Hondakinen kudeaketa ekonomia zirkularrean oinarritu nahi dute

Hondakinen kudeaketa ekonomia zirkularrean oinarritu nahi dute

Maialen Arteaga

Hainbat ekologistak eta eragilek ekonomia zirkularrean oinarritzen den plan bat proposatu dute Bizkaiko hondakinak kudeatzeko. Hainbat herri plataformak, sindikatuk eta alderdi politikok babestu dute proposamena. Bizkaiko Foru Aldundiak ezarriko du abiapuntua, eta Batzar Nagusiek osatu eta onartu beharko dute. 2020ko urte amaieran zehaztu beharko da BHHKPI Bizkaiko Hiri Hondakinak Kudeatzeko Plan Integral berria, eta hamar urtez egongo da indarrean. Azkena 2006an onartu eta 2016an iraungi zen, baina, egindako luzapenen ondorioz, oraindik indarrean jarraitzen du.

Astelehenean eman zuen Zero Zabor Bizkaian plataformak bere proposamenaren nondik norakoen berri. Plataformaren ustetan, urte amaieran onartuko den plana “estrategia oso garrantzitsua da gizarte osoarentzat”. Hondakinak kudeatzeko eredu aldaketa bat behar dela uste du plataformak, eta Zaldibarko luizia eta horrek eragindako ezbeharrak jarri dituzte adibidetzat: “Kudeaketa pribatua eta kontrol publiko eskasa, ingurumen hondamendia eta pertsonen osasunerako arriskua. Hondamendi horrek argi eta garbi indartzen du hondakin horien kudeaketaren norabidea aldatzeko beharra”, azaldu du Zero Zabor Bizkaian taldeko Maitane Arrik. Horrez gain, Europako planekin alderatuz, Bizkaiko hondakinak tratatzeko sistema “agortuta” dagoela adierazi du. Izan ere, Europako araudiak 2020rako helburu argi bat ezarri zuen: %50eko birziklatze tasa. Bizkaian, ordea, kopuru hori %42an geratu dela esan du. Plataformak uste du herrialdeak zaborra kudeatzeko duen ereduaren ondorio dela: “Bizkaiko kudeaketa hondakinen isurketan eta errausketan oinarritzen da”, zehaztu du Arrik. Zabalgarbiko erraustegia jarri du kudeaketa horren adierazle gisa: “Duela 30 urte asmatutako erraustegi bat da, eta modu erabakigarrian baldintzatu du Bizkaiko hondakinen tratamendua”. Zero Zabor Bizkaian taldearen arabera, 2019an Zabalgarbiko erraustegiak 217.000 tona hondakin erraustu zituen. Horietatik %69,12 “nahastuta eta aldez aurreko inolako tratamendurik gabe” erre ziren.

Bestalde, Bizkaian jasotzen diren hondakinetatik gutxi bereizten direla ohartarazi du plataformak. Haren arabera, bereizita bildu ziren hondakin guztien artetik bereizitakoak 13.000 tona baino gutxiago izan zirela salatu dute, eta, biohondakinei dagokienez, konpostean jaso zitezkeen 65.000 tona banatu gabe bildu zirela ere kontatu dute.

Datu horiek aldatzeko, ekonomia zirkularraren filosofian oinarritzen da ekologistek aurkeztu duten proposamena, hots, hondakinak murriztean, berrerabiltzean eta birziklatzean. Arrik kontatu du aldaketarako lehenengo pausoa dela: “Inertzia zaharrak geldiaraztea eta bizitzaren zein planetaren zaintza erdigunean jarriko duen eredu baterako trantsizioa da”. Plan honek, aurrekoak ez bezala, “kutsatu gabe enplegua eta aberastasuna” sortu beharko dituela uste dute.

Hondakinak kudeatzeko plan berria hainbat printzipiotan oinarritu behar dela uste du Zero Zabor Bizkaian plataformak; besteak beste, honako hauek aipatu dituzte: komunikazio gardentasuna, parte hartze demokratikoa eta ekoizlearen erantzukizuna.

Plan berria behar

2020. urteak plan berri horren beharra erakutsi duela adierazi du Arrik: “Urte honi erreparatuz, begi bistako ondorioa da hondakinak kudeatzeko edozein sistemak bereizitako bilketa izan behar duela ardatz”. Hondakinen kudeaketa pribatuaren sistema “ahul” dagoela iruditzen zaio plataformari, eta, ondorioz, eredua aldatzeko garaia dela uste dute: “Ezin dugu inertzia zaharrei eusten jarraitu, are gehiago sistema ekonomikoren ahultasun honetan. Hiri hondakinen kudeaketarako plan berria egiteak bira emateko aukera ematen digu; ekonomia zirkular baterantz aurrera egiteko ordua da”.

NEURRIAK

Zero Zabor Bizkaian mugimenduaren arabera, helburuak izan behar dira hondakinen sorrera saihestea eta gutxitzea. Horretarako, neurri hauek ezarri  behar dira.

1. Diseinu zirkularra. Berrerabilgarriak, birziklagarriak edo konpongarriak ez diren produktuen fabrikazioa mugatu edo eragotzi.

2. Bereizketa. Materia organiko guztiaren gaikako bilketa, biohondakinaren gaikako bilketaren helburuak ezarriz eta isurtzea debekatuz.

3. Zerga politika. Kutsatzea eta ez birziklatzea zergapetu. Pizgarri ekonomikoak hondakinak aurrezteko estrategiak garatzeko.

4. Deszentralizazioa. Hondakinen sorkuntzaren eta tratamenduaren arteko hurbiltasuna, lurraldeko material organikoa aprobetxatu, eta eskualdeetan planta berriak eraiki.

5. Berrerabiltzeko ontziak. Ontzi espezifikoak  berrerabiltzeko SDDR Gordailu eta Itzulera Sistemaren alde egitea, berrerabiltzeko helburu kuantitatiboak ezarriz.

6. Saltokiak. Bilketa bereizia saltokietan orokortzea, eta Bizkaia osoan nahitaezkoa bihurtzea.

7. Errausketa ezabatu. Zabalgarbiko erraustegiaren ahalmena pixkanaka ezabatuko duen plangintza bat sortu, gaikako bilketa hobetzeko eta elektrizitate sorkuntzan deskarbonizazioa garatzeko.

8. Puntu berdeak. Bizkaiko auzo bakoitzean bilketa bereizia antolatuko duen puntu berdea sortzea, gainerakoen zatitiko edukiontzien kopurua murriztuz.

9. Birziklapen zentroak. Europako hierarkiari jarraikiz, hondakinak tratatzeko prestakuntza zentroak sortu.

10. Sentsibilizazioa. Hezkuntza, informazio eta sentsibilizazio kanpainak, hondakinak gutxitu eta bilketa bereziak sustatzeko.

11. Klausula sozialak. Kontratazio publikoan klausulak, ingurumenari lotutakoak eta etikoak sartzea, baita hondakin kudeaketarekin lotutako zerbitzuak esleitzeko ere, hirugarren sektoreko enpresa eta kooperatibak lehenetsiz.

12. Gardentasuna. Planen emaitzak jakinaraziko dituen sistema fidagarri eta garden bat sortzea, Europako Batzordearen arauetan proposatutako neurketa tresnekin bat datorrena.

13. Finantzaketa. Europako Batasunak ezarritako politiken ildotik, finantzaketa eta laguntza publikoak hondakinen hierarkiarekin bat datozen tratamendu aukeretara bideratzen direla zaintzea, eta lehentasuna ematea hondakinik ez sortzeari, haiek berrerabiltzeari, bereizita biltzeari eta birziklatzeari.