Sehaska Etxeak auzoari lotutako funtzioa izatea aldarrikatu dute

Sehaska Etxeak auzoari lotutako funtzioa izatea aldarrikatu dute

Peru Azpillaga Diez

Bilbo Zaharreko eraikuntza historiko nagusietariko bat da Sehaska Etxea, auzoko bizitzan garrantzi handia izan duena, eta aurrerantzean ere hala izatea nahi dute bizilagunek. Ez daude pozik BBK fundazioa eraikitzen hasi den nazioarteko ekintzailetza eta pentsamendu zentroarekin. Ez dute uste auzoaren beharrei erantzuten dionik.

1914tik 1916ra bitartean eraiki zuten, testuinguru sozial eta politiko jakin baten erdigunean: meatzaritzari lotutako langile mugimendua bor-bor zegoen garaian. Mikel Etxaburu Bilbo Zaharreko auzo elkarteko kideak azaldu duenez, “garai hartan, protesta handiak egiten zituen langile mugimenduak, batik bat, bizi baldintzak hobetzeko helburuarekin”, eta, aldarrikapen haiei erantzunez, Bilboko udal aurrezki kutxaren ekinbide sozialerako funtsen bidez haurtzaindegi bat eraikitzea erabaki zuten. Hala, Sehaska Etxea Ricardo Bastida arkitektoak diseinatutako proiektu baten emaitza izan zen, meatzarien seme-alabentzako espazio izateko sortua.

Sorreran, Sehaska Etxeak bi solairu zituen arren, 1939. urtean, Bastidak berak diseinatutako beste bat gehitu zioten. Denboraren poderioz, bestelako funtzioak ere bete zituen eraikinak, 2018an itxi zuten arte. “Auzo honetan geratzen den eraikuntza erreferentzial bakarrenetakoa da”, aldarrikatu du Etxaburuk. Langileen familientzako haurtzaindegi izateko jaio zen, eta funtzio hori izan du urte luzeetan. “Auzoaren ezaugarriei eta beharrei erantzuna emateko sortutako proiektua zen; bizitzak hobetzeko aldarriari lotuta”, esan du. Haurtzaindegi zena haur eskola bihurtu zen Sehaska Etxea; 2018an, “birkokapen batzuen ondorioz”, hutsik geratu zen arte. “Hor BBK sartu zen. Haien esku dago eraikina. Aspaldi utzi zion, ordea, aurrezki kutxa bat izateari, eta auzoari lotutako interes sozialak izateari”, dio Etxaburuk.

Azaldu duenez, 2018an BBK-k proiektu parte-hartzaile bat jarri zuen martxan, eraikinaren inguruan proposamen ezberdinak jasotzeko. “Auzoan, hainbat gara uste dugunak Sehaska Etxeak derrigorrean auzoaren beharrizanei lotutako funtzio publiko eta soziala izaten behar duela”. Horregatik, elkarren artean hitz egiten hasi, eta auzoko hainbat eragiletatik proiektu diferenteak aurkeztu zituztela esplikatu du. “Eraikin horren izaerari eusten saiatu behar gara, bere taupada auzoarekin lotutako taupada bat izan dadin”.

Gentrifikazio prozesua

Bilbo Zaharrean, San Frantziskon eta Zabalan instituzio publikoen eta alor pribatuaren aldetik “gentrifikazio prozesu bat bultzatzeko asmoa” dagoela uste du. “Esanguratsuak eta auzoari nortasun historikoa eman dioten elementuak desitxuratzen ari dira, eta, horretarako, urteak martxan daramatzan makineria espekulatibo bat dago”.

Prozesu parte-hartzailearen barruan, hiru egitasmo hautatuko ziren proposamen guztien artean, eta horiek urtebete izango zuten beren proiektua garatzeko. Azkenik, horietako bat hautatu eta hori gauzatuko zen. “Oso prozesu berezia izan da hasieratik”, esan du Etxaburuk. Prozesua aurrera eraman eta sustatzeko “dirutza” inbertitu zutela azpimarratu du. “Proposamenak aurkeztu zirenean, ez genuen berriz ere inolako berririk jaso. Ahaztu egin zen dena, eta auzoko inori ez zitzaion ezer jakinarazi”.

Eta, bat-batean, obrak hasi ziren. Auzokideek BBKri azalpenak eskatu zizkioten. “Tokia husten ari ziren, patrimonioa izorratzen… Ezin genuen sinetsi”. Kontu eske joan zirenean, “azaleko azalpen bat” eman zieten: ekintzaileentzako gune bat, gune sozialak aktibatzeko, nazioartean erreferentea, auzoarekin lotuta… “Baina non dago hor lotura?”, galdetu du Etxaburuk. Auzoaren inguruko “hausnarketarik egin gabe” sortutako proiektua dela esan du. Gainera, auzoan jada martxan dauden ekintzaileentzako espazioak badaudela, dio, kexati. “Non dago auzo honen baldintza ekonomiko, sozial eta kulturalak aintzat hartzen dituen proiektua?”

Horregatik, auzoarentzat onargarria ez den proiektu bat dela nabarmendu du. “Eta zer ez da onargarria? Prozesu parte-hartzaile baten itxura ematea, gero hala ez dena. Hau da, parte hartzearen aitzakian, ustezko zilegitasun bat ematea lehendik pentsatua zuten proiektu bati. Baina hemen ez da prozesurik egon. Ez da iritziak eta ekarpenak emateko aukerarik egon. Ez da, sikiera, proiektu irabazle bat egon; mazedonia bat egin dute handik eta hemendik hartuz, lehenagotik pentsatua zutena egiteko”.

Auzoaren erantzuna

Horri aurre egiteko, antolatu eta auzokideen parte hartzea izango duen “benetako” proiektu parte hartzaile bat aldarrikatu dute, “guztien ahotsak” kontuan hartuko dituena. “Gauzak ondo egin, eta eraikin horren funtzioa auzoaren beharrizanei lotutakoa izatea eskatzen dugu”. Euren auzoa, Euskal Herrian dagoen auzorik “berezienetakoa” dela argudiatu du Etxaburuk. “Aberatsena: kulturalki, linguistikoki, jatorriz; baina baita gehien degradatua ere, eta beharrizan handiekin”.

Mobilizatzeari ekin diote. “Ez dakigu azkenean benetako prozesu parte-hartzaile bat martxan jartzea lortuko dugun, baina pozik gaude, auzokide moduan dugun ardura betetzen ari garelako. Auzo xume bat gara, banku handi baten kontra. Baina auzo borrokalari bat gara, eta mugimendu plural bat osatu dugu”.