Etsaia etxean

Patxo Telleria

Tipo baten eguneroko pribatua heldu da nire eskuetara. Hango pasarte batzuk irakurriko dizkizuet.

Otsailak 10. “Nazka eginda nago. Okerreko botoiari sakatu, eta sisteman, web fatxa xenofobo horietako bat sartu zait. Gutxien espero dudanean, pantailan agertzen zait notizia ustel nazkagarri horietako bat. Ez dakit nola kendu. Tekniko informatiko bati eskatuko diot.”.

Apirilak 26. “Ia bi hilabete tekniko informatikoaren zain. Konfinamendua hasi denetik, topera omen daude. Berdin dio. Berri puta horiek pantailan agertu orduko, ezabatu egiten ditut keinu automatiko batez”.

Maiatzak 8. “Sasi kazetari aluak! Inoiz, tituluak atentzioa eman, eta gainetik ikuskatzen dut berriren bat. Amorrugarria. Orain latinoek omen dute pandemiaren errua. Kabroiak. Latinoak ez, berriemaileak”.

Ekainak 7. “Astebete lanera joan gabe. Kamareroetako batek positiboa eman eta taberna konfinatua dago hamabost egunetarako. Orduak pasatzen ditut etxean, alferrean. Ditxosozko web orrian artikulu luze bat: latino batzuen pisu patera bat izan omen da gure auzoko kutsatzearen sorraldia. Pasatu zait burutik txatean sartu eta egia batzuk esatea, baina ez naiz tranpan erori. Doazela pikutara haiek eta haien fake nazkagarriak”.

Uztailak 21. “Taberna itxi dute. Nagusiak ezin omen dio errentari eutsi. Nik proba kontratua neukanez, ez langabeziarik eta ez ostiarik. Webean pisu paterako argazkiak publikatu dituzte. Dozenaka lagun pega-pega eginda 60 metro karratutan. Nola ez dira kutsatuko?”.

Abuztuak 18. “Ez dut odol txarrik egin nahi, baina, joder, ni errenta pagatu ezinik, eta bitartean hor ikusten ditut, webean eskegitako bideo batean, dozenaka latino errekaren ondoko orubean, barbakoa batean, musukorik gabe, noski. Non daude politikariak?”.

Irailak 10. “Orubetik pasatu naiz. Bachata megafonian topera, eta batzuk saskibaloian, besteak boleybolean edo kartetan edo jan-edanean. Dena oihu eta algara. Argazki bat atera eta webean eskegi dut. Bizpahiru niri segika hasi dira, ea zertan nenbilen. Korrika alde egin dut. Beldurra pasatu dut, baina merezi izan du. Nire argazkiak atsegin mordoa izan ditu”.

Urriak 24. “Talde bat osatu dugu txateoko batzuk. Sarearen bidez baino ez dugu elkar ezagutzen, eta karin-karan elkartzeko proposamena egin du batek. Nik baietz esan dut, ez daukat zeregin handirik eta. Aspaldiko lagunak ikusi ere ez ditut egin lanik gabe geratu nintzenetik. Lagunak ez ziren seinale. Doazela popatik”.

Azaroak 19. “Teknikari informatikoak deitu dit, gaur arratsaldean etxera etortzeko. Hasieran ez nekien zertaz ari zen. Gero gogoratu dut. Ia urtebete geroago! Ez etortzeko esan diot, jada ohitu egin naiz, ez nau molestatzen. Gainera, gaur arratsaldean mobida inportante bat daukat”.

Hori da haren egutegiko azken sarrera. Libreta beltz higatua da. Haren etxeko erregistroan aurkitu zuten, migrante batzuen etxea erretzeko saioaren ostean atxilotua izan eta gero. Munipa batek saldu zidan. Badaki gauza hauek interesatzen zaizkidala, eta ondo kobratu zidan aluak.

Joder, bai. Mundua kabroiez josita dago.