Ibai Maruri Bilbao
Aspaldian animalien eritasunak bolo-bolo dabiltza. Lehenengo COVID-19 gaitza izan da. Ikertzaileen arabera, animalietatik gizakietara igarotako koronabirus batek eragindakoa da. Eta, orain, mihi urdinaren gaitzaren berri eman dute agintariek. Joan den asteko barikuan iragarri zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak Aiako ustiategi batean agerraldi bat izan dela. Segituan, Gipuzkoako eta Bizkaiko diputazioek herrialde biotako behi eta ardiak txertatzeko erabakia hartu zuten. Halere, guztientzat ez da derrigorrezkoa izango; soilik agerraldia izan den ustiategitik 50 kilometroko erradioan daudenentzat. Bizkaian, Gernika-Lumo, Markina-Xemein eta Igorreko Eskualdeko Nekazaritza Bulegoei dagozkien herriak. Eremu horretatik kanpoko ganaduzainentzat, borondatezkoa izango da behiei eta ardiei txertoa jartzea. Guztira, 47.000 behi eta 56.300 ardi daude Bizkaian erroldatuta, eta horiek guztiak txertatzeko kanpaina diputazioak ordainduko du.
Agintariek argi utzi dute mihi urdinaren kasuan pertsonentzat ez dagoela batere arriskurik: “Lasai kontsumitu daiteke behi edo ardi okela. Gaitza kutsatzeko modu bakarra dago: Culicoides familiako eltxoen ziztada bidez. Gaixotutako animalia bat ziztatu ondoren osasuntsu dagoela ziztatzean kutsatzen da”, ohartarazi du Bizkaiko Foru Aldundiko Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko Saileko komunikazio arloak. Horrez gainera, Euskal Herrian saltzen den haragiak “kontrol zorrotzak” gainditzen dituela esan dute.
Behiei eta ardiei eragiten dieten eritasun nagusiak burzelosia, peripneumonia, leukosia eta tuberkulosia dira. Diputazioak sustatuta, gaixotasun horiek kontrolatzeko kanpainak egiten dira Bizkaian. Horri esker, ustiategi batean halako kasurik dagoen jakin daiteke, eta gaixotasuna beste ustiategi batzuetara hedatzea eragotzi. Hedatzeko modurik errazena salerosketa da; hau da, ustiategi bateko behia beste batera saltzea. Gaur egun, abeltzain gehienek salmenta zuzena egiten dute. Baina oraindik ere badira ferietan erostea gustuko dutenak.
Albaitaria, begirale
Bizkaian salerosketarako modu erregularrean egiten den azoka bakarra Mungiakoa da. COVID-19aren pandemiagatik bertan behera utzita egon den arren, joan den urriaren 18an hasi ziren berriro egiten. Hilean behin antolatzen dute, Mungiako Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak; hileko hirugarren domekan izaten da. Hau da, azarokoa datorren astean egingo dute. Ferialekuaren mantenuaz udala arduratzen da, eta diputazioak abeltzaina bidaltzen du animalien osasuna kontrolpean dagoela bermatzera. Sartu eta irteten diren abereen osasun txartela egunean dagoela egiaztatzen du.
Mungiakora edo jaien aitzakian egin daitezkeen ezohiko azoka berezietara —Urriko Lehen Astelehenera, kasurako— joan aurretik, animalia bakoitzak kontrola pasatu behar du; kontrol horrek azken 30 egunetako batean egina egon behar du. Azterketa horretan, animaliak negatibo eman behar du burzelosia, peripneumonia, leukosia eta tuberkulosia atzemateko probetan.
Azokara iristerakoan, Foru Aldundiaren albaitariak animalia bakoitzaren osasun gida eskatuko dio jabeari. Han agertuko dira zer ustiategitakoa den, nora joango den, zer proba egin dizkioten, zein izan diren emaitzak eta albaitari batek egiaztatuta egon beharko da ez duela gaixotasun kutsagarrien sintomarik.
Mihi urdina ez da kutsakorra. Baina arestian aipatutako 50 kilometroko eremu horretako ganadua ezingo da hilaren 15ean Mungiako feriara joan, salbuespen batzuekin: txertoa jarria dutela edo PCR negatiboa dutela egiaztatu dezaketenak eta azken 15 egunetan desinsektatuak izan direnak.