Berria, baina ezin denak sartu

Berria, baina ezin denak sartu

Zihara Jainaga Larrinaga

Haizeak eta kresalak itsas portuak kaltetzen dituzte; hala, instalazioek iraungitze data jakin bat izaten dute. Mantentze lanak ez dira nahikoa izaten batzuetan, eta berritzea eskatzen dute. Hain zuzen ere, hori gertatu zaio Plentziako portuari. Denboraren poderioz, gabezia asko ditu. Zaharkitutako eta oxidatutako guneak ditu, eta txiki gelditu da egungo eskariari erantzuteko. Hori horrela, Euskadiko Kirol Portuen elkarteak (EPK) eraberritzeko erabakia hartu zuen joan den urtean. Datozen asteetan hasiko dituzte lanak. Domekarako portua hustu egin beharko da, lanak hasteko.

Euskadiko Kirol Portuko zuzendari Edurne Egañak adierazi duenez, helburu nagusia da “instalazio moderno eta egoki bat egitea, betiere ingurumena errespetatzen duena”. Horrez gain, birmoldaketarekin egun dituen 165 plazetatik 208 izatera igaroko da Plentziako portua, eta itxura eraberritua izango du. “Instalazioak erabat zaharkituta daude, eta berritu beharrak daudela ikusi genuen; are gehiago, berritze partziala egin ordez, iruditu zitzaigun askoz hobea zela dena berritzea”. Egañaren arabera, segurtasunari dagokionez, aldea nabarituko da. Hain zuzen, eraberritzea pantalanen kokapena aldatzeko aprobetxatuko dute.

Gaur egun, pantalanak errepidearekiko paraleloan jarrita daude, eta, lanen ostean, perpendikularrean egongo dira. Aitzitik, antolamendua aldatzearen ondorioz, sarbideak ere aldatuko dituzte. “Desberdina eta erosoagoa izango da: sarrerak bi izkinetan egongo dira”, azaldu du Egañak. Javi Onzain Plentziako portuko ontzi jabeen PROA elkarteko presidentearen ustez, leku libre asko zegoen portuan. Orain, berriz, maniobra egitea zailagoa izango da sartzeko eta irteteko, baina atrakaleku gehiago egoteak onurak ekarriko ditu.

Getxora hil batzuetarako

Egañak dioenez, erreformak ez lieke portuko erabiltzaileei eragin beharko, baina ohartarazi du lanek irauten duten bitartean portuan ontziren bat dutenek bertatik kendu beharko dutela: “Askoz hobeto egingo dituzte lanak portua hutsik egonez gero. Prozesua garbiagoa, arrisku gutxiagokoa eta laburragoa izango da”.

Lanek lau hilabete iraungo dutela aurreikusten da, eta denbora tarte horretarako EKPk konponbide bat jarri die erabiltzaileei: Getxon dauden bi portuetako batean utzi ahalko dituzte ontziak. “EPKri ordaintzen dizkieten tarifen barruan egingo dute aldaketa hori, gehiago ordaindu gabe”. Egañak dioenez, momentuz, erabiltzaileek “ondo” hartu dute erabaki hori. “Itsasontzien erdiak inguruk eskatu du Getxora eramateko, eta beste zenbaitek ontzia garabiarekin ateratzeko eskatu dute”. Oraindik ontzia Plentziako portutik atera ez duenak domekara arteko epea du. Eta, dena ondo bidean, martxoaren hasieran izango da portu berria.

Aitzitik, Plentziako portuko erabiltzaileak pozik agertu dira Jaurlaritzak egingo duen eraberritzearekin, atrakaleku gehiago izango dituzte, eta, hain zuzen, erabiltzaileak hori ari ziren eskatzen aspaldian. “PROAko bazkideok bozketa egin genuen, eta, emaitzei dagokienez, gehiengoa portuan pantalan gehiago jartzearen alde agertu zen”, azaldu du Onzainek. Bestalde, asko eskertu dute EKPk erreformak iraungo duen hilabeteetarako hartutako konponbidea. “Printzipioz, jendea pozik dago. Alde horretatik eskerrak baino ezin dizkiegu eman”.

Ibaia bere horretan

Duela urtebete Euskadiko Kirol Portuek hartutako erabakiaren arabera, barne portua eraberritzeaz gain, itsasadarrean dauden ontziak antolatu behar ziren; itsasadarra portuaren kanpoaldean dago. Egañaren arabera, bi proiektu bereiz ziren: “Bi gauza ezberdin dira. Alde batetik, EKPk barne portua eraberritzeko beharra ikusten zuen, erabat zaharkituta dagoelako, eta, behin erreformarekin hasita, ibaia antolatzea ere egokia iruditu zitzaigun”. Baina bigarren proiektuarekin ez ziren ados jarri. Aurkako plataforma bat sortu, eta protestak izan ziren. Hala, bertan behera utzi dute, momentuz. Egañaren esanetan, itsasadarrean baimenik gabeko hainbat ontzi daude, eta modu desordenatuan lotuta. Adostasun batera ezin iritsita, aurrerago erabakiko dute zer egin hor.

PROAkoen arabera, egitasmoa “ez zen txarra”, baina “denen gustukoa” izan behar zen. Konponbide berri baten beharra dagoela gogorarazi dute: “Barneko erreforma ez da nahikoa: leku gehiago behar da. Itsasadarrean soilik 400 ontzitik gora daude, eta portuan erdiek izango dute lekua”. Itsasadarraren proiektua egingo ez balitz, itsasadarra antolatu, eta bertara iristeko zerbitzu bat eskaini beharko litzakeela uste du Onzainek.

Ardantza bidea irekiko dute, lau urteren ostean

2016an, Plentziako Udalak Isuskitzara doan Ardantza bidea moztu zuen, bidearen egoera eskasa ikusita. Bizilagunak irekitzeko borrokatu dira, eta epaitegiak arrazoia eman die. Udalak ordaindu beharko ditu bidea konpontzeko lanak.

Harea eramango dute Isuntzatik Karraspiora

Isuntzak aldaketa nabarmena izan du azken urteotan: harea itsasoaren tokia hartzen ari da. 50.000 metro kubiko harea mugituko dituzte ondoan dagoen Karraspiora, lehengo itxura berreskuratzeko eta harea portura iristea eragozteko.