Beraien hazia erein nahi dute

Beraien hazia erein nahi dute

Zihara Jainaga Larrinaga

Herrian andreen eta, batik bat, gazteen arteko elkargune bat falta zela ikusirik sortu zen Zornotzako Suhaziak taldea, bukatzen ari den urte arraro honen hasieran. Hain zuzen, Martxoaren 8ko ekintzak prestatzeko aitzakiarekin batu ziren lehen aldiz. Hilabete lehenago izan zen. Neska talde bat elkartu eta beraien arteko harremanak nolakoak ziren aztertu, neska gazte moduan zein gabezia edo behar zituzten ikusi eta elkar ezagutzeko asmoz egin zuten lehen bilera. Helburua: elkargune feminista bat, eta, zehazki, neska gazteen talde feminista bat sortzea. “Denok ikusten genuen hutsune hori, bistaz ezagutzen genuen elkarren artean, eta naturaltasunez atera zen taldea”, azaldu du Ainhoa Aurtenetxe Suhaziak taldeko kideak.

17 eta 23 urte bitarteko zortzi neskak osatzen dute gaur egun. “Taldea nahiko plurala da, eta espero ez genuen jende asko hurbildu da”, nabarmendu du Nerea Abrisketa taldekideak. Hala, profil desberdinak batzen dituen neska talde plural bat osatuta, oso pozik daude. “Gazteen hutsunea betetzeko beharragatik elkartu ginen, eta, aukera baliatuta, talde indartsu bat sortzea lortu dugu”, gaineratu du Abrisketak.

Batez ere, neska eta gazte perspektiba lantzeko asmoarekin sortu zen taldea. “Neska eta gazte: bi zapalkuntza horiek nola elkar zapaltzen duten ikusi, eta feminismotik borrokatu nahi genuen”, esan du Aurtenetxek. “Zornotzako gazte belaunaldietan, mutil eta gizonen aldetik, oso erreakzio heteropatriarkal indartsua zegoela sumatzen genuen”, gaineratu du. Hori horrela, “ekinbideari ekiteko” batu ziren. Egoerari aurre egiteko, beraien artean antolatu eta saretzeko, hein batean.

Pandemiarekin, geldotu

Martxoaren 8ko lehen ekitaldia oso arrakastatsua izan zela azpimarratu dute Aurtenetxek eta Abrisketak. Ikusi zuten neska gazteak asko biltzen direla talde feministak antolatzen zituen ekintzetara; indartsu eta parte hartzeko prest zeudela. Handik egun gutxira, baina, pandemiak, nolabait, zapuztu egin zituen Suhaziak taldeko nesken hasierako ilusioak. Hala ere, beraien artean sare sozialen bidez harremanetan jarraitu zuten. Hain zuzen, euren adin tarteko neska zein mutiletan eragiteko, eta baita kanpainak egiteko ere, sare sozialak ezinbestekoak direla uste dute. “Ikusi dugu Zornotzan entzun gaituztela; badakite hemen gaudela”.

Uztailerako, bestalde, jardunaldi feminista batzuk zituzten antolatuak: nolabait, taldearen abiapuntua izan behar zuten. “Taldeari izaera bat eman eta gure artean gehiago ezagutu nahi genuen jardunaldien bidez”. Egoerak, baina, bertan behera utzi beharra ekarri zuen. “Ez genuen baimenik lortu egin ahal izateko”, zehaztu du Aurtenetxek. Antolakuntza nahiko aurreratua zuten, kide bakoitzak esparru desberdin batetik landuko zuen auzia, eta beraien artean zituzten kezka, gabezia edo nahiak azeleratuko ziren. Hori horrela, gogoz daude etorkizunean eta egoerak uzten duenean jardunaldiei berriro ekiteko. “Hori da gure lehentasuna”.

Egun, momentuko egoerara egokitzen ari da Suhaziak. Zornotzan dauden beste bi eragile feministarekin harremanak sortu dituzte, eta, zenbaitetan, elkarlanean aritzen dira. “Aurten, Azaroaren 25eko ekinbideak hiru taldeon artean antolatu ditugu. Hiruron artean osatzen dugu Zornotzako mugimendu feminista”. Bakoitzak bere borrokagunea du, baina espresuki gazteen perspektibaz eta haien arazoak jorratzeko lan egiten zuen talde baten falta igartzen zuten. Ez soilik andre izateak, baizik eta gazte izateak zer esan nahi duen kontuan hartzea. Horregatik sortu dute Suhaziak: “Matxismoari su ematera datorren belaunaldi feminista berri baten haziak”.