“Bada garaia emakumeek egindako lan politiko hori aitortzeko”

“Bada garaia emakumeek egindako lan politiko hori aitortzeko”

P. Azpillaga Diez

1937ko uztailaren 29ra egiten du atzera Atearen ostean, Mañariako 13 alabak dokumentalak. Egun hartan, inguruan gerra amaitu eta egun gutxira, militar frankistek Mañariko hamar emakume atxilotu zituzten. Handik egun gutxira, beste hiru atxiloketa egin zituzten. “Emakume horien lan politikoa zigortzeko atxiloketak izan ziren”, azaldu du Julen Orbegozok (Durango, 1982). Hura izan da Mañariako Udalak eta Gerediaga elkarteak gertakari horien inguruan martxan jarritako ikerketa, dokumental bilakatzeaz arduratu den pertsonetako bat. Bideografik ekoiztetxearekin batera, emakume haien senitartekoen testigantzekin, 40 minutuko ikus-entzunezko pieza bat sortu dute.

Zein izan da dokumentalaren helburua?

Herrian bazegoen istorio horren zantzurik, baina apur bat ezkutuan zegoen pasarte bat zen, nahiko modu intimoan gordeta zegoena; jendeak bazekien zerbait jazo zela, baina ez zehazki zer. Horregatik, udalak ikerketa bat eskatu zion Gerediaga elkarteari, eta haiek, artxiboak arakatu eta adituekin hitz egin ostean, deskubritu zuten egun horietan Mañariako hamahiru emakume atxilotu zituztela. Dokumentala emakume horientzako omenaldi bat da.

Zergatik dokumental bat?

Gobernu taldearen ideia memoria eta erreparazioa eskaintzeko egitasmo bat bultzatzea zen, egun hartan gertatu zena berreraiki, testigantzak gorde, eta legatu modura uzteko hurrengo belaunaldiei. Hori da omenaldiaren helburua, eta ulertzen dugu dokumental baten grabazioak funtzio hori bete dezakeela. Hasierako ideia erreportaje bat egitea izan zen, laburragoa. Baina, elkarrizketak egin ostean, esku artean oso material garrantzitsua genuela ikusi genuen: bagenuen materiala, egun horietan gertatu zena kontatzeko ez ezik, emakume horiek zer-nolako militantzia politikoa egin zuten azaltzeko ere.

Testigantza batzuk ditu, beraz, oinarrian?

Bai, eta bi bloketan banatu dugu. Lehenik, testuingurua azaltzen da. Frankistak Bizkaian nola sartu ziren esplikatzen da; batez ere, Durangaldean zentratuz. Bigarren zatia testigantzekin osatuta dago; horien bidez egindako kontakizun bat da: atxiloketak, kartzelako bizipenak, bertan pairatutakoa, askatzeko unea eta herrirako itzulera, eta, azkenik, emakume horiek egindako lan politikoaren eta balioen transmisioaren garrantzia.

Zer motatako lan politikoa egin zuten?

Kartzelara bidali zituzten, hipotesien arabera, auzokideren batek salatu zituelako. Denak abertzaleak ziren: horrek batzen zituen. Askok Emakume Abertzaleen Batzako kide izatea onartu zuten. Hala ere, frankismoaren helburu nagusia beldurra zabaltzea izan zen. Gerra hasi baino apur bat lehenago, emakumeak espazio publikoan parte hartzen eta euren kabuz antolatzen hasi ziren. Frankismoak, ordea, ez zuen gustuko hori: balore kontserbadoreak zabaltzen zituzten emakumeak nahi zituen, eta horretara etorri zen errepresioa.

Nola bizi izan dute senitartekoek proiektua?

Senitarteko bakoitzak kontakizun bat du; batzuek informazio asko dute, eta beste batzuek, batere ez. Baina ikusi da gogo bat gertatutakoaz hitz egiteko eta haien amamak edo izekoak omentzeko.

Zein da egin zaien omenaldi horren garrantzia?

Bada garaia emakumeek egindako lan politiko hori aitortzeko; bai gerran, bai gerraostean. Gizonak izan ziren, batez ere, frontean borrokan ibili zirenak, baina emakumeen eginkizuna ere ezinbestekoa izan zen gerran. Ez soilik gerra garaian politikan parte hartuz, baita gerora ere, ateen atzean, tradizioz politikoa ez den lana egiten zutelako: zaintza lanak, baloreen transmisioa, familiaren kudeaketa… Hori guztia ez da inoiz politiko kontsideratu, baina faxismoari min ikaragarria egiten zion jardun bat zen.