Euskal musikariez gozatzeko aukera, urriko asteburuetan, Galdakaon

Euskal musikariez gozatzeko aukera, urriko asteburuetan, Galdakaon

P. Azpillaga Diez

Zazpigarren urtez jarraian, Musika Bizian egitasmoak Galdakao estaturik gabeko herrietako topagune bilakatzeko asmoa zuen aurten ere. Kortsika, Man uharteak, Frisia, Eskozia… hainbat eta hainbat tokitako ordezkariak batzen ditu Andra Mari dantza taldeak udalaren laguntzaz antolatzen duen musika jaialdiak. Euskal Herriak bezala estaturik ez duten beste hainbat nazio ezagutzera emateko helburuarekin, musika ardatz duen bi eguneko doako egitaraua ontzen dute urtero. Aurten, ordea, bertan behera utzi behar izan dute jaialdia. Haren ordez, Bizi Musika egitasmoa ondu dute.

COVID-19ak galarazi egin du urriko azken asteburuetako nazioarteko jaialdia aurten ere errepikatzea: “Prestatuta geneukana bertan behera utzi behar izan dugu, besteak beste, atzerritik etortzekoak ziren taldeek ezin dutelako etorri”, azaldu du Jon Gomez Garaik, jaialdia antolatzen duen Andra Mari dantza taldeko kideak. Azaldu duenez, aurtengo osasun neurrien ondorioz, orain arteko eredua ere ezin da errepikatu. Izan ere, Musika Bizian jaialdiak estaturik gabeko herrietako bost musika batzen ditu asteburu berean, karpa baten azpian, jende pilaketak sortuz eta kulturen arteko harreman trukaketa helburu izanik. “Ezinezkoa zen aurten formatu berean errepikatzea”, erantsi du Iñigo Hernando Galdakaoko alkateak. Azken urteetan, adibidez, 5.000 pertsona inguru bildu izan ditu jaialdiak asteburu bakarrean; aurtengo osasun neurriak kontuan hartuz, kudeatzeko zailtasun handiak izango lituzkete.

Baina besoak gurutzatuta geratzetik urrun, alternatiba bat topatu dute Andra Marik eta udalak: Bizi Musika kontzertu zikloa. Lau izango dira guztira, eta urriko larunbatetan ari dira eskaintzen. Joan den asteburuan hasi ziren egitarauarekin. Musika Bizian nazioarteko jaialdian ez bezala, Euskal Herrikoak izango dira oraingoan taldeak, baina guztiak sona handikoak: Joseba Tapia, Oreka TX, LauSo eta Izaro igaroko dira oholtzatik.

Hain zuzen ere, Joseba Tapiak eman zion hasiera egitasmoari, joan den zapatuan. Bihar, Oreka Tx laukoteak jarraipena emango dio jaialdiari, 21:00etan, Torrezabaleko Kultur Etxean eskainiko duen kontzertuarekin. Hilaren 24an, Lauso taldeak emanaldi berezi bat egingo du Elexaldeko Andra Mari elizan. Azkenik, 31n, Izaro abeslariak amaiera emango dio kontzertuen zikloari, kultur etxean eskainiko duen kontzertuarekin. Emanaldi guztietako sarrera doakoa izango da, eserlekuak bete arte. Egungo egoerak eskatzen duen segurtasun neurri guztiak beteko dira, eta kontuan izan behar da ikusle kopurua ere behar horretara egokituko dela.

Andra Mari taldeak aspalditik antolatua zuen aurtengo Musika Bizian jaialdia. Azaldu dutenez, ez da erraza izan egoera berrira moldatu eta alternatiba bat topatzea. “Zirrikitu askori irtenbidea emateko elkarlan handia behar izan da”. Hain zuzen, dantza taldeari eskerrak eman dizkio Olaia Parra Galdakaoko Kultura zinegotziak, egindako ahalegin eta lanagatik. Alkateak berak ere erakutsitako “malgutasuna eta egokitzeko gaitasuna” txalotu ditu.

“Denek egindako ahalegina eskertzen dugu. Herri eta erakunde asko bertan behera uzten ari dira kultur ekitaldi guztiak, baina ez da hori gure kasua”, azaldu du Gomezek kontzertu zikloa aurkezteko agerraldian.

Kultura trukea oinarri

Gomezek kontatu duenez, tradizio luzeko dantza taldea da eurena. 65 urte beteko ditu aurten, eta nazioarteko musika eta dantza tradizionalen inguruko munduko jaialdietan parte hartzeko joera izan ohi dute. “Bertan beti dago guretzat jatorri ezezaguna duen talderen bat; halaxe konturatu ginen estatu egiturarik ez duten zenbat herrialde dauden”. Doinuen eta dantzen bidez kultura berriak ezagutu dituzte, eta jasotako aberastasun hori Galdakaora eramatea erabaki zuten, Musika Bizian jaialdi propioaren bidez: “Beste kulturak ezagutuz, gurea ere aberastu egiten delako”.