N. S. O.
Barakaldoko 150 ume eta gazterekin egiten du lan Atarrabi aisialdi elkarteak. Gaur hasi eta hamabost egunez arigune izango da. Alba Tapanef (Barakaldo, 2002) bertako kideak azaldu du hasieratik argi izan zutela egitasmoan elkarte gisa izena eman behar zutela: “Euskaraz hitz egiteko ez duzu izena inon eman behar. Zure barrutik atera behar da. Hala ere, aldaketa hori barrutik egiteko zerbaitetik hasi behar ginen”.
5 eta 18 urte arteko hainbat gazterekin lan egiten dutenez, pentsatu zuten “garrantzitsua” dela euskara sustatzea. Haien asmoa da euskararen erabilera eskola eremutik ateratzea. “Ume gehienek uste dute euskara eskolako zerbait dela, eta horregatik txarto ikusia dagoela. Asmoa da erakustea beste batzuek ere maite dugula euskara”.
Elkarteko kideek euskara euren artean ere erabiltzeko konpromisoa hartu dute. Gehienek euskara ezagutzen dute, eta hitz egiteko gaitasuna dute. Zenbait zailtasun identifikatu dituzte, eta horiei aurre egiteko prest daude. “Badaude kide batzuk, jakin arren, euskaraz hitz egiteko zailtasunak dituztenak. Beldurrez egiten dute. Kostatu egiten zaie, uste dutelako ez dakitela euskara ondo erabiltzen. Euskaraz egiteko beldurra gal dezaten lagundu nahi diegu”. Datozen hamabost egunetarako erronka ez eze, Euskaraldia bukatu osterako ere jarraitu nahi duten bidea da.
Hizkuntz ohiturak
Tapanefen ustez, elkartetik harago ere garrantzitsua da Euskaraldiaren ariketa horretan parte hartzea. “Gehienbat umeekin egiten dugunez lan, batez ere eurekin lantzeko ikusten dugu, baina garrantzitsua da, baita ere, gure artean, begirale bezala eta gure bizitzan orokorrean euskararen erabilera hori orokortzeko. Pertsona bat ezagutzen duzunean erabiltzen duzun lehenengo hitza da harekin hartuko duzun hizkuntza ohitura. Horregatik ere bada garrantzitsua”.
Jakin badaki zaila dela norbere hizkuntz ohiturak aldatzea. “Hala ere, uste dut saiatu egin behar garela. Gure ingurua saiatzen denean, gu ere inguru horretan sartzen gara. Zenbat eta gehiago ikusi, orduan eta errazagoa da aldaketa egitea. Gizartea da gu mugitzen gaituena. Beraz, gizartean gauza txikiak aldatzen hasten ez bagara, gauzak ez dira aldatuko”.
Uste du ariguneak beharrezkoak direla. “Nahiz eta euskaraz hitz egin nahi edo jakin, eguneroko hainbat unetan euskaraz aritzen zarenean gazteleraz egiten badizute, hari hori apurtzen zaizu. Niri gertatu zait erosketetara joatea, euskaraz egitea eta ‘perdona, no te he entendido’, entzutea. ‘Ah, barkatu’, esan, eta gazteleraz hasi behar. Eta gazteleraz egiteko haria hartzen duzu. Haiek ere ahalmen hori ematen ez badigute, ez dugu egingo”.