“Deustuko sifoia ikustera joango gara; ikusgarria dela esaten dute”

“Deustuko sifoia ikustera joango gara; ikusgarria dela esaten dute”

N. S. O.

Begoña Pinedo (Arrigorriaga, 1970) hirugarren urtez aurkeztu da boluntario Open House jardunaldietara, hara doazenei informazioa emateko. Guneak eta eraikinak barrutik ezagutzea erabat merezi duela esan die herritarrei.

Nola bururatu zitzaizun boluntario gisa aurkeztea?

Oso berezia zela iruditu zitzaidan. Nik ez nekien zer zen. Lagun batek azaldu zidan Open House egingo zutela Bilbon. Ez daukat esperientziarik honetan, baina jendeari ekarpena egiteko modua iruditu zitzaidan. Informazioa ematen egoten naiz, jendearekin egotea gustatzen zait-eta.

Bilboko gune batzuk barrutik ezagutzeko aukera ematen du. Zer ikasi duzu zuk?

Gauza ugari. Eraikin pilo bat ezagutu ditugu. Ez dakigu zer ondare daukagun Bilbon. Kanpora joaten garenean, “begira zer eliza polita” edo “begira XVI. mendeko eraikin hau” esaka aritzen gara, liluratuta. Bilbon ere baditugu horrelakoak. Bilboko Elkarte Filarmonikoan egin genuen jaialdirako bilera bat, eta inork ez genekien zer zen, ezta Bilbo erdian horrelakorik genuenik ere. Aurten, Deustuko sifoia ikustera joango gara. Ikusgarria dela esaten dute.

Bitxikeriak ere izango dira.

Bai. Esaterako, niri izugarri gustatu zitzaidan Bizkaia pilotalekua. Berezia da. Kanpotik eraikintzar gris itsusi bat ematen du. Barrua, ordea, beiraz beteta dago; argi ugari sartzen da. Eta hiruzpalau pilotaleku txiki daude; trinketa ere badago. Berezia da, baina aurten ezin da bisitatu. Bilbao Arena ere berezia da. Aldageletan sartu eta dutxetara gerturatu ginenean, pentsatu nuen: ene bada, trikimakoak behar ditut-eta uraren botoiari emateko!

Egunero pasatzen gara leku batzuetatik, baina konturatu ere egin gabe zer dagoen inguruan.

Halaxe da. Bileratxoa egin genuenean, arkitekto bat egon zen gurekin, eta Bilboko Zabalgunearen historia kontatu zigun. Harrituta geratzen zara. Hau Bilbon daukagu? Benetan? Ni hemen bizi naiz, eta ez dakit zer dagoen. Merezi du, erabat. Esperientzia oso polita da.

Zer gomendatuko zenuke aurten ikusteko?

Bilbao Arena eta Deustuko sifoia proposatuko nituzke nik, besteak beste. Aurten Cava etxeak ikustera ere joan nahi dut .