“Oteizaren figurara hurbiltzeko balio izan dit”

“Oteizaren figurara hurbiltzeko balio izan dit”

M. Arteaga

Beñat Ralla musika irakaslea da (Altza, Donostia, 1985), eta Getxoko Arte Eszenikoen jardunaldietan haren emanaldi bat egongo da ikusgai: Esku Harriak: Oteizaren (h)aria. Askotariko diziplinak biltzen ditu ikuskizunak. Jorge Oteiza artistaren iruditegia oinarritzat hartuta, 50 minutuko saioa aurkeztuko dute, hitza, eskultura, dantza, kirola eta espazioa uztartuz. “Diziplinarteko lan eszeniko” gisa definitzen du.

Modu askotan definitzen dute zuen ikuskizuna. Nola deskribatuko zenuke zuk?

Gure ikuskizuna Jorge Oteizaren iruditegia eta hainbat lengoaia artistiko uztartuz osatu den lan eszeniko bat da, diziplinartekoa, hainbat lengoaia nahasten dituena: gorputz mugimenduaren, musikaren, hitzaren eta eszenografia eskultoriko baten bidez.

Esan daiteke Oteizaren omenaldi txiki bat dela?

Nik ez dut inoiz omenaldi bat egitearen ikuspegitik planteatu. Omenaldi bat baino gehiago, Oteizaren figurara hurbiltzeko eta hari buruz ikasteko balio izan dit. Ez da gorazarre egite edo gurtze bat. Erakartzen nauen pertsonaia bat da, eta konturatu nintzen lan eszeniko bat eskaintzea haren figuraz eta ibilbideaz ikasteko aukera bat zela. Oteizari buruz irakurtzen eta arakatzen ibili naiz, eta ikasitakoa sorkuntza bat egiteko baliatu dut.

Ikusleak zer aurkituko du oholtza gainean?

Eremu eszenikoan bost artista aurkituko ditu: eszenografia eskultoriko bat eta zuzeneko musika, modu konbentzionalean eta ez konbentzionalean. Txalaparta esku pilotako pilotekin jotzen dugu. Gorputz mugimendua ere aurkituko du dantza garaikidearen prismatik. Eta hitza bertsolarien bitartez ekartzen dugu.

Bertsolarien hitzen araberakoa da ikuskizuna? Baldintzatu egiten du?

Ez, nolabait lauzpabost momentu eskaintzen zaizkio bertsoari. Momentuko egoera eszenikoa da bertsolariaren gaia: momentuko musika, eszenografia eta mugimendua dira bertsoa botatzeko aitzakia. Ildo beretik, azaroan lan berri bat estreinatuko dugu Donostian: Garaiz: 60 t.m. Denbora ardatz duen lan bat da. Lehengo bertsolarien gisara, ikuskizun berriko saio bakoitzean idazle batek parte hartuko du.

Segurtasun neurri berriek artistengandik urruntzen dute publikoa?

Ez nuke esango hala denik. Hilabeteak daramatzagu maskarekin eta distantziak gorde behar izaten, eta ohitu egin garela pentsatu nahi dut. Nik lehenengo antzerkia maskararekin ikusi nuenean, apur bat deseroso sentitu nintzen; orain barneratuta daukat egoera. Ez dut uste neurri berriek gure emanaldia baldintzatuko dutenik.