N. S. O.
“Hiru astez egongo naiz euskaraz bizitzen saiatzen: Gaztealdiko aste bat eta Euskaraldiko biak. Nire bizitza osoan ez dut horrenbeste denbora eman euskaraz bizitzen”. Amaia Larruzea Urkixoren (Sodupe, Gueñes, 1998) berbak dira. Euskal Herriko beste zortzi gazterekin batera Gaztealdian jardun da astebetez. Atzo bukatu zuten ariketa hori, eta gaur beste bati ekin dio: ahobizi izango da Euskaraldian. “Niretzako erronka bat da”, aitortu du.
Eskolan ikasi zuen euskara Larruzeak. Handik kanpo, gazteleraz egiten zuen. Espazio zehatz batzuetan besterik ez du erabiltzen izan euskara. Orain, euskaraz bizitzeko hautua egiten duten herritarrek aurkitzen dituzten zailtasunak identifikatzeko Gaztealdian parte hartu du. “Gazteak animatu nahi ditugu euskaraz egitera, bai Euskaraldian parte hartzera eta bai urteko beste egunetan ere euskaraz aritzera”.
Bizkaiko Hitza-k astelehenean hitz egin zuen harekin. Aitortu zuen aurreikusten zuela zailtasunak aurkituko zituela, Enkarterri eskualde ez euskaldunean bizi delako. Hala ere, astelehenera arteko esperientziaren balorazioa “positiboa” zela adierazi zuen. “Nire eremu pertsonalean espero baino hobeto joan da: nire lagunak animatu dira euskaraz egitera, eta nire familian euskaraz dakiten pertsonak ere bai. Horrek erraztasunak eman dizkit. Unibertsitatean euskaraz ikasten dudanez, euskaraz aritu naiz. Eta goizetan AEK-ko Enkarterriko euskaltegian nabil lanean. Beraz, lankideekin beti egiten dut euskaraz, eta eskoletan ere bai. Hala ere, A1eko talde bat daukat, eta han hasiberriak direnez, gazteleraz egin behar izan dut”.
Harridura herrian
Herrian bertan “harridura” aurkitu du hizkuntzaren erabilera aldatu duenean. Ohiko saltokian topatu zuen erreakzio hori. Hala ere, aurkitu zuen euskarari eusteko modua. “Herrira joan naiz erosketa batzuk egitera, eta, nahiz eta dendariek euskaraz ez jakin, ez dut erdarara jo behar izan: keinuen bidez eta euskarazko hitz sinple batzuen bidez elkar ulertu dugu. Haiek erdaraz erantzun didate, eta nik euskaraz egin diet. Lortu dut espaloitik ez jaistea”.
Harridura bai, baina erreakzio txarrik ez du aurkitu. “Herri txiki batean bizi naiz; 5.000 pertsona inguru bizi gara, eta denok ezagutzen dugu elkar. Normalean gazteleraz egiten diedanez, apur bat harrituta geratu dira. Baina ez dute txarto hartu”.
Hizkuntza ohiturak aldatzea zaila dela aitortu du Larruzeak, baina erronka moduan hartu duenez, motibatuta dagoela adierazi du. Argi du berak egin duela hiru astez euskaraz aritzeko hautua, eta ez ditu besteak esfortzu bera egitera behartu nahi. “Ez da erraza ohitura aldatzea, eta beste pertsona ez bada ondo moldatzen euskaraz, estresa sorrarazten dio. Nik esaten diet haiek erdaraz egin nahi badidate ez zaidala gaizki irudituko. Euskaraz egitea nire hautua da. Ez dut inor behartu nahi, baina bai animatu”. Ahobizi txapa jantzita eutsiko dio bideari, gaur hasita, beste bi astez.