Ibai Maruri Bilbao
Azken urteetan legez, azaroko azken barikuan eta inguruko egunetan black friday delako merkealdi egun bereziak izango dira merkataritzan. Modu horretan abiatuko da Gabonetako salmenta kanpaina, urteko garrantzitsuena. Baina dendariak irrikaz barik kezkaz beteta daude aurten. Herritar asko diru sarrerak urrituta, koronabirusak kutsatzeko beldurra, zenbait produkturen premia txikiagoa, ostalaritza itxita eta etxeratzeko agindua indarrean… Ez da kontsumorako garairik onena. Unai Garcia Arratiako Merkatarien Elkarteko presidentea da, baita Arratek informatika dendako ugazaba ere, eta esan du ez dutela arriskurik hartu gura: “Beste edozein urtetan black friday kanpaina prest legoke, baina aurten inprobisatzen ari gara. Ez dakigu datorren astean dendak zabalik izango dugun!”.
Moda dendak, beste horrenbeste. Balmadenda Balmasedako merkatarien elkarteko presidente Juan Antonio Andrade jostuna da, eta gizonezkoen arropa denda du. Batez ere, ezkontzetarako arropak egiten ditu, eta apiriletik bakar bat ere ez du izan. Salmentarik ez duenez, hark ere ez du erosten ia. “Moda dendetan sei hilean behin egiten ditugu erosketak: irailean erosi genituen datorren urteko udaberriko eta udako arropak. Firmetakoak euren produktuak erakustera datozenean, tentuz erosten dugu, ez dakigulako zer saldu ahal izango dugun. Gainera, aurtengo udaberriko eta udako arropa asko geneukan saldu barik”.
Janaria saltzen dutenak eta zenbait zerbitzu eskaintzen dituzten negozioak dira salbatu diren bakarrak. Are gehiago, janari dendek gorakada izan dute, lehen kalean jan eta edaten zena, orain etxean egin behar delako. Edozelan ere, negozio guztietan estu dabiltza gastuei aurre egiteko. Langileak dituztenek aldi baterako erregulazioan ipini dituzte. Baina, Zatozte Ondarroako merkatarien elkarteko teknikari Eva Aranbarriren esanetan, haienean eta gainontzeko herri txikietan dendari gehienak autonomoak dira, eta ia ez dute langilerik euren kargu.
Dena den, bada egoerari abantaila topatu dionik ere. Gernikako Merkatari Elkartuak elkarteko teknikari Naira Iturberen hitzetan, Gernika-Lumon ikusi dute orain herritarrek gehiago erosten dutela herrian. “Gernikar gehienek kanpoan egiten dute lan, eta, ondorioz, erosketak ere kanpoan egin dituzte. Orain, denbora gehiago daude herrian, eta hemen erostera itzuli dira”.
Gabonetako argiak piztear daudela, sektoreak garai iluna bizi duela esan diote lau elkarteotako kideek Bizkaiko Hitza-ri. Hala ere, bada argi egiten duen distirarik.