Bertakoa, eskura, euskaraz

Bertakoa, eskura, euskaraz

Natalia Salazar Orbe

Herrian hainbat arlotan sumatu zituzten gabeziei eta beharrei heltzeko asmoa zuen Auzholan Busturiko elkarteak. Zenbait herritar euskararen erabilera, arlo sozioekonomikoari lotutako gaiak zein feminismoa indartu beharra zeudela iritzita elkartu ziren. Izenak berak dioen bezala, zer-nolako herria nahi zuten hausnartu, eta bide hori lantzea zen asmoa. Artean elkartea lanean hasi gabe zegoela pandemiak harrapatu zituen. Eta asmo horiek guztiak bertan behera geratu ziren. Egoera hark nekazarien jarduna ere eten zuen. Elkartea eratu behar zutenek argi ikusi zuten momentu hartan herrian ekoizle haiei irtenbidea eman eta bertako produktuak kontsumitzeko sarea eratu behar zutela. Hala sortu zen Busturiko Kontsumo taldea.

Uribe Butroeko ekoizleen atea jo zutela esan du Arantzazu Guarrotxena Zearra kontsumo taldeko kideak. “Nekazariei debekatu egin zieten azoketan euren produktuak saltzea. Euren jarduna egin ezinik geratu ziren”. Hileko lehen domeketako Arrietako azoka antolatzen dutenak eta Uribe Butroeko hainbat ekoizle elkartu ziren euren produktuak etxez etxe saldu eta banatzeko. “Konfinamenduak eta gaur egungo egoerak agerian utzi dute saltzaile handiek, azalera handiko saltokiek eta enpresa handiek lanean jarraitzen dutela, baina txikiak baztertu egiten direla. Tokiko ekonomia sustatu behar genuela pentsatu genuen”.

Ekoizleek baiezkoa eman zieten. Beraz, nahiz eta eskualde berekoak ez izan, Uribe Butroeko banaketa sarean sartu ziren. “Gaur egun Busturian lan egiten duen ekoizle bat ere sartuta dago: perretxikoak hazten ditu. Dena den, asko Arrietakoak dira. Arrieta gure mugakidea da, eta Busturiak beti izan du harreman handia Arrietarekin”.

Beste hainbat herritan bezala, itxialdian elkarri laguntzeko sarea sortu zen Busturian ere. Whatsapp talde bat zabaldu zuten hainbat herritarrek, beharra zutenei laguntzeko. Kontsumo taldearen aukeraren berri ere bertan eman zuten. “Gutxi gorabehera, astero erosketak egiten ditugun hamabost lagun inguru elkartu ginen orduan”.

Uzta, astean behin

Orduz geroztik, astean behin banatzaileak taldeko kideek eskatutako produktuak ekartzen dizkie herrira. Eguen arratsaldetan uzten diote bakoitzari bere kutxa, Otsozulo gaztetxean. Bakoitzak berea jasotzen du, ahal duenean. Hilean behin ordaindu behar ditu erabiltzaile bakoitzak erosketak, transferentzia bidez edo, baimena emanez gero, kontua helbideratuta.

COVID-19ak sortutako osasun krisiak ahalbidetzen duenean, beste pauso bat eman gura dute elkartearen sustatzaileek. “Jendeak hasieratik ezagutu nahi izan ditu ekoizleak, bertatik bertara. Bisita multzo bat antolatu nahi dugu haiekin. Gure artean elkartzea ere bada asmoa, elkartea parte hartzaileagoa izan dadin. Baina metxa hori noiz piztuko zain gaude”.

Herri osora zabaldu nahi dute proiektua. “Hasieratik hori izan da asmoa: zenbat eta kontsumitzaile gehiago izan, hobe. Izan ere, gure helburuak argiak dira: bertako produktu garbiak eta ekologikoak kontsumitzea; produktu osasungarriak euskara bultzatuz jatea; kultura lokala, batzuek horrenbeste aipatzen duten zero kilometro hori, indartzea”.

Osasuna eta kalitatea

Oso garrantzitsua iruditzen zaie era horretako kontsumoa bultzatzea: “Osasunari buruz hainbeste berba egiten den sasoi honetan, kalitatezko produktuak, bertakoak eta garbiak hartzeko modua eskaintzen du sareak”. Helburu hori izan dute hasieratik. “Osasuntsu eta errespetuz jateko modu bat da, eta tokiko ekonomia eta nekazariak lagundu behar genituen”.

Besteak beste, ortuariak, fruituak, garbitasunerako produktu naturalak, ogia, eztia, esnea, esnekiak, haragia, perretxikoak, arrautzak, pasta, ardoa, olioa eta gozoen eskaintza du sareak. Webgune batean bildu dituzte produktu guztiak, eta eskaera hala egiten da: sarean. Parte hartu edo informazioa jaso nahi duenak mezua idatz dezake auzholan@gmail.com-era edo 633 38 75 42 zenbakira.