Erotomanoa

Patxo Telleria
Orain badakigu begiek egiten dutela irri, eta ez ezpainek.

Patxo Telleria

Paper edukiontzi baten ahoan sartuta ditut burua eta besoa. Eskuan burdinazko kakoa, hondoko paperak arrantzatu nahian. Izerdi patsetan. Andre bat hurbildu eta ez dit, ba, txanpon bat eskaini, bokadillo bat erosteko… Eskua gerriko errebolberrera joan zait. Andrearen onerako errebolberra metaforikoa da. Pikutara bidali dut.

Edukiontzia psikologia kontsultategi bateko atariaren ondoan dago. Hilean behin fitxen garbiketa egiten dute. Legearen arabera dokumentuak desagerrarazi behar dituzte, baina ez dira, antza, eskrupulosoak. Ondo datorkit, lantzean behin fitxen artean pertsonaiaren bat ehizatzen dudalako. Nire bezeroei txoroak gustatzen zaizkie.

Gaurkoan ez dut ezer aurkitu. Joder, ez dago ondo ordaindua ofizio zorrizto hau. Biraoka joan naiz. Alu batek errieta egin dit paperak lurrean botata utzi ditudalako. Eskua errebolberrera joan zait berriro. Zer gertatzen da hiri honetan? Kalkutako Teresaz eta Robokopez inguratuta gaude.

Tabernan sartu naiz. Gogaikarri bat ari zen boz goran. Ondo ezagutzen dut, pedante buruiritzi bat. Pandemian ere edertasuna bila daitekeela. Babu halakoa. Egunean hirugarren aldiz eskua errebolberrera joan zait. Entzuten geratu naiz, ordea: musukoak hurkoen aurpegiaren parte handi bat ezkutatzeagatik, indartu egiten dela ikusten den apurraren balioa. Inoiz baino gehiago erreparatzen diogula aurrean daukagunaren begiradari. Badakigula nor dagoen goibel, nor alai, nor haserre, nor gogaitua. Eta irribarrea… Musukoari esker irribarrearen arima ulertu dugula azkenean. Orain badakigu begiek egiten dutela irri, eta ez ezpainek. Eta zeinen gozoa den hurkoaren begietan irria sumatzea, eta bla, bla, bla.

Joatekotan egon naiz, zeharo enpalagatuta, baina anekdota bat kontatzen hasi da eta entzuten geratu natzaio. Ondo egin dut. Metroan zihoala bere aurrean andre bat eseri da. Musukoa erdi eroria zeukan eta sudurraren zati bat ikusten zitzaion, sudur lepoaren zati oparo bat. Bazegoela zerbait erotikoa horretan, duela ehun urte gona luzearen errepresiotik askatzen zen belaun bat agerian geratzen zenean bezalakoxea. Ikusi ezin daitekeena ikustearen zirrara, alegia. Erdi hipnotizaturik geratu dela hari begira, bere bizitzan sudur bat lehenengo aldiz ikusi balu bezala. Halatan, emakumeak burua jaitsi du mugikorrean zerbait irakurtzeko… Eta orduan… O! Orduan, sudur osoa antzeman zaiola, musuko erdi eroritik. Sudur zoragarria, leuna, zuzena… Eta sudurraren hegalak… O, sudurraren hegal borobilak, xamurrak… Erabat berotu da, errudun sentitu arteraino. Begiak apartatu ditu desioaren objektutik. Emakumea, zorionez, ez da ezertaz jabetu.

Kontaera bukatu duenean tabernako denak isil-isilik geratu dira. Gehienak kitzikatuta zeudela esango nuke nik. Fetitxista aluak. Ni al naiz hiri nazkante honetan sano dagoen bakarra? Elkarri begiratu diote, disimuloan. Disimuloan ere musukoa atondu dute, lotsaren lotsaz, ezkutatu behar dena ez erakusteko.

Irri egin dut nire kolkorako, ez dakit begietan antzemango zidaten; bost axola niri. Gutxien uste nuenean pertsonaia bat aurkitu dut. Nire bezeroei melengakeria hauek gustatzen zaizkie.

Barrara hurbildu naiz, ordaintzera. Billetea luzatu diot zerbitzariari. Inoiz berarekin erreparatu gabe nengoen. Begi nini sakonak ditu, karamelu kolorekoak. Betazalek, doi makilatuak, distira berezia dute. Betileak goraka, bizipozaren gose balira lez. Bekainen lerro finak goxoki biltzen ditu begiok. Abisu eman behar izan dit, minutu bat omen neramalako billetea eskuan, ahoa zabalik, lerdea dariola.