“Trikitilari ibili naizen urteotan, kopla izan da nire ibilbidearen ardatza”

“Trikitilari ibili naizen urteotan, kopla izan da nire ibilbidearen ardatza”

I. Maruri Bilbao

Miren Etxebarria alaba txikienarekin batera, Roberto Etxebarria trikitilariak (Gatika, 1969) disko bat kaleratu berri du: Hamaikatxu kopla… pandero baten konture!. Bihar dute aurkezpen kontzertua, Mungiako Olalde aretoan, 19:00etan. Astelehenean Durangoko Azokan izango dira: 13:15ean, Plateruenan.

Trikiti disko bat grabatu duzue, panderoa protagonista dela. Bitxia, ezta?

Panderoa eta kopla. Beti-betiko kontzeptura jo dugu: pandero jotzailea koplaria izan dadila. Arakatzen ibili gara, eta, orain galduta dagoen arren, oso ohikoa izan da erromeriak pandero hutsez eta kantuz egitea. Normalean emakumeak izaten ziren. Mauriziak [Aldeiturriaga] ere esana zuen berak ezagutu zuela hori, baina ez zuen datu gehiagorik eman. Gure inguruan badira adibideak: Galizian, eta Kantabrian eta Gaztelan [Espainia].

Edozelan ere, diskoan kanta bera topatu daiteke pandero hutsean eta beste musika tresna batzuekin; bi bertsioak.

Hasiera bateko ideia pandero hutsezko koplen disko bat egitea zen. Baina esan zidaten gogorra izan zitekeela, eta hamahiru kantetatik bizpahiru dira pandero hutsezkoak, eta, besteak, banda formakoak. Baina banda forma horretan ere panderoak eta ahotsak mantentzen dute egituraren pisua.

2017an hasi zineten grabatzen. Lan luzea dago atzean?

Luze jo du grabaketak, baina beste kontu batzuengatik. Diskoaren lana, batez ere, aukeraketa lana izan da. Nik 35 urte daroat trikitilari. Urteotan harremana izan dut nire irakasle izandako Rufino Arrolarekin, Mauriziarekin [Aldeiturriaga] eta 30 urtean nirekin pandero jotzaile ibili den Kepa Arrizabalagarekin. Asko ikasi dut haiengandik. Beti izan naiz ezagutzen nituen datuak apuntatu eta gordetzekoa. Hasieran ulertzen ez nituenak, gerora ulertzen eta forma ematen joan naiz.

Hitzak kopla herrikoienak dira edo beren beregi sortutakoak?

Erabaki genuen kopla zahar herrikoiak izango direla. Labayru fundazioak argitaratutako Javier Kaltzakortaren Dantza-kopla zaharrak liburutik hartutakoak dira. Hurrengo diskorako pentsatu dugu autore lanak sartzea, denak ez bada gehienak.

Alabak eta biok kopla disko bat atera duzue. Korrontzi ere, Xabier Amurizarekin, Koplariak kaleratu berri du. Kopla modan dago Bizkaian?

Badirudi baietz. Batzuetan horrelako kointzidentziak egoten dira. Hala ere, nire inguruan kopla beti egon da modan. Ni trikitilari ibili naizen 35 urteotan, kopla izan da nire ibilbidearen ardatza. Gure saio guztietan kopla oso garrantzitsua izan da. Egia da betiko koplak lekua bertso munduan ere hartu izan duela azkenaldian.

Zelakoa izan da aita-alabek elkarrekin lan egitea?

Gure etxean hiru seme-alabek txikitatik bizi izan dute trikitia eta koplen mundua oso gertutik. Umetan lotarako koplak kantatzen nizkien. Modu naturalean hartu izan dute beti. Hiruretatik txikienak hartu du gogotsuen, eta berez etorri da diskoa elkarrekin grabatzeko aukera.