Ibai Maruri Bilbao
Mario Izetak bihar emango du Bilbon gotzain igarotako hamar urteengatik eskerrak emateko meza, Santiago katedralean. Aurretik gotzain laguntzaile izan zen bi urtez. Abenduaren 5ean Burgosko (Gaztela eta Leon, Espainia) artzapezpiku kargua hartuko du.
Izetak 55 urte ditu eta gernikarra da. Medikuntza eta Teologia ikasketak ditu, eta Bioetikan doktorea da. Gaztelera, ingelesa, frantsesa, italiera eta alemana ondo menderatzen ditu; euskara galdua du ia. 1994an abade egin zenetik, Kordoban ibili da (Andaluzia, Espainia). Etorri zenean, izendapenagatik kexu, Bizkaiko Abadeen Foroak gutuna bidali zion Vatikanoak Espainian zuen nuntzioari. Aukeratzeko moduagatik izan ziren protestak: prozesu parte hartzailea eskatu zuten. Orduko izendapen gehienen atzean bezala, Izetarenean ere Antonio Maria Rouco Varela Madrilgo artzapezpiku ohia ikusi zuten. Uste zuten bere sokakoak izendatzeko presioa egiten zuela.
Urteotan, lasaitu da giroa. Hasierako kontrako iritzi haiek ez dira hain ozen entzun. Nolabait asmatu du barruko korronteen artean orekari eusten. Gizartera begira, ETAren jardueraren amaiera bizi izan du, eta horrek gatazka politikotik aldentzea erraztu dio. Halere, azaro hasieran abade bat kargugabetu du, dokumental batean ETAren biktimak mindu dituelakoan. Izeta ez da abertzalea, baina ez da eztabaida identitarioetan sartu. Espainiako Gotzainen Biltzarreko Familia eta Bizitzaren Defentsarako Batzordeordeko presidente kargutik sarri egin du berba abortuaz, eutanasiaz eta familia ereduaz: Eliza katolikoaren doktrinari eutsi dio, baina hark esandakoek ez dute polemika handirik sortu.
“Barkamena eskatu nahi dizuet beti ez naizelako merezi izan duzuen mailan egon”, esan berri die Bizkaiko katolikoei. Juan Cuatrecasas da barkamen zain izan dituenetako bat. Leioako Gaztelueta ikastetxean sexu abusuak sufritu zituen gaztea da Cuatrecasas. Vatikanoaren izenean Izetak ikertu zuen auzia: ondorioztatu zuen ez zela abusurik egon. Bizkaiko Probintzia Auzitegiak frogatutzat jo ditu. Biktimak eta haren familiak babes falta egotzi diote Izetari: behin ere ez da elkartu haiekin. Beste kasu batzuk ere azaleratu dira ondoren. Azken urteetan “loa galarazi” diona pederastia izan dela aitortu zuen Izetak joan den astean. 2018an, abusuak ikertzeko batzordea sortu zuen elizbarrutian; adingabeen eta zaurgarrien babeserako protokoloa onartu du urrian.
Segura, ordezko “logikoa”
Urteotan, bereziki gizarte laguntzan egin du indar: egoera zaurgarrian daudenak, etxegabeak, migratzaileak-eta izan ditu jardunean helburu. Arlo horretan egindako lana eskertu eta aitortu diote erakunde publikoetako ordezkariek. Elizbarrutia ere berrantolatu du, pastoral barrutiak sortuta: fededun gutxiago ditu Bizkaiko Elizak, eta egitura aldatu behar izan du. Ahalegin berezia egin du seminarioa indartzen, gazteak abadetzara erakartzen.
Baliteke Izetaren hutsunea betetzeak luze jotzea. Bitartean, Joseba Segura gotzain laguntzailea izango da administratzaile apostolikoa. Askoren ustez, hark hartuko dio lekukoa. Izetak ez du erabakiko, baina eman du iritzia: “Kualifikatuta dago [Segura], eta logikoena litzateke”. 62 urte ditu, eta Bilbokoa da. Psikologia eta Teologia ikasketak egin zituen Deustuko Unibertsitatean; Massachusettseko (AEB) Boston Collegen, Ekonomia doktoretza. 11 urtez misiolari egon da Ekuadorren. Bikario nagusi izendatu zuten 2018an; gotzain laguntzaile da iaztik. Bilboko Elizbarrutia aldaketa betean ari da 70. urteurrena ospatzen —uztailean izan zen—. Gidatuko duen artzain berria nor izango den jakiteko gogoz dago, eta, batez ere, Bizkaiko Elizaren lema norantz biratuko duen ikusteko.
INKESTA
Bizkaiko Hitza-k fededun laiko bati eta abade bati galdetu die Mario Izetaren jardunaz.
1. Zer deritzezu Mario Izetak Bilbon gotzain moduan egindako urteei?
2. Zelan ikusten duzu gaur egun Bizkaiko Eliza?
3. Aurrera begira, zer erronka ditu Elizak?
4. Gotzain berriak zelakoa izan beharko luke?
Maria Marique (fededun laikoa)
«Mario Izetak pausoak eman ditu laikoak ardura postuetan jarrita»
Duela ia bi urte izendatu zuten Maria Manrique Euskalerriko Eskautak gazte katolikoen mugimenduko Bizkaiko federazioko presidente. Bilboko Elizbarrutiko 28 taldek osatzen dute: 350 begirale eta 2.500 ume eta gazte dira. Manrique 7-8 urterekin sartu zen sorterri duen Sestaoko eskaut taldean, eta azaldu du harrezkero parte hartze zuzena izan duela bere herriko kristau komunitatean. Gaur egun 28 urte ditu, eta ez da Euskalerriko Eskautak mugimenduko Bizkaiko zuzendaritza taldean dagoen emakume bakarra.
1. «Bizkaiko Eskauten presidente moduan, nire balantzea positiboa da. Gotzaina gertutasunez arduratu da gazteriaren kontuez. Nirekin sarritan batzartu da Izeta, gazteriaren arazoez eta kezkez berba egiteko. Bizkaiko Elizako emakume gazte moduan ere, balantzea ona da. Aurrerapausoak eman ditu laikoak ardura postuetan jarrita, adibidez; eta, bereziki, emakumeak, nire kasuan bezala. Inguruko Elizbarrutiekin alderatuz, horretan Bizkaiko Eliza aurreratuago dagoela uste dut».
2. «Gero eta fededun gutxiago gara, eta, horren ondorioz, gero eta abade gutxiago daude. Fededun laikoak erreferenteak izango garen Eliza eredu batera garamatza horrek. Elizgizonak ez ezik, emakumeak eta gizon laikoak gaude ardura eta erreferentzia postuetan, eta hori oso garrantzitsua da. Alde horretatik, abade gutxi egoteak zerbait ona ere ekarri du. Laikook ekarpen handia egin dezakegu».
3. «Abade falta horrek dakartzan desorekak konpondu beharko dira. Emakumeen rola ere indartu egin beharko da. Biak batera etorriko direla uste dut. Eta, azkenik, gazteriarekin hurbiltasunez jokatu beharko du Elizak, gu garelako etorkizuna».
4. «Gotzain berriak gazteriarekiko hurbiltasun hori izan beharko luke; gazteria miresmenez ikusten duen eta guk dugun garrantzia aitortzen digun norbait nahi genuke. Joseba Segura gotzain laguntzaileak gazteriaren inguruko ardurak izan ditu azkeneko urteotan, eta, gotzain berria bera ez baldin bada, komeni izango litzateke etorriko den horrek berak egin duen lanaren bidetik jarraitzea».
Jose Mari Kortazar (abadea)
«Madrilen hautatzen bada, gotzain berria ere hara begira egongo da»
Azken hamarkada honetan Arratian ibili da Jose Mari Kortazar abadea: bost herritako parrokoa da. Mario Izetak Bilboko gotzain kargua hartu eta urtebetera berrantolatu zuen Abadeen Kontseilua; Kortazar izan zen kideetako bat. Elizbarrutiaren egituretatik kanpo, Bizkaiko Abadeen Foroko kide ere bada: Izetaren izendapena zalantzan jarri zuten, eta gaitzetsi dute azaroan «ETAren biktimak mintzeagatik» abade bat kargugabetu izana.
1. «Guztiz ezberdina izango da Bilbotik begiratu edota herri txiki euskaldunen ikuspegitik. Nik hamar urte daroat Arratiako bost parrokiatan, eta Izeta behin bakarrik egon da parrokietako batean, abade erretiratu baten hiletan: meza eman eta joan. Beste lauretan ez da egon behin ere. Horrek argi erakusten ditu haren lehentasunak. Bestetik, Bilboko gotzain egin zutenean, 2010eko irailaren 27an, eskutitz bat bidali genion hainbat abadek, puntu batean hau esanez: ‘Gure Elizbarrutian beldur gara zure izendapena herriko Eliza honen pastoral eta eliz lerroa aldatzen jarraitzeko erabili ote den’. Eta beldurra gauzatu egin da, abade talde honen ustez».
2. «Adi eta erne. Gotzaina badoa; gotzain laguntzaile bat geratzen da, ez dakiguna gure gotzaina izango ote dan. Bitartean, bakoitzak bereari, egoera triste honetan esperantza kutsatu guran. Ezin dugu Ez negar egin abestu, hainbat familiak euren hildakoak agurtzen dituzten bitartean, hainbat familia lan barik geratu denean, hainbat depresio eta ondoez dagoen bitartean».
3. «Jesusen Ebanjelioari jarraitzen ahalegindu: Eliza herrikoiagoa eta apalagoa, elkarrizketan borondate oneko pertsonegaz.
Pobre barik mundua
goserik bakoa
gerra bako gizarte
poz sekulakoa.
Eskertu daigun beti
Zuk ereindakoa
Mundu hau izan dadin
Zuk asma lakoa».
4. «Gakoa da zelan aukeratu gotzain berria. Bizkaiko Elizak proposatu beharko luke gotzain soslai bat eta izen batzuk, gero Erromak euren artean bat aukeratzeko. Europako berrogei bat Elizbarrutik bide horierabiltzen dute, eta Eliz Zuzenbide Kodean ere onartuta dago. Madrildik-edo aukeratzen den bitartean, gotzain berria, bata edo beste izan, hara begira egongo da gehiago, herri honi baino».