Ibai Maruri Bilbao
Kelvion Igorren dagoen fabrika bat da, jatorria Alemanian duen izen bereko multinazionalaren jabetzakoa. Hainbat herrialdetan sakabanatuta, 47 ekoizpen zentro eta salmenta gune ditu. Guztira, 5.000 langile dira; horietatik 73k Arratiako plantan egiten dute lan. Azaro hasieran, Igorreko zuzendaritza langile batzordearekin bildu zen: esan zien lantegia zarratzeko lan erregulazio txosten bat irekiko zuela, eta behargin guztiak kaleratuko zituela. Azaroaren 15etik greba mugagabean daude. Gaur, 19:00etan, manifestazioa egingo dute herrian. “Deslokalizazio kasu argia da. Lantegia errentagarria da. Baditu lan karga eta merkatua. Lan baldintza okerragoak dituzten beste herrialde batzuetara eroan gura dute hemengo ekoizpena, merkeagoa zaielako”, esan du Igorreko alkate Illart Gumuziok. Herriak eta eskualdeak beste industria enpresa garrantzitsu bat galduko duen beldur da. Halako kasu asko izan dituzte aspaldion.
Plan zabalago baten parte da Igorrekoa: Kelvionek Espainian dituen bi plantak ere zarratuko ditu, Santanderkoa eta Madrilgoa. Hirurak itxita, 130 langile kaleratuko ditu. Enpresak “arrazoi ekonomikoak” argudiatu ditu. “Esan digute ez dela bideragarria. Guk zalantzan jartzen dugu. Multinazionalaren buruek erabaki dute, produzkioa beste toki batera eramateko. Zaila da frogatzea, datuak haiek dituztelako. Baina hilabete honetan Igorren egin beharreko 1,8 milioi euroko lan karga Poloniara eraman dute. Galdetu dugu zergatik ez den hemen egin, eta esan digute aspalditik erabakita zegoela han egitea. Ez da egia”, azaldu du Juankar Vizanek, LAB sindikatuko Arratiako arduradunak.
Sindikatuak gehiengoa du Kelvionen Igorreko plantako langile batzordean, eta Urtzi Aurrekoetxea da batzordeko presidentea. Vizanek egin duen salaketa berretsi du hark: “Enpresaren zuzendaritzari eskatzen diogu Igorreko plantara sartzen den lana berton uzteko eta ez eroateko kanpora, azkenaldian hori egiten dabil eta. Ez dezatela guk dugun lan karga suntsitu planta ez dela errentagarria esateko”. Orain, apirilera arteko lan karga dute. Lankideak borrokarako “kementsu” daudela esan du, baina, enpresako arduradunekin izan dituzten bileren bilakaera ikusita, ez da oso baikor agertu. Kaleratze gehienak Gabonetan izango direla uste du.
Potentzial handia
Industriak pisu handia dauka Arratia ibaiaren bailaran, Gaindegiaren datuek erakusten dutenez. Euskal Herrian industria ehunaren dentsitatea mila biztanleko 5,7 establezimendukoa da. Arratia —Nerbioi eskualdean— Gaindegiaren estatistikak Lemoa Arratiatik kanpoan uzten du, eta Hego Uribeko herri batzuk gehitzen ditu—, mila biztanleko 7,7 establezimendutakoa da. “Industriarako potentzial handia dauka gure bailarak”, esan du Igorreko alkateak. Herriarentzat “kolpe gogorra” izan dela aitortu du Gumuziok. “Herriko ekonomian ere igartzen da: jendeak diru gutxiago du langabezian dagoelako. Eta lana topatzea ez da erraza. Enpresak zarratu ahala, aukerak gutxitzen dira”, adierazi du Vizanek. “Beste bat da: iaz Araluce izan zen, aurretik Negarra ere itxi zen. Eta Arratian ere hainbat dira azken urteetan zarratu diren enpresak”, gehitu du alkateak. Gumuziok eta Vizanek esan dute desindustrializazio prozesu betean dagoela Arratia; beste eskualde batzuk ikusita, Bizkai osoa ere antzera dagoela uste dute.
“Industriak izan duen pisu galera ez da izan beste sektore batzuek aurrea hartu diotelako, baizik eta sektorea bera hiltzen uzten ari direlako”, ohartarazi du alkateak. Negarra, Laron, Incoesa, Araluce… Azken urteetan Arratian enpresa garrantzitsuak galdu dituztela azaldu du Vizanek. “Orain handietan Cementos Lemona, Velatiaren Ormazabal Tecnichapa eta Batz kooperatiba baino ez zaizkigu geratzen”. Zarratu dituzten horien jabeetako asko Bizkaikoak izan direla azpimarratu nahi izan du: “Beti ez dira multinazionalak izaten. Hemengo patronalak ere hori egiten du sarritan: enpresa bat erosi eta ondoren zarratu. Batz koopratiba bat da, eta gauza bera egin du Aralucerekin. Legediak oso erraza eta merkea bihurtu du enpresa bat ixtea; batez ere [2012ko Espainiako] lan erreforma eta gero”.
Legediak enpresak babesten dituela gaitzetsi du Vizanek. “Momentu honetan enpresari batek ez dauka ia filtro legalik enpresa zarratzeko. Ez da posible enpresa bat ixteko edo lan erregulazio txosten bat planteatzeko galera ekonomikorik ez eskatzea. Orain nahikoa da aurreikuspen ekonomikoak aurreko urteetan baino baxuagoak izatea”. Enpresa galerari irtenbidea emateko, lehenengo egin beharrekoa legedia aldatzea da, Vizanen ustez. Espainiako Kongresuak egin beharko luke, eta han ordezkaritza duten euskal taldeei erantzukizuna eskatu die.
Bizkaian, oro har, autogintza eta aeronautika sektoreak daude kolpatuen momentu honetan. Automozio merkatua zikloak izaten dituela esan du Vizanek, eta aitortu du orain motelaldian dagoela. “Baina krisiaren pisua langileengan jartzen ari dira. Eta hori ez da onargarria. Ez da posible enpresa batek aurten diru gutxiago irabazi duelako, aurrekoetan dirutza irabazi ondoren, bakarrik horregatik itxiera egiteko eskubidea izatea. Enpresari asko COVID-19aren pandemiaren ondorioz sortu den krisialdia aprobetxatzen ari dira”. 2008ko finantza krisia ere “langileen eskubidea zapalduk eta lan baldintzak okertzeko aprobetxatu” zutela salatu du; “eta beti legediaren babespean”.
Plan bat Arratiarako
Gumuziok gertuago ere begiratu du erantzukizun bila hasita. Uste du desindustrializazioari aurre egiteko plan berezi eta indartsu bat behar dela, eta horretarako eskumena eta gaitasuna Eusko Jaurlaritzak duela. “Plan horrek galga jarri behar dio desindustrializazo prozesu larri honi. Alde batetik, dauden enpresak mantentzea lortu behar da, eta, posible bada, baita indartu ere. Eta, aldi berean, beste enpresa batzuk zirikatu behar dira, gure bailarara etor daitezen”.
Iaz elkartu zen alkatea Eusko Jaurlaritzako ordezkariekin, Araluceren itxieraren harira. Orain, Kelvion dela eta, berriro elkartzeko asmoa du. “Esan ziguten horrelako planak martxan jartzeko langabezia ratio batzuk egon behar direla, eta oraingoz ez dela Arratiaren kasua. Esan genien: Ez bada ezer egiten, helduko gara langabezia tasa horretara. Hobe orain zerbait egiten hastea”.
Eskualde industriala izan gura dutela esan du Gumuziok: “Bailaran badugu Lanbide Heziketa zentro bat: Zulaibar. Betidanik industriari eta inguruko fabrikei lotuta egon da. Oraindik baditugu enpresa garrantzitsuak, eta horrela jarraitu nahiko genuke”.