Indarkeriari aurre egiteko, zerbitzu publikoa aldarri

Azaroaren 25eko protestan, Bilbo Feminista Saretzen-ek salatuko du emakumeak kontuan hartu gabe ezarri direla pandemiaren aurkako neurriak.

Ibai Maruri Bilbao

Bilbo Feminista Saretzen mugimenduak zerbitzu publikoen defentsa ipini du Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Eguneko aldarrikapenen erdigunean. Eguaztenean egin zuten agerraldia, Azaroaren 25ari begira euren irakurketa plazaratu eta mobilizazioen berri emateko.

“Pandemia egoerak agerian utzi du indarkeria matxistak ez direla konfinamenduarekin geldiarazten, alderantziz baizik: ugaritu egiten dira”, ohartarazi zuten agerraldian irakurritako agirian, Bilbon. Azpimarratu dute pandemiari aurre egiteko erakundeek hartutako neurriek emakumeen aurkako indarkeria ugari sortzen dituzten prozesuak azkartu eta sakondu dituztela. Esaterako, bikotekideak eraso egin zien 160 emakumeren kasuak zenbatu zituen Ertzaintzak martxoan Bizkaian—iaz, 180—; 129 kasu apirilean —iaz, 171—. Datuek, beherakada erakutsi arren, erakutsi nahi dute konfinamenduak eragindako isolamendu egoeraren ondorio direla: erasotzaileak biktimarekiko duen kontrola handiagoa da, eta gaitzagoa da salatzea edo laguntza eskatzea.

Baina erasotzailearekin giltzapetutako andreak ez dira izan biktima bakarrak. Indarkeria gordinago sufritu duten kasu gehiago ere aipatu dituzte: “Euren lanean konfinatutako etxe barruko langileak, arrazakeria instituzionala kalean eta erakundeetan, zainketa lanak eta telelana egiteko malabareak egiten diharduten ama eta alabak, etxegabetzeak pandemiaren erdian…”. Horren erantzule erakunde publikoak egin dituzte, “itsu” jokatu dutelako, emakumeak “ahulago, pobreago eta prekarioago” utzita.

Indarkeria matxistaren aurrean, zerbitzu publikoak defendatu lelopean, zerbitzu publikoak “bizitza duin eta askea bermatzeko giltza” direla aldarrikatuko hilaren 25ean, Bilbon: 19:30ean, Udaletxeko zubitik Salbeko zubira, itsasadarren bi ertzak beteko dituzte. Bizkaiko herri guztietan izango dira protestak: esaterako, Igorren, Ondarroan, Zallan eta Zamudion, 19:00etan egingo dira.

Aldundiaren kanpaina

Bizkaiko Diputazioak kanpaina bat abiatu du, Ez ikusi ez dagoenik. Indarkeria matxista da lelopean. “Badaude indarkeria matxista agertu aurreko jarrera batzuk; batzuetan ez dira ikusi nahi”, esan du Teresa Laespada Berdintasun diputatuak. Antzezlan bat ere prestatu dute Pabilloi 6 konpainiarekin: 1960ko azaroaren 25ean Rafael Leonidas Trujillo Dominikar Errepublikako presidentearen erregimenak Mirabal ahizpak hil zituenekoa kontatuko diete Batxilergoko ikasleei eta helduei.