Ibai Maruri Bilbao
Meatzaldeko abeltzain talde bat eta haien animaliak eskualdean ibili ziren joan den domekan, manifestazioan. Trapagarandik abiatu, Ortuellatik igaro eta Abanton bukatu zuten martxa. Abeltzain horiek tirabirak dituzte Bizkaiko Foru Aldundiarekin: salatu dute ez dietela jabetza publikoko lursailetan bazkatzen uzten. Trianoko mendietan animaliak “konfiskatu” dizkietela ohartarazi dute azken urteetan. Jose Antonio Quintana Zugaztietako (Trapagaran) abeltzain bat da, eta hark ere inguru honetan izaten du ganadua. Domekako manifestaziora deitu zutenetako bat izan da: “Gu ez gaude mendia arautzearen kontra, baina badugu eskubide historiko bat, eta hori errespetatzeko eskatzen dugu. Mendian denok izan beharko genuke lekua: mendizaleek, paseoan dabiltzanek, abeltzainek…”.
Diputazioak akordioa lortu du Ortuellako, Trapagarango eta Abantoko udalekin eta herri bakoitzeko abeltzain elkarte batekin. Quintanak dio “oraintsu” sortu direla, eta bakoitzak “lauzpabost kide baino ez” dituela. Ostera, “hamabost bat” abeltzain dabiltza diputazioarekin gatazkan. Datozen hilabetean izango dituzte hurrengo epaiketak. Izan ere, Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko Sailak bazkatzen topatzen dituen animaliak euren zentrora eroaten dizkie, “garraioa eta mantenua kobratu, 1.200 eurotik gorako isuna jarri, eta bankuko kontuak blokeatu”.
Quintanak azaldu du abeltzain elkarte horiek foru aldundiarekin adostutakoa “onartezina” dela eurentzat. “Elkarte bakoitzari non bazkatu dezaketen zehazten diote, eta gu ez gaude ados. Mendi osoa da bazkarako lekua, beti hala izan delako. Mendiari ezin zaio mugarik ipini”. Hori salatu du, lehenik. Baina, batez ere, akordioaren baldintzetako bat azpimarratu du: “Puntu batean esaten du Bizkaiko Foru Aldundiak gura duenean abeltzainak lursail horietatik atera ditzakeela, eta hori onartezina da guretzat. Izan ere, hori onartuko bagenu, zuzenbide zibilaren esparrutik zuzenbide administratiboarenera igaroko ginateke, eta betidanik izan dugun eskubide historikoa galduko genuke”. Horrez gain, Quintana bera beste puntu batek “amorrarazten” du: “Akordioa sinatu duten abeltzainei esaten die eurak direla lursail horietan beste abeltzain batzuk ez sartzearen arduradun. Eskandalagarria da: auzokideen artean gatazka eta zatiketa egotea du helburu, eta lortu dute gure artean haserrea sortzea”.
“Arazoak konpontzeko”
BIZKAIKO HITZA Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko Sailarekin harremanetan jarri da, eta saila ados dago oreka hori lortzeko helburuarekin. Bizkaiko Foru Aldundiaren jabetzako 500. lursaila da gatazkaren iturburua. 1988an erosi zien meatzaritzako hiru enpresari. Azken bi urteetan eragileekin erabilera arautzen ibili direla zehaztu du Elena Unzuetak, Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko foru diputatuak. Azaldu du hiru arazo konpontzen ahalegindu direla: Gallarta eta Zugaztieta arteko errepidean animaliekin egoten diren auto istripuak, inguruan sortzen diren baso suteak, eta animalien eraginez jolasguneetan egoten diren higiene arazoak. Esan du belardiotan animaliak “kontrolik gabe” ibiltzen direla, eta foru langile batzuk “indarkeria” jasan dutela abeltzainen aldetik euren lana egiten ari zirenean.
Unzuetak ohartarazi du “erabilera okerrak ingurumenean ere kalte” egiten duela. “Konponbidea lortzeko” egin dute akordioa, eta gogorarazi du hiru herriotako edozein abeltzain izan daitekeela elkarte horietako kide. “Elkarteetako kide ez diren abeltzain batzuek lursail horietan sartzen dituzte abereak baimen barik, eta kalte egiten diete elkarteei. Arauak beteta, larratzeko eskubidea bermatuta dago”.