Ibai Maruri Bilbao
Villaverde Turtzioz geografikoki Bizkaian dago, baina Kantabriako Gobernuaren (Espainia) administraziopean. Urduña, berriz, Bizkaia da, baina inguruan ez du Bizkaiko herririk, Araba eta Gaztela (Espainia) baizik. COVID-19aren pandemia garaian, berezitasun administratibo horiek egunerokoa are gehiago korapilatu diezaiekete bi herriotako biztanleei. Horregatik, joan den astean Espainiako Gobernuak eta EAJk Kongresuan lortutako akordioari esker, Villaverde Turtziozek Eusko Jaurlaritzak ezarritako neurriak bete beharko ditu, eta ez Kantabriakoak; Urduña Arabako herritzat hartuko da mugikortasunerako-eta. Gauza bera gertatuko da Trebiñuren kasuan ere.
“Uste dugu orain mesede egingo digula, Urduñatik Amurriora joateko modua emango digulako. Baina nik hedabideen bitartez izan dut horren berri; inork ez digu galdetu herri gisa zer premia eta zer arazo ditugun”, azaldu du Itziar Biguri Urduñako alkateak. Gogoan du konfinamendutik irtetean “logikarik gabeko egoerak” sortu zirela haienean: “Hasieran, ezin zitekeen probintziatik irten, eta gu Araba eta Burgos artean trabatuta geunden. Bizkaitik ibil gintezkeen, baina beste herri batera joateko Arabatik igaro behar dugunez, praktikan ezin ginen irten”.
Akordioari esker, Mugakide dituzten Aiarara, Amurriora eta Urkabustaizera (Araba) joan daitezke oraingoan urduñarrak, herrian egin ezin dituzten jarduera sozioekonomikoak egitera. Ez, ordea, Junta de Villalba de Losara eta Berberanara (Burgos, Gaztela eta Leon), mugakide diren arren, beste autonomia erkidego batekoak direlako. “Gurea ez da hain herri txikia, eta gauza gehienak Urduñan berton egin ditzakegu. Bestela, Amurriora jaten gara normalean. Batzuk Laudiora ere bai, baina orain ezin dute, ez delako gure mugakide”.
Villaverde Turtziozko herritarrak, berriz, Karrantzara, Turtziozera eta Artzentalesera joan daitezkeela azaldu du Esti Gomez alkateak. “Guk daukagun arazoa da gurea herri txiki bat dela, eta ingurukoak ez direla askoz handiagoak. Hemen guztiok gara landa inguruko herri txikiak, eta horrek aukerak asko gutxitzen dizkigu”. Erosketa handiak egitera, esaterako, mugakide diren herriak baino harago joan behar dute, inguruan ez dutelako merkataritza gunerik, eta horrek eragiten die kezka herritarrei. “Ezin gaitezke Zallako edo Balmasedako dendetara erosketak egitera joan”. Karrantza da lauretan herririk handiena, eta ez da 3.000 biztanlera iristen. “Imajina dezakezu gurean edo mugakide diren herrietan aisialdirako zer eskaintza dugun. Kultur ekitaldirik, apenas. Gurea naturari lotutako aisia da ezinbestean. Hori da gure indargunea, baina baita ahulgunea ere”.
Osasuna eta ekonomia
Udan abantaila izan dute paisaia. “Turismoa egoera berrira egokitu behar izan da, eta asko izan dira gure bailara ezagutzera etorri direnak, naturan seguruago egongo direlakoan”. Herria lepo beteta eduki dutela esan du. Baina, orain, justu kontrakoa. Herrian dituzten ostalaritza negozio bakarrek garai larrian daude. “Jatetxe bi ditugu, eta beti oso ondo funtzionatu izan dute. Baina ez gara 300 biztanlera iristen; beraz, pandemia hasi zenetik larri ibili dira, eta, orain, soilik herriko bezeroekin, itota daude”. Aitortu du momentu honetan alkate moduan duen kezkarik handienetakoa ekonomikoa dela, herriko negozioak desagertzeko arriskuan ikusten dituelako.
Osasunak ere arduratzen du Gomez. Herritar askok beste leku batzuetan egiten dute lan. Haienean pandemia “kontrolpean” dutela esan du, eta beldur da kanpora beharrera doazen horiek birusa eroango ete dieten. Era berean, Villaverde Turtziozen aspaldiko aldarrikapena da osasun zerbitzua hobetzea. Lehen arreta Kantabriako Gobernuak eskaintzen die herriko kontsultan. “Lehen, egunero izaten genuen medikua, baina orain noizean behin baino ez da etortzen”. Kantabriako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak duten akordio bati esker, espezialitateak Osakidetzan eskaintzen dizkie, Balmasedan, Zallan eta Gurutzetako ospitalean. Orain, akordio hori gaurkotzen ari dira bi gobernuak.
Biguri adinekoen egoitzak larritzen du. Martxoan lau adineko gaixotu ziren, eta laurak sendatu. Orain, neurri zorrotzak dituzte birusa ez sartzeko, eta, sartzen bada, ez hedatzeko. Baina udalak gastu igoera horri aurre egiteko baliabide falta “handia” duela esan du. Ostalariak eta dendariak ere lagundu gura ditu, baina horretarako “nahi baino aukera gutxiago” ditu. “Noizbait pasatuko da pandemia, baina zelan geratuko gara? Horrek kezkatzen nau”.