Errekaldeko autobide zatia kentzeko eskean

Errekaldeko autobide zatia kentzeko eskean

Natalia Salazar Orbe

Bilboko Errekaldeko bizilagunek urteak daramatzate auzoaren gainetik pasatzen den A-8 autobidearen zatia handik kentzeko eskatzen. Egoera jasanezina dela azaldu du Jose Luis Padilla Medrano Autopista Kanpora plataformako kideak: “Burdinezko bobinak erori dira Elejabarriko eskolaren aurrean. Bi kamioi geratu ziren zubitik zintzilik. Kamioi baten gurpil bat erori zen, eta bosgarren solairuko etxebizitza batean sartu zen. Eskerrak ez zegoela inor etxean. Duela bi urte, zarata gutxitzeko jartzen diren metakrilatozko panel batzuk eta txapak erori ziren. Beste batean, obretako kono bat erori zen emakume baten ondoan, bidean oinez zihoala; gutxigatik ez zion eman”. Arriskuak, zarata eta kutsadura salatu dituzte. Aski dela sinetsita, Bizkaiko Foru Aldundiari eskatu diote datorren urteko aurrekontuetan Errekaldeko saihesbidea egiteko diru saila jaso dezala. Autobidea kentzeko lehen pausoa da hori.

Joan den uztailean, eskaera erregistratu zuen plataformak. Batzar Nagusietan ordezkaritza duten talde guztiei eskatu zieten 2021eko aurrekontuetan diru sail bat jasotzeko Errekaldeko saihesbidearen proiektua berehala garatzen hasteko. Prozesua Bilboko HAPO hiri antolamendurako plan orokorra edo ingurumen azterketa estrategikoa onartu bezain laster hastea nahi zuten. “Beste guztiek esan ziguten eskatuko zutela diru saila. EAJren eta PSE-EEren erantzunik ez dugu izan, eta haiena da inportanteena”.

Prozesua berehala hastea nahi dute. “Aldundiak esana zigun Bilboko Udalak hiri antolamendurako plan orokorra onartzen zuenean hasiko zirela proiektuarekin. Martxo eta maiatz artean onartuko du plana udalak. Esan zuten hori amaitu arte ez zirela hasiko proiektua martxan jartzen”.

Bilboko Udalak baieztatu die Errekaldeko saihesbidea “jasota eta zehaztuta” dagoela HAPOan. “Ingurumen analisia ere onartuta dago, eta Bizkaiko Lurraldeko Errepideen Sektore Planean zehaztuta”. Aldundia aurrekontuak prestatzen ari da, eta plataformak galdetu du zeren zain dauden proiektu horretarako diru sail bat jasotzeko.

Errekalde

11 eragileren eskaera

Hitzetatik ekintzetara pasatzeko eskatu dute. Aldundia Europako funtsei zer finantza laguntza eskatu aztertzen ari dela jakin dute. Errekaldeko saihesbidea egiteko proiektua eta A-8 autobidearen auzoaren gaineko zatia desagerraraztekoa ere eskatzeko aldarrikatu dute Autopista Kanpora plataformak eta beste hamar eragilek. Hauek dira eskaera sinatu dutenak: Onki Xin, Ganekoop, Gazteleku, Iturri, Arraizpe, Agintza, Belaunaldi Galdua, Emakumeen Lur, Zohardia eta Errekaldeberriko Eskaut Taldea.

“Proiektuari bulkada emateko eta azkeneko 40 urteetan egon den bezala alboratuta geratzea saihesteko funtsezko unea” dela uste dute eskaeraren sinatzaileek. Hala azaldu dute ohar bidez. “Proiektu honek berebiziko garrantzia du Errekaldeko bizilagunen bizi kalitatea hobetzeko. Kutsadura akustikoa murriztea eta airearen kalitatea hobetzea ekarriko luke. Herritarrek hamarkadatan eskatutako proiektua da, eta erakundeek bete gabe duten zorra”. Iraganean talde politiko guztiek esan zieten azpiegitura hori kendu egin behar dela eta horretarako lan egingo dutela. “Uneotan erakutsi behar da hitz politak jarduera zehatz bihurtzen direla”, esan dute eragileek.

Padillak adierazi du plataformak tinko eusten diola eskaerari. “Horretan gaude, jo eta ke. Baina ez digute kasurik egiten. Beste lehentasun batzuk dituzte: Lamiakoko tunela eta Bilbo Hegoaldeko saihesbidea. Inork ez ditu eskatu, baina egingo dituzte. Eta gurea beti atzeratzen da. Ez dute egiten jendeak eskatzen duena, baizik eta nahi dutena”.