“Tokiora joateko gogo handia daukat, eta ez didate uzten”

Downen sindromea duenez, Mikel Garcia korrikalaria ezin da Paralinpiar Jokoetan lehiatu. Hori aldatzeko sinadurak bildu ditu, eta auzia Espainiako Senatura iritsi da. Aho batez babestu dute.

Maialen Arteaga

Mikel Garcia (Bilbo, 1996) Bilboko Irala auzoko korrikalaria da. Australian eta Polonian aritu da mundu mailan lehiatzen. Egun, hiru urrezko domina ditu: 400, 500 eta 1.500 metroetako txapelduna da. Downen sindromea dauka, eta ez dagoeneko bere kategoriako txapelketarik, ezin da 2021ean Tokioko Paralinpiar Jokoetan lehiatu. Egoera aldatzeko asmoz, sinadura bilketa bat abiatu zuten. Espainiako Senaturaino iritsi zen haien eskaera. Senatariak bozkatzen ari ziren bitartean elkartu ziren kirolaria eta haren aita Gotzon Garcia (Bilbo, 1962) Bizkaiko Hitza-rekin. Senatuak aho betez onartu du familiaren proposamena.

Zergatik ezin duzu Tokioko Paralinpiar Jokoetan parte hartu?

MIKEL GARCIA: Pertsona askok Downen sindromea dute, eta ni horietako bat naiz. Ez dut ulertzen zergatik ez didaten jokatzen uzten, zergatik ez dagoen gure moduko pertsonentzako kategoriarik.

GOTZON GARCIA: Ezgaitasuna dutenentzat lau kategoria berezi nagusi daude: ezgaitasun fisikoa, ikusmena, garuneko paralisia eta ezgaitasun intelektuala. Azkenaren barruan ez dago bereziki Downen sindromea dutenentzako kategoriarik. Paralinpiar Jokoetako espiritua hau da: mailarik gorenenean baina baldintza berdinekin lehiatzea. Bada, horixe.

Zer sentitzen duzue honen guztiaren aurrean?

M.G. Amorrua. Tokiora joateko gogo handia daukat, eta ez didate uzten.

G.G. Lehengo aldiz proba internazional batera joan ginenean, Australiara, buruari bueltak ematen hasi ginen Elvira [Goti, Mikelen ama] eta biok: “Zerbait egin behar dugu”, pentsatzen genuen. Ez Mikelengatik soilik; ez zitzaigun bidezkoa iruditzen kategoria hau bigarren mailan gelditzea. Maila handieneko lehiaketak Mikelek irabazi dituenak dira, eta hor gelditzen da. Horren aurrean, lagun, entrenatzaile eta familia askok Downen sindromea dutenentzat pareko lehiaketak antolatzen dituzte. Baina hori ez da konponbidea. Jarraitu beharreko printzipioa justizia baldin bada, pertsona hauek beste guztien pare lehiatzea lortu behar da. Euskal Herrian ez daude Mikelen antzeko kasu asko, baina Espainian bai, baita mundu mailan ere. Benetan ona den jende asko dago, eta horiengatik guztiengatik gabiltza borrokan.

Mikelekin gertatzen ari den honek zer erakusten du?

G.G. Ezgaitasun bat duen seme edo alaba bat duzun momentutik onartuta daukazu bizitza osoan borroka egin beharko duzula. Ez zure semearengatik bakarrik, baizik eta justiziarengatik. Arlo hau duela hamar urte baino hobeto dago orain, baina oraindik gauza asko gelditzen zaizkigu borrokatzeko. Kirolarena bat da, baina badakigu hezkuntzako, laneko eta gizarteko beste hainbat gaitan ere borrokatu beharko dugula. Azkenean, isilik geratzea ez da aukera bat.

8.000 sinadura bildu zenituzten Change.org plataforman. Baina urrunago ere iritsi da sinaduren proposamena, ezta?

G.G. Bi hilabete eta erdian lortu genituen 8.000 sinadurak. Guk gure ingurukoei bidali genien, baina gurekin zerikusirik ez zuen jende askok sinatu zuen. Mundu osoko pertsona askok eman digute babesa. Mikelen aldeko kanpaina bat ere sortu dute batzuek. Oso harrera ona izan du. Plataformako kideek ere deitu ziguten, esanez oso proposamen ona iruditzen zitzaiela eta beraiek ere zabalpenean lagunduko zigutela. Azken batean, ez da zerbaiten kontra egiteko sinadura bilketa bat: pertsona ororen eskubidea bermatzeko, kirola egiteko eskubiderako kanpaina bat da. Baina, hala ere, proposamena guk uste baino urrunago iritsi da, bai. Senatura kasualitatez iritsi dela esan dezakegu. EAJko senatari baten eskutara iritsi zen sinadura bilketa, eta gurekin harremanetan jarri ziren. Kultura eta Kirol arduradunari helarazi zioten mezua, eta begi onez hartu zuen eskaera. Downen sindromedunentzat kategoria propioa sortzeko proposamen hori bozkatuko dute, eta, egia esan, harrera ona izango duela aurreikusten dugu. Asko eskertu dugu gure proposamena Senaturaino heldu izana; azken batean, horrek bultzada ematen digu. Gure inguruko jende asko etsita zegoen honekin, ez zuten espero horren urrun iritsiko zenik. Honek animoak eman dizkigu, ezta, Mikel?

M.G. Bai, auzoan asko animatzen naute, eta nirekin batera lehiatzen dutenak eta taldekideak ere gogoz daude.

Proposamen hau aurrera badoa, Downen sindromea duten pertsonentzat mugarri bat izan daitekeela uste duzue?

G.G. Bai. Ate berri bat irekiko da. Dena den, beste mila geratuko zaizkigu irekitzeko.

Tokiorako beranduegi bada, 2024an Parisko Olinpiar Jokoetan ikusiko zaitugu, Mikel?

M.G. Bai. Asko entrenatzen naiz. Astean bost egunetan, eta, batzuetan, egunero ere bai. Orain oporrak hartu ditut.

G.G. Mikel ere asko entrenatu beharko da, beste edonor bezala. Seguruenik ez gara Tokiorako iritsiko, baina Australian eta Polonian egon ostean, Parisera iristea ere lortuko dugu.