Maialen Arteaga
Lurra, lurra baino gehiago da. “Lurra kentzen digutenean, zer geratzen zaigu?”, galdetu dute Arraroa liburuxkaren egileek aurkezpen bideoan. Getxon, Tosuko landako bizipenak haritzat hartuz, lurra eta memoria hizpide duen fikziozko istorio bat sortu du Garazi Basterretxeak. Irati Perezen ilustrazioak lagun, “bertan ereindako erresistentziari eta lurra borrokatzen dutenei” omenaldia egin diete. “Lurrarekin dugun harremanak dena markatzen du”, esan du Perezek. “Bizimodua, bizi erritmoa, baloreak… Oso garrantzitsua da lurra”. Basterretxeak uste du lurrak dena ematen duen arren gutxietsi egiten dela: “Lurra bizitza da; behar duguna ematen digu, baina guk ahaztu egiten dugu”.
Uste dute asko aldatu dela Uribe Kostan herritarrek lurrarekiko zuten harremana: “Eskualdean oso modu bortitzean ari da gertatzen lurraren ustiapena, oso eraikuntza basatiak ari dira egiten, eta zementizazio prozesu gogorra bizi izan dugu oso denbora gutxian”. Basterretxearen arabera, eskualde osoan pairatzen dabiltzan “bizi eta herri ereduen talkaren adibide nabarmena” da Tosun jazotakoa: “Bi filosofia islatzen dira. Sopelan eta Berangon ere antzekoa gertatzen da, supermerkatu handi bat egingo dutelako: Decathlon, Lidl, Mercadona… Lanpostuak sortzeko direla esaten dute, baina ez dakit zenbat eta zer baldintzatan”, azaldu du. “Argi dagoena da bertako herritarrei eta beste eredu batzuetatik bizi direnei kalte egiten diela eredu horrek. Herriko merkatariei ez die onik egingo”.
Errealitate horretan sortu da Arraro liburuxkaren proiektua. “Tosun oinarritutako fikzioa da”, argitu du Basterretxeak. Getxoko Andra Mari auzoan dago Tosu landa, eta Bizkaiko Garraio Patzuergoak Bilboko metroarentzako aparkalekua eraiki nahi zuen han. “Erresistentziaren erreferente izan da eskualde osoan”, azaldu du Perezek. Hala ere, ez da gertakari bakan bat izan; Tosuko orubearen auzia eskualdeko plan batean kokatu behar dela esan du: “Lurralde plan horretan hainbat pausu egin zituzten. Mamu metroa izeneko bat egin zuten; hau da, metro geltoki bat eraiki zuten, baina ez zuten inoiz zabaldu. Martxan jarri ahal izateko baldintza Tosuko landan aparkaleku handi bat eraikitzea zen”. Perezen iritziz, bi bizi ereduren talka nabarmena islatzen du.”Bizitza ustiatu eta kapitalizatu nahi dutenen eredua da haiena”, azpimarratu du .”Bizitza kapitalizatu” nahi duen eredu horren erresistentzia gisa, 2011. urtean hainbat ekintzailek ortu komunitario bat antolatu zuten Andra Mari auzoan geratzen zen azken zelaian. Istilu asko izan dira ordutik gaur arte. Egun, aparkalekua eraikita dago, eta metro geltokia ekainean inauguratu zuten.
Basterretxea Tosu Betirako erresistentzia plataforman borroka lerroan egon ez bazen ere, gertutik bizi izan zuen auzia. Lurraz hitz egiterakoan, Basterretxeari bere eskualdeko zelaiaren bizipenak datozkio gogora, baina azaldu du ipuineko istorioa munduko hainbat afera, talka eta erresistentzia indarrekin lotu daitekeela, eta bakoitzak bere hurbileko matxinadetan jarriko duela ikusmira: “Tamalez, munduan milaka Tosu daude. Eredu kapitalista gailentzen ari da, eta horietako edozeinetan gerta liteke ipuinean kontatzen dena”.
Artea, memoria lanabes
Lurra galdu zuten, baina memoria eta errelatoaren borroka dituztela esan dute: “Uste dugu edozein adierazpen artistiko politikoa ere badela. Artea bizi ditugun zapalkuntzak salatzeko eta memoria egiteko modu bat da”. Liburuxka memoriaren borrokarako lagungarri dela deritzote sortzaileek: “Lurraren, haren erresistentziaren eta aktibisten memoria jasotzeko modu bat dela iruditzen zitzaigun. Memoria egiteko modu asko daude. Ohikoena dokumentala izan daiteke, baina hau ere bada jazotakoa gordetzeko era bat”, esan du Perezek.
Memoria perspektiba eta ertz askotatik lantzen da istorioan; izan ere, protagonistaren memoria da kontakizunaren gai nagusia: “Baserritik alde egin behar duenean memoria galtzen duen emakume bat da protagonista”, kontatu du Basterretxeak. 2015ean idatzi zuen ipuina. Urte haietan, Tosuko auzia bor-borka zegoen, eta, aldi berean, familian bizi zituen egoerek gurutzatu zuten Basterretxea: “Urte hartan oso sentsibilizatuta nengoen zahartzaroarekin. Nire aititeren zahar etxera joaten nintzen bisitan, eta hango egoiliarren familiakoek haien pasadizoak kontatzen zizkidaten: jende askok kontatu zidan haien senideek momentu jakin batean zerbaiten ondorioz galdu zutela memoria”. Protagonistaren momentu jakin hori Tosuko lurrarekin lotu zuen Basterretxeak.
Lekukotasun horretatik abiatuta, Irati Perezi eskatu zion ilustrazioak egiteko: “Iratik ere gertutik bizi izan zuen Tosukoa, eta haren ilustrazioak asko gustatzen zitzaizkidan. Oso pertsona egokia zen ipuina ilustratzeko”. Memoriaren borrokari jarraikiz, Maddalen Cuñadori Sopelako istorioa euskaraz idazteko proposatu zioten: “Uribe Kostan ez dago bertako euskalkian egindako produktu askorik. Lurrarekiko harremanak bizimoduarekin lotura daukan moduan, hizkerak ere badu. Sopelako hizkera, Sopelako baserriak bezala, galtzen ari da. Lurraren eta hizkeraren artean harreman zuzena ikusten dugu, eta biak defendatzeko apustuari eutsi diogu”, azaldu du Perezek.
Aurre salmenta kanpainari ekin diote. 15 euroren truke Arraro postala jarri dute salgai. Postal horren bitartez, gerora, liburuxka erosi ahal izango da, euskara batuan edo sopeloztarrez.