Izurtzako Bitaño auzokoek ehiza gunea kentzeko eskatu dute

Izurtzako Bitaño auzokoek ehiza gunea kentzeko eskatu dute

Natalia Salazar Orbe

Urriaren 12an hasi zen ehiza denboraldia Bizkaian, eta urtarrilaren 31ra arte iraungo du. Besteak beste, haitz usoen, mika arrunten eta hegaberen joan-etorriei adi egongo dira goizero ehunka ehiztari. Baina batzuentzako zaletasuna denak ezinegona sortzen die beste batzuei; zenbait kasutan, ehizaren kontra daudelako; beste batzuetan, etxe inguruetan dituztelako ehizan, eta horrek eragozpenak sortzen dizkielako. Bigarren egoera horretan daude Izurtzako Bitaño auzoko bizilagunak, eta sinadurak jaso dituzte aldundiari eskatzeko ehiza gune hori desagerrarazteko.

Dozena bat baserri inguruk osatzen dute Bitaño auzoa. Izurtzako ehiza guneetako bat auzo horretan dago. Bizilagunak kexu dira tiro hotsek abereak ikaratzen dituztelako. Bederatzi baserritako bizilagunek sinatu dute Izurtzako auzo udalera eraman duten eskaera. Handik aldundira bideratuko dute eskaera. Udalak esan du ez dakiela sinadurak jasota diputazioak kasu egingo dion, baina hala espero duela.

Ez da Bitañoko bizilagunak kexatu diren lehenengo aldia izan. Bi urte daramatzate egoera berean. Aurtengoa hirugarrena dutela azaldu du Marieli Urkiza bizilagunak. “Behiak ditut kanpoan, landan. Landa handia da, baina abereak etxe ondora etortzen zaizkit, ehiztariak han puntan tiroka hasten direnean”.

Abere eremuetatik kanpo

Foru aldundiak ezarritako ehiza arauak ekarri ditu gogora, Bitañoko ehiztariak zuzen ez dabiltzala azaltzeko. “Aldundiaren liburuan jartzen du abereak dauden lekuan ezin daitekeela ehizan egin, baina haiei bost axola. Noski, haiek dauden lekuan ez dago behirik, etxe ondora etortzen zaizkigu-eta ikaratuta!”, dio Urkizak. Bere baserrian eta beste bitan pairatzen dute kalterik handiena. “Beste bi baserritara perdigoiak ere iristen zaizkie. Ehiztariok ez dute ezeren ardurarik hartzen”.

Urkizaren baserritik ehiza postura nahikoa distantzia dago. “Ertzaintza etorri zen batean, esan zidan hemen ez direla erortzen perdigoiak. Kontua ez da perdigoiak ez iristea, abereak ditudala baizik. Eta abereak badaude, ezin dute ehiza egin haiek. Besteek bai, baserritik hurbilago dute ehiza postua”.

Ehiza postua ordaintzen duen ehiztari bat harrapatu du behin baino gehiagotan bertan, eta landatik kanpora bidali du. “Eskopeta desmuntatu eta alde egiten du. Baina postua ordainduta daukate. Haiek ez dute errurik. Esaten diot arduradunari esateko gurekin hitz egitera etortzeko, baina ez dator. ‘Ni zuen balkoira joan eta tiroka hasten naiz?’, galdetzen diot. ‘Bada, zuek ere berdin!'”.

Ehiza, basoan

Urkiza ez dago ehizaren kontra. “Nire familiakoak ere ibiltzen dira. Baina basora joaten dira, ez dira ibiltzen hemen, etxe inguruan. Ez nago ehizaren kontra, baina egin dezatela ganadurik ez dagoen lekuan. Hemendik jende asko pasatzen da, gainera”.

Abuztuaz geroztik Izurtzan ibilketa nordikoa egiteko dauden ibilbideetako bat han ingurutik igarotzen da. “Pandemiaz geroztik, jende ugari ibiltzen da hemen paseoan, bidea zoragarria da eta. Baina honela ezin da. Honek Vietnam dirudi. Entzun ezean, sinetsi ere ez egitekoa da”. Eremua horrenbeste oinezkorentzako igarobide bilakatu izanak itxaropenerako leihoa zabaldu die. Izan ere, lehenago ere zuzendu izan dira aldundira eta Arartekora konponbide eske. “Baina ez dute ezer egin”. Sinadurek indarra emango dietela espero dute.