Haiek ere ospatu gura dute

Datorren eguaztenean 25 urte beteko dira Bilboko metroa lehen bidaiariak eroaten hasi zenetik. 1995eko azaroaren 11 hartan, urte asko iraun zuen itxaronaldia bukatu zen bizkaitar askorentzat. Inauguraziotik mende laurdena igaro den honetan, oraindik ere badira metroa haienera noiz iritsiko zain jarraitzen duten beste asko.

Ibai Maruri Bilbao

Emateko prest dago dena? Bai? Aurrera, bada!”. 1995eko azaroaren 11n, 11:11 zirela, Eusko Jaurlaritzako orduko lehendakari Jose Antonio Ardanzak martxan ipini zuen Bilboko metroa lehen aldiz. Hainbat urtez hiria hankaz gora ipini zuten lanak amaituta, luzaroan amestutako metroa bidaiariak eroateko prest zegoen. Datorren eguaztenean 25 urte beteko dira inaugurazio hartatik. Mende laurden honetan, trenbidea metropoliaren barrunbeetan hedatuz joan da, hiru linea izan arte. Aurtengoa urte arraroa da, eta ez du balio estatistiketarako. Baina, orain arte, bidaiari markak hautsiz ibili da: iaz, 90 milioi erabiltzaile izan zituen.

Gaur egun hiriburuan eta metropolian egiten diren joan-etorrietarako garraiobiderik erosoena da. Horregatik, asko dira metroa haienera iristea gura duten auzoak eta udalerriak. 2010ean Patxi Lopez lehendakariak metroa Castro Urdialesera (Kantabria, Espainia) eroatearen bideragarritasuna aztertzeko ikerketa agindu zuen, dagoneko iragarrita zeuden 4. eta 5. lineak bazterrean utzita; hau da, Bilboko Errekalde auzotik Matikora eta Etxebarritik Usansolora joan beharko luketenak. Bi linea horiek birplanteatu egin dituzte azkeneko urteetan.

Iaz iragarritakoaren arabera, 5. linea birmoldatua egiten datorren urtean hasi beharko lukete. Baina berandu dabiltza dagoeneko: proiektua egin aurreko azterketa abendurako bukatuko dute. Hau da asmoa: Sarratun estazio intermodal bat egingo dute, Bilboko metroaren 1. eta 2. linearekin lotzeko, eta handik Galdakaora eta Usansoloko ospitalera joango litzateke trenbidea; 4. lineak, berriz, AHTaren Bilborako sarbidea egiteari itxaron beharko dio, gutxienez. Izan ere, azkeneko berrien arabera, Matikorekin barik, Zabalguneko geltokiren batekin lotuko luke Errekalde.

haiek2

Luzerako kontuak

Joan den astean, Batzar Nagusiek Gernika-Lumon egindako osoko bilkuran, Unai Rementeria ahaldun nagusiak datozen urteetako inbertsioak izan zituen berbagai. COVID-19aren pandemiak eragindako krisialdiari aurre egiteko EB Europako Batasunetik etor litezkeen diru funtsekin lotu zituen linea berriak. Esan zuen metropoliko mugikortasuna arindu gura dutela, eta, horretarako, metroa Galdakaora, Usansoloko ospitalera eta Bilbo hegoaldeko auzoetara eroan behar dela. Baita Feveren Enkarterriko trenbidea hobetu eta metroarekin lotu behar dela ere. “Horiek guztiak egiteko, [EBren] laguntza beharko dugu; guk bakarrik ezin dezakegu egin”. AHTak ere beste urte biko atzerapena izango du. Espainiako Gobernuak zera iragarri zuen joan den astean, datorren urterako aurrekontu proiektua aurkeztean: gutxienez, 2026ra arte itxaron beharko da obrak bukatuta ikusteko. Beraz, horrek Bilbo hegoaldeko auzoetara metroa iristea ere atzeratuko du.

Jarraipena izango du 3. lineak: Artxanda mendian egindako tuneletik, Txorierrira joango da, Loiuko aireportura. 2. linea, berriz, bukatuta dago, baina, 2016an, Eusko Jaurlaritzak Kabiezesko trenen garajearen azterketa informatiboa onartu zuen. Ortuellaraino jarraitzeko aukera aipatzen du txostenak. Alegia, trenbidea beste kilometro bat luzatu eta Uriosten azken geltoki bat egitea, Meatzaldeari zerbitzua emateko. Eskualdeko lau alkateek pozik hartu zuten berria.

Proiektuak proiektu, beraz, oraindik ere milaka dira Bilboko metroa haienera heldu zeneko urteurrena ospatu gura duten bizkaitarrak.

haiek3