Ekialdeko lorategietan barrena

Ekialdeko lorategietan barrena

Zihara Jainaga Larrinaga

Lorategiak ardatz hartuta, hiru euskal sortzailek Ekialdeko Urruneko kulturara hurbiltzen dute ikuslea Begirada dibergenteak: shakkei ukitu bat izeneko erakusketan. 23. Bosteko egitasmo ibiltariaren barruan antolatutako erakusketa da, eta Iñigo Sarriugarte komisarioak gidatu du. Getxotik eta Basauritik igarota, Leioako kultur gunean dago ikusgai orain, abenduaren 6ra arte. Ostean, azken geltokira iritsiko da: Arrigorriagako erakusketa aretoan ipiniko dute abenduaren 10etik 30era bitarte.

Ibilbide profesional luzeko hiru artista aukeratu ditu Sarriugartek proiektu honetarako: Javier Landeras, Laura San Juan eta Mikel Lertxundi. Lehenaren argazkiak, bigarrenaren margolanak eta hirugarrenaren eskulturak hautatu ditu, hain zuzen. Gaixotasun luze baten ondoren, duela aste gutxi zendu zen San Juan; Sarriugartek bere ekarpena goraipatu nahi izan du. Helburu horrekin, erakusketan ikus daitekeen Egukilore izeneko haren obraren aldamenean oroigarri bat jarri dute.

Urrutiko kulturari keinua

Japoniar lorategien berrinterpretazioetan oinarritzen da erakusketa, euskarri figuratibo, abstraktu, plastiko eta piktorikoak erabilita. Are gehiago, kulturartekotasuna printzipio nagusia du. “Kulturak hurbiltzea, eta, era berean, kulturek, oso urrun egon arren, konexio ikusgarriak dituztela, eta lotura horietan beraien artean ezin hobeto hitz egin dezaketela erakustea da xede nagusia”, azaldu du Sarriugartek. Erakusketak interes pertsonalei erantzuten diela gaineratu du.

BOSTEKO ERAKUSKETA

Komisarioak aitortu du proiektuari forma ematerako garaian iradokitzailea iruditu zitzaiola Japoniako shakkei terminoaren ideiarekin jolasean hastea. “Beti interesatu izan zaizkit lorategiak, eta, batik bat, espazio horietan funtzionatzen duen estetikak”. Hain zuzen, Ekialdeko Urruneko kulturan erabiltzen den estrategia bat da shakkei, eta espazio itxi batean kanpoko paisaia bat imitatzean datza. “Ideia horrekin jolastu nahi nuen, nolabait, Japoniarenganako begirada simulatuz”, esan du Sarriugartek. Horretarako, Ekialde Urruneko munduarekin lotura izan dezaketen elementuak ekartzea pentsatu zuen, japoniar eremutik are eta hurbilen egoteko. Bestalde, erakusketan, sortzaile bakoitzaren ikuspegi dibergentetik abiatuta, shakkei edo mailegatutako paisaia kontzeptu japoniarraren inguruko berrirakurketa bat sortzen da.

Hala, proiektuak Javier Landerasen japoniar lorategien hainbat argazki biltzen ditu. Bestetik, Mikel Lertxundiren piezak Ekialde Urruneko kulturatik urrunago dauden begirada bat dira. “Baina, era berean, kultura horretara hurbiltzea lortzen dute, baldintza formalaren eta erakutsitako materialen antolamenduaren bidez”, adierazi du Sarriugartek. Harrian, egurrean eta burdinean oinarrituta daude Lertxundiren obrak, eta, komisarioaren arabera, horrek japoniar lorategietan erabiltzen diren material eraikitzaile eta osagarrietako batzuen inguruko simulazio jolasa errazten du. Azkenik, Laura San Juanen koadroak ere naturan oinarritzen dira, egitura minimoetan eta pintzelkada txikietan landuta. “Horrek aukera ematen dio bere margolanei zen estetikaren eta pentsamenduaren intentzionalitate aseptikoa txertatzeko”

Aurretik beren lanak elkarrekin inoiz erakutsi ez dituzten artisten artean sortutako lotura eta emaitzarekin oso kontentu dagoela aitortu du Sarriugartek. “Artistak sintonian sartu dira, ekialdeko sintonia ordenatu eta aseptikoan”. Hiru artisten lanek elkarren artean hitz egin ahal izatea garrantzitsua zen Sarriugarterentzat, eta, dioenez, artistek azken emaitza ikusi ostean, eurek ere uste dute lanak bata bestearekin erlazionatzen direla, eta aukerak askotarikoak direla. Komisarioaren hitzetan, Landerasen argazkiek joko handia ematen dute, San Juanen obran banbu eta aranondoen irudikapenak daude, eta, Lertxundiren obran, zuraren aipamenak lotura ez du bakarrik zuhaitzekin egiten: zura garai hartako eraikuntza elementu nagusi bezala ageri da.

BOSTEKO ERAKUSKETA

Termino eta teknikak

Erakusketara sartzen den edonor inguruaz ahaztu, bere buruaz ahaztu eta beste errealitate batean, beste kultura batean, murgiltzea lortu nahi izan du Sarriugartek erakusketaren bidez. Hau da, kultura urrun baina aldi berean hurbilekoa izatea. “Garai honetan bizi dugun burbuila honetatik pixka bat atera, eta, une batez, beste espazio batzuetara eraman nahi dugu ikuslea, beste alderdi batzuk sentitzen saiatuz”, azaldu du Sarriugartek. Horretarako, estetika japoniarraren barruan dauden hainbat termino aplikatzen saiatu da. Besteak beste: sumie teknika, tinta beltzezko marrazki monokromatikoak egitea, akatsak onartzen dituen wabi-sabi teknika —hau da, inperfekzio elementu bat, baina edertasunaren helburu horretara ere iritsiko dena—. Horiez gain, naturarantz bidaia egiten duen teknika ere aplikatu dute erakusketan, naturan oso-osoan murgiltzen dena: shizen.

Bestalde, erakusketa garatzean, obren kokapena irregularra eta asimetrikoa izan dadin saiatu da Sarriugarte, Japoniako lorategietan gertatzen dena kopiatuz. Hori funkisein bezala ezagutzen den beste termino bat da. Aitzitik, artistek transmititu nahi izan dutenetik ere badu erakusketak: soiltasuna. Edertasun iradokia. Eta horri jugen deitzen zaio ekialdeko kulturan. Askatasuna dago obren artean, planteamenduak aldatu egiten dira espazio batetik bestera. Horrek ere badu termino bat: datsuzoku. Eta beste hainbat dira aplikatutako teknikak. Euskarri bisualaz gain, eduki asko eman nahi izan dio Sarriugartek. “Beste alde batera begiratzea litzateke ekialdeko kultura ezagutzen duzunean eta milaka urteko, kulturako eta estetikako historia duela dakizunean ez begiratzea”. Azaldu duenez, hori guztia bere modura saiatu da transmititzen.