“Ez baduzu nork egin, hiletarik ez egitea zilegi ikusten dut; zertarako?”

“Ez baduzu nork egin, hiletarik ez egitea zilegi ikusten dut; zertarako?”

I. Maruri Bilbao

Erretiroa hartu ostean hasi zen Antropologia ikasten Iñaki Olaizola (Donostia, 1944). Eraldaketak hiltzeko prozesuan: eutanasia, euskal gizartean eztabaidagai tesia defendatu zuen 2011n EHUn, eta gaiari buruzko bi liburu argitaratu ditu Utriusque Vasconiae etxearekin. Azkeneko hamarkadetan gizartea gero eta indibidualagoa izan den arren, azkenaldian berriz ere tribura itzultzeko joera sumatu du, eta, ondorioz, errituek garrantzia hartuko dutela iruditzen zaio.

Egunotan jende asko hilerrietara joango da. Zergatik?

Batzuentzat, bizitzari jarraipena emateko modu bat da. Batzuek gorpuari garrantzia handia ematen diote; pentsatzen dute hor geratzen dela gure zuztarra, gure mamia. Nik badakit pertsona hilda ez dela sekula egongo; hilda ez zara egoten: bazaude edo ez zaude. Hor hezur batzuk geratzen dira. Baina eredu asko daude heriotza ulertzeko. Pertsona batzuek ez dute batere loturarik beraien gorputzarekin. Ez zaie axola zer gertatuko den euren gorpuarekin hildakoan. Familia asko errautsak jasotzera ere ez dira joaten. Badira atxikimendu handia diotenak, eta batere ez diotenak. Sarri gertatzen da askok bizi dutela besteen heriotza, baina gero eta gehiagok norbere heriotza kudeatu nahi du.

Hileta elizkizunen helburu erlijiosoa argia da: hildakoaren alde otoitz egitea. Baina hildakoa bizi izan den komunitate zibilarentzat zer esanahi dute agurrek, izan erlijioso izan zibil?

Nik asko ikertu dut hil den pertsonari egiten diogun ekitaldi hori zer den, eta erantzuna ez dut argi. Omenaldia? Agurra? Agian, ez dugu jakin behar zer den. Kasuan-kasuan ezberdina izan daiteke zentzua, eta zentzu zabal horretan hartu beharko lirateke. Gauzak asko aldatu dira. Adibidez, Donostiako egunkari bateko eskeletan irakurri nuen “nire azken festara gonbidatzen zaitut” esaten zuela gazte hilberriak; fiestuca hitza erabiltzen zuen. Oker gabiltza eredu bakarra bilatu nahi badugu. Pertsonalizatuak izan beharko lukete. Inportantea da non egiten den erritual hori: leku antropologikoak eta leku ez-antropologikoak daude. Zer da leku antropologikoa? Biltzen zaren pertsonen artean gozotasuna eta gertutasuna sortzen den lekua. Hori lortzen ez bada, leku ez- antropologikoa da. Hiletak edo agurrak ezinbestean leku antropologikoetan egin behar dira.

Herrietan hiletak ekitaldi sozialak dira neurri batean. Hori aldatu beharko litzateke, beraz, ekitaldi intimoagoak egiteko?

Nik lehenengo beste zerbait pentsatuko nuke: hileta egin edo ez egin. Ohitu gara derrigor egin behar dela. Baina, horrelako zerbait egiteko, talde soziala behar duzu. Gazteak ere hiltzen dira, baina, nagusiki, adinekoak hiltzen gara. Eta edadeko jende askok ez daukagu talde sozialik. Zeinek antolatuko du? Ehorztetxea etorriko da, baina hori ez da hileta. Nik hileta egin edo ez egin aztertuko nuke. Ez baduzu nork egin, zilegi ikusten dut hiletarik ez egitea. Zertarako? Ez da hain beharrezkoa. Eta, eginda ere, egindakoak sinesgarria izan behar du, pertsonala. Ohitura daukagu hildakoa garbitzeko, ze ona zen esateko. “Kabroia zen!”, esan behar litzateke, halakoa izan bazen. Eta ekitaldian hildakoaren biografia izan behar da oinarria. Horregatik, oso inportantea nork egin behar duen hitzaldia: ezagutzen duen norbait izan behar da. Eta kontuz teatralizazioarekin. Adibidez, hildako batzuek ez dute tristurarik sortzen inguruan; heriotza horrek zama arindu die ingurukoei. Baina badirudi behartuta daudela triste sentitzera. Hori ere aldatu beharko genuke.

Oso gutxi dira ume jaioberriei egiten zaizkien ongietorri ekitaldiak. Hiletak beste hedatuko direla uste duzu?

Idurre Lekuona antropologoa nire laguna da, eta horren inguruan ikertu du. Atsolorra esaten zaio horri. Auzokideek haurrari egiten dioten onespena da, merienda txiki bat. Ez dira lagunak izaten. Auzoko jendeak egiten die. Ereñotzun [Hernani], Oiartzunen eta beste toki batzuetan egiten da. Lehen, etxean erditzen zen ama, eta hor biltzen ziren inguruko emakumeak. Gero, klinikan jaiotzen hasi ginen, eta hori aldatuz joan da. Baina oraindik ere ohartu zaitez jaioberria ingurukoei erakusten zaienean emakume guztiek hartzen dutela besoetan; guztien besoetatik igarotzen da, denek hartu nahi dute. Gizonak aparte geratzen gara. Bada nolabait taldean onartzeko keinu bat: “Nire besoetatik igaro zara”. Nolabait harrera hori hor egon badago oraindik ere. Nik uste dut harrera hori gurasoei ere egin beharko liekeela gizarteak: guraso bihurtzen direnei laguntza eman, alegia.