzen. Orain, hiru urte igarota, hainbat kolektiboren laguntzarekin kaleratu dut, eta ilusio handiz hartu dute denek.

Izar Beltzen historia kontatzeko, han izandako musika taldeak izan dituzu ardatz; zergatik?

Ate bati emandako ostikada batetik, 41 musika talde atera dira, eta ez hala moduzkoak. Inplikatuak eta kutsu politiko handia izan duten taldeak sortu dira Izar Beltzen; batzuek Europan eta Ameriketan birak egin dituzte.

Zer lotura zegoen taldeen eta ateneoaren artean?

Ateneoaren jarduna oso lotuta egon da talde hauen izaerari. Nolabait esanda, han zeuden taldeak asanbladaren ispilu moduko bat izan dira. Beraz, ateneoaren eboluzioa bera bertako taldeen estiloan antzematen da.

Adibidez?

Lehendabizi punkak egin zuen tokia. Oso talde makarrak ziren; tu-pa, tu-pa, eta dena pikutara. Horietako batzuek oihartzun handia lortu zuten: esaterako Deposito de Cadaveres taldeak. Denborak aurrera egin ahala, ateneoan jende berria sartzen hasi zen, eta horiekin batera asanblada ere etengabeko aldaketan egon da. Hara biltzen zen jendeak gauza berriak ekartzen zituen, eta hori argi geratzen da taldeen estiloan: crust-a sartu zen; gero, beganismoarekin batera, horri lotutako letrak zituzten taldeak agertu ziren… Azkenean, Bilbon zegoen punk makarrenak sintetizadoreez egindako musika moderno izaten amaitu zuen, baina betiere guneak zuen punk kutsua mantenduz.

Zure aurreko liburua 1980ko hamarkadan itzalean aritutako punk taldeei buruzkoa da (Mierda de Bizkaia). Orain, ordea, Bilboko “punk belaunaldi berriaren historia” kontatzen duzu.

1980. hamarkadako taldeekin izan nuen lehendabiziko eztanda musikarekin, eta une oro betiko bost taldeak aipatzeak sortzen zidan amorrutik idatzi nuen liburua. Gerora, izan dira punkaren belaunaldi berriak, baina nork kontatuko du hori? Guk geuk. 11 urte iraun zuen ateneoan, zazpi urte eman nituen; ez nintzen asanbladakoa izan, baina ikusi egin nuen eboluzioa, eta argi nuen hori kontatu egin behar nuela ezinbestean.

Zergatik zenuen hain argi?

Nik beti pentsatu dut gune bat husten dutenean badirudiela hor zegoen bizitza guztia egunetik gauera desagertu egiten dela. Gutxi batzuen memorian geratzen da, eta horrek pena handia ematen dit. Saiatu, adibidez, norbaiti orain azaltzen nolakoa zen Kukutza. Topatuko duzu argazkiren bat Interneten; kaleratzeari buruzko liburua hor dago. Baina, nola azaldu han zegoen bizitza guztia? Horregatik kontatu nahi nuen Izar Beltzen historia: han bizitakoek ere, gutxienez, oroitzapen hau izateko.

Pentsatu eta egin, beraz.

Punkak erakutsi digu zerbait: iniziatiba hartu, gauzak zure kabuz egin, eta edozer egiteko gai zarela ikusi. Liburu hau edonork idatz dezake. Izar Beltzera heldu nintzenean, ni beste ideologia politiko batetik nentorren, eta anarkisten etxean nirean baino erosoago sentitu nintzen. Titularra hau izan daiteke: “Liburu hau omenaldi bat da han bizitako jendearentzat”. Nik ez dut ezer kobratu hau argitaratzeagatik.

Nola argitaratu duzue liburua?

Hainbat kolektiborekin elkarlanean egindako lana da: modan dagoen DDT banaketak, Komantxe konpartsa, (A)fter post kolektiboa, Anna Campbell gune askea, Bilbo Vegan Edge eta nik neuk osatzen dudan Ediciones sin Gluten. Nik neuk dirua jarri dut liburua argitaratzeko. [Barre egin du]. Galtzaileen kontua dirudi, baina beti gustatu izan zaizkit galtzaileen istorioak.

Zer nabarmenduko zenuke liburutik?

Mimo handiz egindako lan bat izan dela. Emaitza oso polita geratu da. Maketazioa asko zaindu dugu: collage-ak, haizea, tipografia… Fanzineen mundutik eratorritako liburu bat da, oso erraz irakurtzen dena. Doinuak ere laguntzen du horretan: informala da; ez da gauza serio bat. Liburuarekin batera, hor agertzen diren 24 talderen abestiak biltzen dituen CD bat ere sartu dugu.

Musika taldeak dira ardatza. Nola dago antolatuta liburua?

Historia kronologikoki idatzita dago. Sarrera Nikok [Vazquez] idatzi du, MCD taldeko baxu jotzaileak. Iralan sortu zen taldea, eta beharrezko ikusi nuen haren hitzak sartzea. Gero, urteka antolatuta dago, okupaziotik kaleratzeraino: hasierako pausoak, taldeen bilakaera eta musikaren transformazioa, desalojoa, talde madarikatuak eta auzoko kolektiboak. Atal bakoitzaren atarian, asanbladari buruzko azalpentxo bat dator, ulertzeko nola aldatu ziren, taldeekin batera, asanblada eta, beraz, ateneoa bera.

Zer dira talde madarikatuak?

Bolo bakar bat jo edo horretara ere iritsi ez ziren taldeen zerrenda da: Anti-coffe, kafearen aurkako abestiak; Deposito de semen, Robando en el super bezalako abestiekin; gaita jotzaile bat… Itzela da; jendeak ikusi behar du.

Zer ikas daiteke liburu honetatik?

Ostikada eta barrura. Hori da belaunaldi berriei argi geratu behar zaiena. Nik maitasun handiz idatzi dut liburu hau, eta espero dut irakurleak ere jasotzea Izar Beltzen bizitako amodioa eta errespetua. Kaña eta rollo ona; erradikala zen, eta disfrutatzen zenuen. Aldarrikapena, bai, baina ondo pasatzea ere politika da. Hango jendea oso erreala zen; orain ikusten dituzu, eta berdin jarraitzen dute: okupatzen, argia pintxatzen… Ez zegoen inolako itxurakeriarik. Beste Izar Beltz bat behar dugu.

Zer eskaini dizu Izar Beltzek?

Pentsatzeko beste era bat, jarduteko beste modu bat. Oso jende aktiboa zen. Ni beste ildo politiko batetik nentorren, eta asko harritu ninduen. Onena da oraindik berdin jarraitzen dutela; benetakoak dira, eta familia bat dut hor.

Zergatik orain?

Hedabideak okupazioaren aurkako gauza asko ateratzen ari dira, eta garai ona da okupazioaren alde positiboak aldarrikatzeko.