Ibai Maruri Bilbao
Karrantza leku guztietatik aparte dago, baita larrialdi zerbitzuen egoitzetatik ere”. ZIUdun anbulantzia bat dute osasun zentroan eta Udaltzaingoa herrian. Baina, esaterako, suhiltzaileen parke gertukoena 45 bat minutura dute, Zallan. Gehiegi, bizitzak arriskuan daudenean. SOS Karrantzako koordinatzaile Ruben Freireren esanetan, larrialdi bat sortzen denerako haranean bertan aurre egin ahal izateko jendea behar da. Horiek dira elkarteko kide diren hemeretzi boluntarioak. Udalerri handia da haiena, Bizkaiko handiena: Karrantzak 49 landa auzo dauzka, 137 kilometro koadroko eremuan. Azkar mugitzeko gaitasuna behar dute.
Orain arte hamabi boluntario ziren, baina, kide gehiago erakartzeko kanpaina bukatu berritan, egunotan formakuntza jasotzen ari diren zazpi boluntario gehitu zaizkie. Baita Nur txakurrak eta haren gidari Michel Lastrak osatutako bilaketa eta erreskate taldea ere: “Gabezia hori genuen”. Aurtengo uztailean gehitu zitzaien bikotea taldera. “Horrelako zerbitzua eskaintzen duen babes zibileko elkarte bakarra da gurea”, zehaztu du Freirek. Orain arte Kantabrian (Espainia) ibili dira beharrean, eta urteetako esperientzia dute biek. Azken egunetan entrenamenduak eta simulakroak egiten dabiltza haranean zehar, inguruko mendiak eta bailarak ezagutu eta txakurra euretara egokitzeko. “Oso onak dira. Nazioarteko aitortza jaso izan du euren lanak”.
Herriguneko etxe eta lokaletan sor daitezkeen suteetan, baso suteetan edo ibilgailuek su hartzen dutenean, auto istripuetan eta osasun larrialdietan hartzen dute parte SOS Karrantzako boluntarioek. Eusko Jaurlaritzak eta diputazioek larrialdi zerbitzuak berregokitu dituzte. Araudi berriarekin, garai bateko suhiltzaile boluntario taldeak desagertu dira. Bizkaian hainbat herritan izan dira: Karrantzan bertan, euren auzokide Lanestosan, Urduñan, Otxandion eta Bermeon. Esaterako, duela 25 urte inguru sortu zen Karrantzako taldea, lonja batean gordetzen zuten ur kamioi batekin. Bost herriotan, guztira, 50 boluntario inguru dira. Horiek guztiek eskaintzen zuten zerbitzua babes zibileko taldeetan txertatu da orain. Berregituraketa fase horretan dabiltza. Hala, SOS Karrantzako boluntarioen artean suhiltzaile boluntarioak eta babes zibileko kideak daudela zehaztu du Freirek. Sarritan karrantzarrek herriko boluntarioei deitzen diete Eusko Jaurlaritzako SOS Deietara deitu aurretik. Izan ere, telefono zenbaki bat dute herritarren eskura: 692-897174. “Larrialdi zerbitzuen abisua jaso aurretik, gu lanean egon izan gara batzuetan”.
Baliabide gehiago
SOS Karrantzako kideek formakuntza jaso dute, eta etengabeko prestakuntzan daude, baina ez dira profesionalak. Eta horrek eragina du protokoloetan eta jarduteko uneetan. “Sute batean foru suhiltzaileena da suari aurre egiteko eskumena. Baina, haiek iritsi bitartean, guk egiten ditugu lehen lanak. Hori da gure egitekoa”. Sutea sortzen ari denean egin diezaiokete aurre; behin indarra hartu duenean ez dute esku hartzeko baimenik, hori foru suhiltzaileei dagokie-eta. Baso suteetan, gainera, hasieratik suhiltzaile profesionalen esanetara egon behar dute. “Ezin dugu haiek eta basozainak iritsi arte ezer egin”. Udalen eta Bizkaiko Foru Aldundiaren arteko hitzarmen bati esker sortu ziren boluntario talde horiek, eta diputazioak berak hornitzen dizkie materiala eta baliabideak: “Bizkaiko Suhiltzaileak jartzen duen kamioi bat dugu, diputazioak emana”. Berregituraketa horretan aurki sinatuko den akordioari esker, baliabideak hobetuko diren itxaropena dute SOS Karrantzako boluntarioek.
Izan ere, beharrik ez dute falta izaten sekula. Baina uste dute hemeretzi boluntarioko taldearekin moldatuko direla. Freireren esanetan, “gero eta talde handiagoa edukitzea ezin da beti helburu izan”. Aitortu du ona dela boluntario asko edukitzea, baina kopurua baino gehiago kalitatea nahi dute. Hau da, “benetako konpromisoa duten boluntarioak” behar dituzte. Izan ere, kide guztiek euren lana dute, eta lanorduetatik kanpo egiten dute boluntariotza beharra. “Aisialdia sakrifikatzeko prest dagoen jendea behar dugu; larrialdiek ezin dute itxaron”. Adibidez, bera beharrean dagoen orduetan, beste kide batek hartzen du koordinazio lana.
Egoitza bera ere egokitzen ari dira. Aurki zaintza txandak osatzeko moduan antolatuko dira. Joan den asteburuko adibidea ipini du. “Haizeteengatik alerta egoeran egon ginen. Gurea bezalako landa inguru herri batean, ohikoa da haizeak arazoa sortzea. Gure asmoa da horrelakoetan badaezpadako talde bat prest egotea gure egoitzan”. SOS Karrantzakoek gero eta zerbitzu osatuagoa eskaini nahi diete karrantzarrei.